Eskenatokiak 7 metro zabal ditu eta
beste 4 sakonera. Hutsa dago. Ilun. Aretoko argiek eskenatokiaren hustasuna
agerian uzten dute. Publikoak eserlekuetan itxoiten du. Minutu gutxi barru
hasiko da funtzioa. Kontalariak oihalen artean espazio hutsa begiratzen du.
Publikoaren zurrumurrua entzuten du. Kalkulatzen ari da zein izango den lekurik
egokiena agertokian kokatzeko. Zein izango da egingo duen bidea. Zenbat urrats
eman beharko ditu? Fokuen argitan aurreikusi bezala lekutu behar da. Publikoa
sartu aurretik eszenariora irteteko ibilbidea errepikatzen egon da. Antzokia
hutsarekin irudikatu du jendea. Irudikatu du nola hasiko den. Antzoki hutsa
liburu zuria iruditzen zaio. Eta orain, ikuskaria hastear dela, guztia
errepasatu du bere buruan. Kezka larria du ordea; zein izango da esango duen
lehen hitza? Agur soil batekin hasiko da edo ipuin baten hasiera ohiko batekin?
Zein izango une egokia lehen hitza esateko? Ezin du azkarregi hasi, baina ezin
da isilune luze batean galdu. Badaki une egoki bat dagoela, sumatzen den unea,
beti ezberdina dena, ezin entsaiatutakoa. Espazio hutsean barrena abiatutakoan
eta jende aurrean kokatzerakoan, bada une bat, une zehatz bat, lehen hitza
esateko; arnasa hartu eta naturaltasunez, lasaitasunez, ahotik irteten uzten
duena. Hitz horrek, keinu, mugimendu sotil batez lagunduta egongo da, edo ez.
Lehen hitz horrek kontalariaren soinu espazioa iragarriko du.
Itzali dira argiak. Zurrumurruak
isildu. Eskenatokiko argiak piztu dira. Ikuskaria hasi da. Kontalariak arnasa sakon
hartu eta espazio hutsean barneratzen da. Lehen hitza du lagun.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina