Denborak kulunka daramatza gizonak. Izarren pean,
eguzkipean, lainotan. Distantzia balantzariak bizitzaren joan etorriak dira
ostertza amaigabean. Orduen inexistentzian doaz aurrera. Zerua erloju handi bat
da begirada nekatuentzat. Denbora eta eguraldia bat datozen bidaian etorkizuna
oraina da eta iragana etorkizuna. Eta kulunkan doa denbora gizonen joan
etorrian.
Joxe Zabalak ez du erlojurik begiratzen kareletik, zerua
baizik. Eta olatuak. Non eta noiz dagoen jakiteko. Olatuek ontzia jotzen dute,
etengabe, erlojuaren orratzaren pare. Olatu bakoitza ezberdina da, segundo
bakoitza ezberdina den bezala, igarotakoan berriz itzuliko ez dena. Orduen
izarrak dira orratzak. Eta espazioarenak. Noiz dauden. Non dauden. Joxe Zabalak
kareletik denbora begiratzen du, eta ontziarekin batera, aurrera doa.
Herriko kanpandorrean orduro jotzen zuen ezkilak.
Soroetan ez zegoen erlojurik, baina hamabi ezkila kolpe entzundakoan, lanak
utzi eta errezoan hasten ziren. Erlojuak jainkoaren denbora zuen markatzen.
Jende humanoarenak, berriz, naturak. Belarraren haztea, ardien umatzeak,
hostoen jaustea. Goizaldea, goiza, eguerdia, arratsaldea, ilunabarra, gaua.
Ilargi zaharretik berrira. Eguzkiaren bidaia. Kanpandorreko erlojuaren ezkilek
mapa ezberdina marrazten zuten jendearen norabidean. Baina horiek txikitako
oroimenak ziren Joxe Zabalaren baitan. Orain kareletik begira, itsasoaren
taupadan doaz pentsamenduak. Menditik itsasora egin zuen bidaia; denboran
barrena egindakoa ere. Itsasoaren zeharkatzean bezala. Itsasoan ez dago ordua
kolpatuko duen ezkilarik, ez dago orratzik pertsonaren bizitzan biraka.
Errezoak itsasoaren haserrean entzuten dira, isilka, norbere baitarako,
jainkoaren laguntza eske. Naturaren eta jainkoaren arteko borrokaldia.
Hauskorrak dira ontzian ezkutaturik gizonak, ñimiñoak, ahulak. Itxoitea besterik ez dute, borroka noiz amaituko. Itxoitea.
Aspaldian hasia zuen bidaia. Itsasotik zein lehorretik.
Aspaldian otu zitzaion Denboraren Mapa osatzea. Munduan barrena bidaiatu ahal
izateko Lehorreko Mapak zeuden bezala, mugaz, bidez, marraz, norabidez
osaturik, denboraren mapak zergatik ez osatu? Jende humanoa geografia
ezberdinetan haziz eta heziz joan da mundura esnatu zenetik. Basamortuak eta
basoak seinalatu ditu; hiriak eta lurraldeak; bideak eta mugak, guzti horietan
bere burua munduan kokatuz, bere izaera indartuz. Buztinean seinalatu zuen
Babiloniako Nippur, lehen hiri hura, munduaren erdigunea. Ptolomeok inperioaren
zabala zehaztu nahi izan zuen. Kontinenteak osatuz joan ziren. Deskubritu zen
munduaren zabala. Eta konkistatutako lurraldeak markatu ziren. Geografia
fisikoa. Zeharkatu zuen gizakiak itsasoak, eta karta beldurgarriak margotu
zituen, arriskuz eta pizti izugarriekin. Marraztu zituen bide imaginarioak
olatuen gainean, itsas ontziak gal ez zitezen, beraiek mundutik gal ez zitezen.
Urezko eta lurrezko geografietan kokatu zen pertsona humanoa. Bere espazioan
lekutu zen. Espazioan.
Eta guzti horiek errekorritu zituen Joxe Zabalak. Marra
ikusezinak, lurralde amaigabeak. Hautsezko urratsetan, kresalaren magalean. Eta
denbora eman zuen horretan. Denbora luzea. Iraganekoa. Etorkizunekoa. Denbora
bakarra ote ordea?, galde egin zion behin bere buruari. Munduan denbora guztiak
berdinak ote dira? Erloju guztiek bide berdinean ote doaz? Gizakiak bere
geografia irudikatu duen bezala, munduaren espazioan bere lekua seinalatu duen
bezala, zergatik ez kokatu bere burua munduaren denboran? Ideia aspaldikoa
zuen: Denboraren Mapa osatu. Ekialdetik mendebaldera, iparretik hegora,
ezagututako leku urrun eta gertuetako denboraren seinaleak bildu zituen. Esaera,
istorioa, kontakizun eta sinesmenekin betetako paperak eta paperak pilatzen
ziren etxeko ganbarako txokoetan, herrialdez herrialde antolatuak. Kurdistanen,
Txinan, Palestinan, Rif-en eta Ozeanian urteari ongi etorria egin zion, garai
ezberdinetan guztietan. Eguzkia sortzen ikusi zuen, munduaren bestaldean ezkutatzen
zen bitartean. Urtarorik gabeko lekuak ezagutu zituen. Eta erlojuak pilatu
zituen. Era guztietako erlojuak, ordu ezberdinak ematen zituztenak. Marraztu
zituen kanpandorretan zeudenak, etxetako hormetan, kaleetako zutabeetan. Erloju
handiak eta txikiak; koloretsuak, grisak, zenbakidunak, orratz bakarrekoak eta
anitzekoak. Ezkilek kolpatutako orduak entzun zituen eta sirena hotsekin
iragarritakoak. Ikusi zituen langileak fabriketarako bidean euren bizitza
lantegiko ordulariak kontrolatuta. Eta ikusi zituen arbola baten itzalean
etzandakoak, eguneko sargoria noiz igaro zain. Denboraren hamaika bideak eta
bidezidorrak ganbararen lau haizetan barreiatuak zeuden eta hainbeste bidai eta
urteen ondoren lanari ekiteko prest zegoen. Munduko denboraren mapa osatzen
hasteko ordua zen. Nola ordea? Zein euskarri behar zuen? Geografi mapak eskala
ezberdinetan egiten zituzten; zein eskala izan dezake denborak? Denbora
gizakiaren asmakizuna bada, eskala ezberdinetan errepresenta ote daiteke?
Hilabeteak zeramatzan paper, irudi eta erloju artean. Une
oro orduek kolpatzen zuten, munduko denbora ezberdinak gogora ekarriz. Orratzen
pausuak, bihotzaren taupadekin etorri ziren bat. Segundoek bidaia etengabea
egiten zuten bere baitan. Hotzak iragarri zion negua sartu zela. Urteak berea
eman zuela. Kaleko algarek urte zaharren iragarpena egin zioten. Kanpandorreko
erlojuaren kanpaiak urteko azken ordua kolpatzen hasi ziren. Gorputz osoan
sumatzen zituen kolpeak, irmoak. Eta azkenarekin, Denboraren Mapa irudikatu
zuen. Azkenengoak zuen mundurat igorri.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina