Errotek duten zur txikia da kalaka. Martxan
dagoela kala-kala-kala egiten du etengabe errotak; kala-kala-kala amaigabean mintzatzen
da errota. Kalaka da hitz jario agor ezina, albokoak ernegatu arte egiten ohi
dena. Eta horrela aritzen direnak kalakariak ditugu. Kalakariak kupidarik ez du
ondokoekin, bere kalaka belarria erasotu eta burmuina lehertzeraino sartzen
zaio parean duenari. Errotako kala-kala-kala amaigabe horren pare. Errotako,
ordea, badago gelditzerik, uraren jarioa eten eta akabo kalaka amaigabea. Nola eten,
baina, hitz jarioa kalakariari? Badirudi munduko hiztegi guztiak dituela zur
txiki horren lana hartzen duen mingain haragitsuak. Kalakariak arnasik hartzen
ote duen zalantzak izaten dira; beharbada alboka jotzeko teknika erabiliko du, arnasa
hartzen delarik ere jotzen dela. Kalakariak diren eta ez diren gai guztien
gaineko iritzia du, pasadizorik bitxienak ezagutzen ditu. Kalakariaren ahotik
hitzak ziztu harrigarrian irteten dira, abiadura errekorrak hautsiz. Kalakaria,
kalanbriatsuaren eta kalapitariaren ezpal berekoa da; hirurak elkartuz gero
kalamatika galanta sortuko dute dauden lekuan daudela.
Kontalariaren arrisku handia da
kalakari bihurtzea. Etengabeko hitz jarioan galduta kontatzearen arrazoia
ahaztuz, kontaketaren itsasoan naufrago bihur daiteke. Norabidea erratuta,
hitzen olatuen kulunkan zorabiatuz, ipuinek bere ontzi hondatua kolpatuko dute,
eta azkenak hondora joko du. Zertarako kontatu jakin ezean kala-kala-kala ariko
da kontalaria.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina