Behin saiatu nintzen bilatzen ea zein
ipuinean agertzen zen Printze Urdina, esan nahi dut, zein bertsio
tradizionalean, ez haurrentzat moldatutako edizioetan, edo halakorik. Bilduma
batera jo, bestera jo; Grimm, Perrault, Afanasiev, Barandiaran, Amades, Azkue,
Webster… Ez nuen topatu. Zalantza izan nuen ea ondo begiratu ote nuen, ipuinen
batek ihes egin ote zidan. Baina ezer ez, inondik inora ez nuen topatu
ditxosozko Printze Urdin hori. Jakina, hamaika printze eta printzesa topatu nuen,
errege eta erregina, mutil eta neska pobreak, haur zoritxarreko eta zorioneko,
baina Printze Urdina… Orduan, zein zirrikitutik irristatuko ote zen ahozko
tradizioak utzi dizkigun ipuinetan? Eta Printzesa Arrosak? Tradizioko ipuinetan
ez dira horrela agertzen behintzat. Nork asmatu ote du kolore horiekin janztea?
Polemika piztu da azken asteetan
argitaletxe batek neskentzat eta mutilentzat berezitako ipuin bildumagatik.
Neskentzat arrosa koloreko portadarekin eta mutilentzat urdin kolorekoa.
Argitaletxeak esan du ez dituela edizio gehiago aterako; hala ere, badirela
hiru urte saltzen dituela eta harrera ona izan dutela. Zein irizpide erabili
dute, ordea, editoreek bereizketa horretan? Zein irizpide erabili dute erosleek
liburu horiek erosteko?
Ez dut uste arazoa koloreena denik
bakarrik, are latzago iruditzen zait kontua. Kulturaren merkatuaren legeak
kontsumo gordinean oinarrituz gero, irizpide kritikoak ezabatuz gero, jendarte
ahul, ezjakin eta menpekoa eraikiko dugu. Betaurreko koloretsuak jantzi behar
ditugu, belarri koloretsuak margotu. Merkatuari gure legeak jarri. Printze
Urdina eta Printzesa Arrosa ez dira inon ageri, zin dagizuet.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina