Etengabeko hizketaldian dagoen
haurrari deitu ohi zaio berritsua, modu samurrean, sinpatikoan. Grazia egiten
digu haur txiki bat etengabeko jarioan entzutea. Ordea, hizkuntzaren munduan
murgildu eta esan behar horrek irribarretik gogaitzera ere eraman gaitzake,
noiz isilduko ote den ezin jakin. Helduetan ordea, etengabeko kontatze horrek
ez du hain irudi sinpatikoa. Berritsua kuxkuxeroa ere izan baitaiteke, bost
axola zaizkigun gauzetan belarria berotzen diguna, kiskaltzeraino batzutan. Berritsua
berriak etengabe ematen dizkiguna genuke, hamaika pasadizoen kazetari hizlaria.
Hitza hitzetik hortzera darabilen goi mailako kirolaria. Berritsua punk
kontzierto burrunbatsuaren erdian hartaz eta hontaz ariko da burrunbadari muzin
eginez. Irakaslea gelan isilarazten saiatu arren hortz artean jarraituko du
haur berritsua bere marmarra. Berritsua hizkuntzaren gimnasta da, berri
emaileen elitea, filologoen heldu ezineko gailurra, uraren murmurioaren
konpetentzia, aspirinen salmentaren igo arazlea.
Kontalariok ez ote gara berritsuen
intelektualak? Behin baino gehiagotan kontaketa saio batera joandako norbaitek
galdetu ohi du, harrituta, nola egon gaitezke ordu t’erdiz isildu gabe hizketan.
Lagun artean entrenatuta, erantzun ohi dut batzutan, txantxetan. Kontalariok
ahozkotasunaren artearen berritsuak izango gara beharbada. Dena dela, lanketa
handia eskatzen du modu artistikoan kontaketaren atzaparretan publikoa
harrapatzea, berritsukerietan ibili gabe berritsutasunean aritzeko.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina