Badago nonbait leku
liluragarri bat. Ur gardeneko errekak harrien artean zirimolaka badoa. Zuhaizpeko
murmurio amaigabea. Lasterka. Orduan, atsedena hartzen du, putzu sakonean.
Eguzkiaren argia zuhaitzen artean irristatzen da. Zelai txiki bat. Lasaia. Ur
putzu gardenean sar zaitezke, sentitu uraren hotza udararen beroan. Ondoren,
belar leunean etzan. Eta entzun. Natura entzungo duzu. Bihotzaren taupadak.
Haize epelaren laztana. Pentsamenduek naturaren erritmoan ariko dira. Arnas
sakona. Errekaldean zerbait sumatzen duzu orduan. Belarrean etzanda presentzia
bat nabari duzu. Harrituta ikusi duzu
emakume ederra erreka ondoko harri batean eserita, ile luze gorria urrezko
orraziarekin orrazten. Eguzki izpiek argitasunezko agerraldia jarri dute zure
begiradaren aurrean. Beregana zoaz jakin minak jota.
Uda garaia bidaien eta
esperientzien garaia omen da. Bada, ordea, ia etxetik irteteko aukerarik ez
duena. Badira haurrak karitateko otorduak egiten dituztenak. Badira uda garaia
negu gorria izaten dutenak. Non dira hauen leku liluragarriak? Non lasaitasuna
eta une gozagarria bizitzeko aukera? Karitatea baino, elkartasuna eskaini behar
da. Istorio eder baten eskaintza leku liluragarrietara bidaiatzeko oparia da.
Mundua bestela izan daitekeela imajinatu. Eta aldatu.
GARA egunkarian argitaratuta
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina