Goizean goizetik Paraiso tabernan jendearen
joan etorri etengabea zegoen. Gosaltzeko beta hartzen zuten gertuko azokako
langileek eta bezeroek, bestelako lanetara abiatzen ziren langileek, udalekoek
edo goizetik etxetik irten eta zeregin ezberdinetara zihoazenek. Edo kafe bat,
besterik gabe. Barrara gerturako eta kafesnea eskatutakoan Patxi zaharrak beti
galdera bera egiten zuen: “Basoan edo katiluan?”. Ohiturak edo unean uneko
gogoak bideratzen zuen erantzuna. Basoak edo katiluak markatuko zuen egunaren
hasiera, egun horretako gertaerak bilduko ziren ontzi batean edo bestean,
goizeko pasadizoak,… Zenbat istorio ez ziren bilduko katilu haietan.
Kontakatiluak.
Hizkuntza jolasa da, esanahien jolasa.
Hitzak, dantzan bezala, elkartzen dira, aldendu, berriz elkartu, jauzi egin,
biraka ibili, elkar helduta, elkarren ondoan. Bakoitzak bere adiera dakar, elkartzean
beste bat sortuz. Etengabeko eboluzioa, sormen bidaia. Kontakatilua istorioak
gordetzen duen katilua da, eta katilua pertsona da, pertsonak bere baitan baitarama
kontatzeko grina. Kontakatilua hitzaren etengabeko jarioan bizi da; magoak
bezala; handik eta hemendik aterako du pasadizo bat, kontu zahar bat, ateraldi
bat. Esatearen ilusionismoa eskaintzen digu kontakatiluak. Kontuz ibili behar
da ordea, muga ikusezina zeharkatu gabe, gerta baitaiteke kontakatilua
bihurtzea esan behar ez denaren salatari, kuxkuxean aritzea hitz hutsetan
galduta. Orduan, kafesnea katiluan hartu beharren basoan hartuko du.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina