Neskatxak burni bide amaigaberantz
begiratzen du, ondoan dagoenaren eskua hartzen du, eta imajinatzen du han,
urrutian, geltoki bat dagoela beso zabalez eraikirik, bere ametsen besarkatzeko
zain.
2015(e)ko irailaren 18(a), ostirala
Besarkaden geltokia
2015(e)ko irailaren 3(a), osteguna
Haurren gurutzada
Kondairak dio 1212 urtean 30.000 haur Europa zeharkatu zutela mediterraneora heldu eta Jerusalemera joateko asmoz. Marsellara heldu zirenean milaka batzuk baino ez ziren gelditzen, bidean beste milaka gosez hil ondoren. Gelditzen zirenak zazpi itsasuntzi sartu eta itsasoratu ziren. Bik, Sardinia inguruan hondoa jo zuten. Gainontzekoak Alejandriara heldu eta haurrak esklabu gisa saldu zituzten. Hamelingo Txirulariaren ipuinaren sormena nonbait. Histolarialariek diote urte berean milaka gazte eta helduen migrazio izan zela Alemaniatik Europan barrena. Txiroen ibilaldia, gosetuena, leku hobeago baten bila euren lur pobretuetatik haratago. Errealitatea ez da hain Jainkotiarra. Historia istorio bilakatzean zenbat ez ote da ezkutatzen?
Egun milaka lagun dabil bizimodu hobeagoaren bila, gerratik eta gosetik ihes. Ez dago zeharkatu ezineko mugarik, bizia bera ez bada. Zein izango da mende batzuen ostean kontatuko den istorioa? Bernarrd-Henry Levy filosofoa hasi da osatzen. Bere hitzetan migratzaile hauek "askatasunaren kandidatoak dira, gure lurralde desiratuarekin maiteminduak, bere jendarte ereduarekin, bere baloreekin, Europa, Europa oihukatzen dutenak". Hasi dira Hamelingo Txirulariaren ipuin berria osatzen. Horren aurrean zein ipuin kontatuko dugu guk?
2015(e)ko abuztuaren 27(a), osteguna
Saguzaharraren kilimak
Gizonek emakumeei maskarak lapurtu zietenean
boterea hartu zuten. Eta emakume haien alabei sinestarazi zieten horrela izan
zela beti, eta haien alaben alabei, eta alaben alabei… Amazonian kontatzen dute
hilekoa gizonezkoek zutela lehen, euren hamakatan gelditu behar zirelarik zakil
puntatik odola zeriela, emakumeak errekara dibertitzera joaten ziren
bitartean,. Gero aldatu egin zen. Boterea gizonezkoak hartu zuteneko kontu
zaharrak dira. Emakumeenganako bortizkeriarekiko kezka munduko kultur
guztietako ipuinetan agertzen da. Euren emazteak hiltzen eta jaten zituzten
gizonena alde guztietan kontatu izan dira. Ipuin latzak, gertaera bortitz eta
onartezinak salatzen dituztenak. Gizonen boterea emakumeei kalte egiteko
erabili izana salatzen dutenak. Inuiten ipuin batean gizon batek bere emazteak
jaten zituen, baina horietako batek ihes egitea lortu zuen. Etxe batean eman zioten
babesa. Gizona heltzean, etxekoak emakumearen alde daude. Orduan, ezkutatuta
zegoen lekutik irten eta lantza batez emakumeak gizona hiltzen du. Eta fini.
Saguzahar bat gerlari baten arropa
artean sartu eta kilimekin barrez makurrarazi zuen, bere indarra kenduz.
Ordutik emakumeek eta haurrek bakarrik zuten barre egiteko baimena. Herriko
festetan saguzaharrak behar dugu izan. Eta lantza bat?
2015(e)ko abuztuaren 26(a), asteazkena
Lekuen Lilura
Badago nonbait leku
liluragarri bat. Ur gardeneko errekak harrien artean zirimolaka badoa. Zuhaizpeko
murmurio amaigabea. Lasterka. Orduan, atsedena hartzen du, putzu sakonean.
Eguzkiaren argia zuhaitzen artean irristatzen da. Zelai txiki bat. Lasaia. Ur
putzu gardenean sar zaitezke, sentitu uraren hotza udararen beroan. Ondoren,
belar leunean etzan. Eta entzun. Natura entzungo duzu. Bihotzaren taupadak.
Haize epelaren laztana. Pentsamenduek naturaren erritmoan ariko dira. Arnas
sakona. Errekaldean zerbait sumatzen duzu orduan. Belarrean etzanda presentzia
bat nabari duzu. Harrituta ikusi duzu
emakume ederra erreka ondoko harri batean eserita, ile luze gorria urrezko
orraziarekin orrazten. Eguzki izpiek argitasunezko agerraldia jarri dute zure
begiradaren aurrean. Beregana zoaz jakin minak jota.
Uda garaia bidaien eta
esperientzien garaia omen da. Bada, ordea, ia etxetik irteteko aukerarik ez
duena. Badira haurrak karitateko otorduak egiten dituztenak. Badira uda garaia
negu gorria izaten dutenak. Non dira hauen leku liluragarriak? Non lasaitasuna
eta une gozagarria bizitzeko aukera? Karitatea baino, elkartasuna eskaini behar
da. Istorio eder baten eskaintza leku liluragarrietara bidaiatzeko oparia da.
Mundua bestela izan daitekeela imajinatu. Eta aldatu.
GARA egunkarian argitaratuta
2015(e)ko abuztuaren 1(a), larunbata
Oporren iruditeria
Urrutiko hondartza ezezaguna, ur urdin gardenaren epela, itsasertzan eguzki gori erraldoia, haize nagiak azala laztantzen. Denbora geldirik.Une hori baino ez dago. Eguzkia apaltzen doa. Itsasoa kixkaltzen. Eta bizitzak beste zentzu bat hartzen du. Mendi puntatik munduaren zabala oinpean. Lurralde zimurra. Gain honetan harri soilek bizitzaren biluztasuna ekartzen dute gogora. Behean zuhaitzen eremu amaigabea. Eguzkia lur azpiko premura doa, esne eztizko ibaiak argitzera. Hodei zantzuek zeruaren urdina zartatzen dute. Haize leun epelak azala kitzikatzen du. Begi ninietan mundua ageri da. Arnasa geldotzen. Gorputza lurrari lotzen. Goiza beroa luzatzen da, esnatzea luzatuz. Alferkeriak hartu du gorputza, haize beroa gorputz biluzian biltzen da. Denbora desagertu da. Amets gozoetan galtzen da gogoa. Esku batek ondokoaren azala laztantzen du, geldo, arin. Moteltasunak hartzen du mundua.
Oporrek gure iruditeria elikatzen dute. Imajinario horretan gabiltza murgilduta, oroimenaren harira. Kontalariak iruditeri horiek elikatzen ditu, irudimena oporretan jarriz, mundua beste begi batzuen bidez irudikatzeko. Errealitateari aurre egiteko. Oporrek bezala, kontakizunek mundua imajina arazten digute. Zertarako bada oporrak, gero ez badira kontatzen?
2015(e)ko ekainaren 17(a), asteazkena
Ipuinen laztana
Norbait ipuin bat entzuten ari da. Bere ondoan laupabost lagun berdin ari dira. Euren aurrean beste bat istorio liluragarria kontatzen. Agian, ipuinak maitasun istorio ederra darama bere baitan; edo bidaia zoragarria. Agian, neska ausarta bizi da ipuinean eta munduaren beste aldera abiatu da eguzkia esnatzeko asmoz. Edo mutiko malenkoliatsua mundua begiratzen du lehiotik, abentura zoragarriak imajinatuz. Entzuten ari diren lagunek euren ipuin propioa osatzen dute beren baitan. Euren burua ikusten dute gutun ederrak idazten munduaren bestaldean gelditu den maiteari. Imajinatzen dituzte lurralde harrigarriak eta elkartze ahanztezinak. Lagun kontalaria aurrean dute ipuina ahotsean, keinuetan, mugimenduetan biziaraziz. Oporto botila kopa txikietan egiten du bere bidea. Eta, beharbada, esku bat beste esku bat laztantzen ia oharkabeak. Eta laztan leun horietan ipuina batetik bestera igarotzen da, lehen bi entzule zirenak bat bihurtuz. Lagun kontalaria istorioan murgilduta dabil igerian, zetazko irribarreen itsasoan, aurpegi dirdiratsuen argitan. Eta orduan, dena da posible.
Uda partea bidaien aroa izan ohi da, lagun berrien ezagutzea, istorio harrigarriak bizitzekoa. Guztiak geure oroimenean leku bat hartuko dutenak, geure bizitza osoan lagun. Eta nonbait, norbaitekin, norbaiten ipuina entzunez gero, bidaia liluragarria izango dugu. Eta esku baten laztan leuna.
GARA egunkarian argitaratutakoa
GARA egunkarian argitaratutakoa
2015(e)ko ekainaren 2(a), asteartea
24/7
Kontu zaharretan denboraren erabilerak badu ametsen denborarekin zerikusirik. Ez dugu aurkituko ez batean ez bestean, errealitatean bizi dugun denborarekin bateratasunik. Ipuinetan zein ametsetan denborak bere agerpen propioa dauka, denbora fantastikoa dela esan dezakegu, elastikoa, ez logikoa. Baina era berean erreala da bere horretan, benetakoa bezala biziko dugu. Ipuineko protagonistak urtetako bidaia egingo du momentu batean, eta abiatutakoan bezain gazte itzuliko da, denbora bere baitatik pasa izan ez balitz bezala. Ametsetako gertaeretan orduetako edo egunetako iraupena, bost minututakoa izango da esnatzearen denboran, baina benetakoa bezala bizi izan dugu amestu bitartean. Eta kasu batean zein bestean denbora hori gure kontroletik at emango da, eta aldi berean gurea izango da, gure imajinazioarena.
Jonathan Crary irakasle eta idazle estatubatuarrak gogoeta interesagarria egiten du gure existentziaren denboraren kolonizazio merkantilistaren gainean. 24/7 formula aipatzen du( 24 ordu, 7 egun) denboraren edozein tarte merkatu balore gisa hartzearen sinonimo bezala. Aldiz, hortik kanpo uzten du ametsa. "Ametsaren alderik liluragarriena da, berarengatik ezin dela inolako moneta balorerik atera". Ametsak eta ipuinak esango nuke nik. Jende humanook badugu saltzerik ez dagoen zerbait, gure imajinazioaren denbora. Erloju fantastikoaren orratzek errealitatea aldatzeko balio erantsia dute.
GARA egunkarian argitarautakoa
Harpidetu honetara:
Mezuak (Atom)
