Lagun artean berriketan pasa ohi
dugu, kontu kontari, hitzaspertuan, txatxala-patxalan. Hontaz eta hartaz ematen
dugu denbora txikiteoan, mendi bueltan, otorduetan. Hitza izaten dugu lagunarteko
bidea. Hamaika gai gurutzatuko dira halakoetan, batetik bestera pasaz, batzuetan
lasai, bestetan trumilka. Badira okasioneak, ordea, lasai egon nahi, eta
norbait hasten zaizula auskalo zertaz mintzatzen. Hitzen soinua entzuten duzu,
baina esanahiari kasu handirik egin gabe, besteak kupidarik gabe berbetan
jarraitzen duen bitartean. Zure pentsamendua bere aldetik ari da, bidaiatzen
ahalik eta urrutien. Halako batean, besteari begiratu eta barrutik atera zaizu:
“Hau berriketi tabarra!” Berbalariak une batez atertu du hitz jasa. Ulertu ez
duenaren aurpegi keinua egin du eta isilune labur baten ostean, berbaldiari
eutsi dio.
Kontalaria jende aurrean ari da
istorio bat beste baten ondotik heltzen. Ez da konturatu baina bada denbora
puska bat ikusleen begiradak airean galdurik daudela, pentsamenduak biraka,
beste lekurantz. Hala ere kontalariak berean jarraitzen du, hitzak kateatzen,
kate luzea eta astuna osatuz. Berben soinuak marmarra dira aurrean dituen
belarrietan. Batzuk erlojuak begiratzen ari dira, saiheska. Beste batzuek,
eskua eramaten dute aho zabalera, disimuluan. Eta kontalariak, keinu horiei
guztiei jaramonik egin gabe jarraitzen du bere ele murmurioarekin. Ez du ulertu
kontaketa joan etorriko ekintza dela, elkar trukatzea. Ez du ulertu ez dela
berriketi tabarra.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina