2013(e)ko apirilaren 17(a), asteazkena

Zergatik euskaraz


         “XX. .mendeak aromaniarrentzat ekarri zituen (…), batez ere Bulgarian eta Grezian, opresioa, jazarpena eta heriotza: lekuz aldatu zituzten eta ofizialki izen berriak ezarri zizkieten, debekatu zieten publikoki euren hizkuntzan mintzatzea, ezta beren existentziaz ere, euren herri asko sarraskituak izan ziren eta ehunka irakasle, apaiz eta intelektual atxilotuak izan ziren, zigor zelaietan sartuz edo uharte urrutietara eramanaz”. Karl- Markus Gaussek kontatzen digu “Europeos en extinción” liburuan (Poliedro, Julia Lionetti SL edit, Bartzelona 2002). Aromaniarrak, batez ere, Mazedonian bizi dira. Gaur egun, Mazedonian bakarrik onartzen diete nazio izaera. Europako nazio txiki asko bezala, euren kezkarik handiena existentziaren aldarrikapena da.
         Hamaika alditan erantzun behar izaten dugu hizkuntza txiki eta gutxietsitakoak garen hiztunok, existitu nahi izate horren gainean. Zertarako aitzinean iltzatutako hizkuntza txikia erabili, egungo jendarte modernoan benetan “praktikoak” diren hizkuntzen ordez?
Zergatik beraz, ipuinak euskaraz kontatu? Aipatutako existitzearen beharraz baino, kontaketaz arrazoi pare bat emango dut. Mendetan baztertua izan den hizkuntza bere komunikazio baliabideak garatzea litzateke garrantzitsuenetako bat. Euskaraz kontatzeak hizkuntzaren gaineko gogoeta ekarriko du. Bizi dugu jendartean ahozko baliabide komunikatiboetara euskara egokitzeko, ipuin kontaketa tresna liluragarria izateaz gain, eraginkorra ere izan daiteke. Euskaraz kontatzeak geure hizkuntza etorkizunerako bidea egiten lagun dezake.
Bigarren arrazoia ere badago. Gogoa ematen didalako.

2013(e)ko martxoaren 19(a), asteartea

Manifestua


         Ahozko Narrazioak egiteko duen ospakizunik handiena bere garaikidetasunaren aldarria da. Narrazioen sortze eta transmititzea gizakiak bere izatearen kontzientzia hartzen duenetik egin duen jardun intelektual eta, beraz, kulturala, bada ere, egungo garaietan bere izaera artistikoa du ardatz. Beste hainbat sormen adierazpen gisa -literatura, margogintza, antzerkia, dantza…-; berezko espazioa aldarrikatu behar du arte garaikidea den aldetik.
         Tradizioa ez da estutzen duen gerrikoa, garapenerako ikasbidea baizik. Kontalaritza garaikidea hitza esanaren artea izanik ere, bestelako baliabide artistikoak izango ditu bere eskura, ikuskari eszenikoa eskainiz, kontatzearen idealizazio erromantikotik aldenduta, egungo jendarteari jardun artistiko garaikide gisa aurkeztuz.
         Kontalari garaikidea sortzailea da. Bere funtzioa ez da, besterik gabe, kultur tradizio baten jarraitzailea, edo altxor baten zaindaria izatea. Kontalari garaikideak ipuin kontaketa jardun artistiko gisa ulertzen du, zeinetan, kontakizunaren bitartez, bere gogoeta, etiko zein estetikoa, eskaintzen dion publikoari. Eskaintza hori sormen lana da, sormen artistikoa; eta bere horretan hartuko du garrantzia, ez bestelako helburuen lortzeko bide bezala. Ipuin kontaketa garaikideak bere lekua aldarrikatu behar du arte eszenikoen barruan, horrela bakarrik ager baitaiteke bere garrantziarekin, garapenerako urrats egitea ahalbidetuz.
         Martxoaren 20ean ospatzen den Nazioarteko Ahozko Narrazioaren egunean, kontalaritzak aurtengo lemari jarraituz, Fortuna eta Patua, bere izatearen gaineko gogoeta aukera bikaina dauka.

2013(e)ko martxoaren 5(a), asteartea

Kontalaritza eta arkitektura


         Kontatzen den ipuina airean sortzen doa, espazioan. Ezer ez zegoen lekuan soinuek, mugimenduek, keinuek, begiradek hartzen dute lekua, beraien arteko interakzioan narrazioa osatuz. Kontalaria modu egokian uztartzen dituen sortzailea izango da, osagarri bakoitzak behar duen lekuan kokatuz, dagokion funtzioa bete araziz. Kontalaria kontakizunaren arkitektoa bihurtuko da, eraikin horretan barneratzen dena kontalariaren erakutsitako espazioetan lekua hartuz.
Kontaketak baina, bestelako arkitekturak behar ditu ere. Narrazioak osatzen duen eraikina bere edertasunean gozatzeko, ezinbestekoa izango du espazio egokian agertzea. Kontaketa ekintza bakoitzak bere lekua izan beharko du; espazio guztiak ez baitira berdinak, kontaketa guztiak berdinak ez diren bezala. Narrazioaren barne egitura bezain garrantzitsua bihurtuko da espazioaren arkitektura. Espazio fisiko egokien beharra kontalaritzatik kanpoko beste sortzaileekin elkarlanerako beta ematen du.
Beste kontuen artean, hauekin ere aritu ginen Avilan antolatzen den Cuentacuarenta Ahozko narrazio zikloan. Gaztelako hiri horretako Arkitektoen Elkargoa laguntzaile izanik ezinbestez atera da gaia. Bere egoitzan ipuin saioak burutzeaz gain, arkitektura eta ahozko narrazioa hizpide hartuz mahai ingurua antolatu da, arkitektoak eta kontalariak euren burutazioak trukatzeko asmoz. Sormenaren bi arlo, itxuraz zerikusi handirik gabekoak, baina elkarren osagarri izan daitezkeenak; izan ere, pertsonen heziketan eta garapenean eraikin materialak zein inmaterialak bizitzaren kalitatearen erakusgarri bihurtzen baitira
         
         .


.

2013(e)ko otsailaren 6(a), asteazkena

Desagerpenak


         Bernardo Atxagak aipatzen zuen, Obabakoak eta Soinujolearen semea bere liburuak desagertzear dagoen mundu baten islak zirela. Desagerpen horrek gauza asko eramaten ditu berarekin, hitzak esaterako, mundua izendatzeko hitzak. Mundua aldatzen den heinean, hura izendatzeko moduak ere aldatuko dira, berritu. Hasieran arrotz egingo hitzak, aitzina zaharreko nostalgiak jota, onartu ezinezkoak.
         Maiz egin izan dut gogoeta kontalarien izaeraz, existentziaz. Zergatik kontatzen ditugu ipuinak han eta hemen? Zergatik zeharkatzen ditugu errepide bihurriak ipuinak gogoan? Zer funtzio soziala betetzen du ipuin kontalaritzak egungo jendartean? Ez ote dugu aitzinako kontalaritzaren nostalgia poetikoa, askotan epikoa ere bai? Iruditzen zait ipuinak kontatzeak berezko garrantzia beharrean, beste zerbaiti lotuta egon behar duela bere izatearen arrazoia izan dezan. Kontalaritza, aitzineko mundu baten biztanle balitz bezala, desagertzera kondenatua dagoela dirudi. Ipuin kontaketen zaletuak non eta noiz dauka aukera bere gutizia asetzeko? Krisia aipatzen da, baina are arazo larriagoa da. Kontalaritza, kulturako arlo asko bezala, badirudi preszindiblea dela. Zertarako sosak gastatu ipuinak entzuteko? Zertan aberastuko gaitu?
         Kontalaritzak bere funtzio sozialaren gainean gogoeta egin beharra du. Ez da nahikoa aldarrikatzea aurrekontu zabalagoak kulturarentzat. Hanka motz gelditzen da kontatzeko baldintza egokiak eskatzea, bere funtzioa zalantzan badago. Sutondoak, sua beharrean, bitrozeramika dauka, nola, orduan, ipuinak kontatu suaren goxotasuna desagertu bada?

2012(e)ko abenduaren 26(a), asteazkena

Koadernoa


Bada gizon bat nire etxe ondoko farmaziako izkinan eserita. Ia egunero aulki txiki batean jarri ohi da, eskean. Hobe esateko, eskatu gabe eskean. Jendea gora eta behera ondotik pasatzen zaion bitartean, berak, bere aulki txikian eserita, koaderno batean orriak betetzen dihardu, inguruari gehiegi erreparatu gabe, bere baitan bildua. Idazten duena ordea, ez da sormen lana, itxuraz behintzat. Koadernoaren ondoan, belaunetan zabalik, liburu bat dauka. Liburua kopiatzen ematen du denbora. Mantso eta letra txukun batez, liburuaren orriak berridazten pasatzen du goiza. Ze liburu ote da? Zergatik kopiatze hori? Kaleko musikarien moduan bera kaleko kopiatzailea da? Txanpon baten truke solasalditxoa eskainiko al du, liburua aitzaki?
         Aurrekoan, institutu batean nengoela, gaztetxoei azaltzen nien istorio bat asmatu nahi bazuten, kuriositatea ezinbestekoa zela, galderak egin behar zituztela. Istorioak edozein txokotan, izkinetan topa ditzaketela. Egunerokotasunean oharkabean pasatzen zaizkigun hainbat gertaera dago, ustez garrantzirik gabeak. Istorio bat sortzerakoan, badirudi munduko asmakizunik orijinalena egin behar dugula, eta gure baitan biltzen gara horren bila. Besteak harritu nahi ditugu, gure burua harritzen utzi gabe aurretik. Istorio bat asmatu nahi baduzue, esaten nien ikasleei, zentzuak zabalik behar dituzue, gertakari xumeenari ere erreparatu eta horren aurrean galderak egin. Istorioa erantzunen bilaketa horretan topatuko dugu. Eta horrela, istorioa kontatzerakoan, gure harridurarekin harrituko ditugu besteak. Edo ez, auskalo, baina bide hori egin gabe ezin jakin.

2012(e)ko abenduaren 11(a), asteartea

Ganbak


         “Baina ganbekin izan behar du, ez langostinoak edo bestelakorik, ganbak baino ez”. Pere Sans-ek, beste gauzen artean, sukaldaritza liburuak idazten ditu, eta emakume bati jasotako baserriko oilaskoa ganbekin ardo beltzean gozatuak errezetaz ohartarazi zionaz ari zitzaigun. Ez omen zen gustu berdinekoa ateratzen ganbak ordezkatuz. Osagarri bat edo beste erabiltzeak, antzekoak izanik ere, plater bati nortasun aldaketa ematen omen dio. Beharbada norbaitek nahiago luke karabinero eder batzuekin gozatzea gisatua, ganba xume batzuekin baino; baina detaile horrek dastatzearen beste bide batetik eramango du bazkaltiarra. Platera desbirtuatuta geratuko litzateke. Gainera ezingo genuke jakin zein gustua edukiko luke oilaskoa ganbekin egindako elkarketak.
         Ipuinak osagarri ezberdinekin sukaldatzen dira. Kontalari bakoitzak bere errezetak prestatuko ditu, esatearen sukaldari gisa. Inoiz han edo hemen jasotako ipuinaren errezeta izango du esku artean, edo ezpain artean, eta horren prestatzeaz egingo du gogoeta; betiko moduan egin ala berrikuntzak gehitu? Osagai tradizionalei eutsi ala eragin berriei lekua eman? Tradiziotik jasotako ipuinak errezeten antza dute. Aspalditik ekarritako herri sorkuntzak dira, egile ezagunik gabekoak, zapore berezkoak, beren prestatze eta aurkezte bereziarekin, lekuan lekuko aldaerekin. Dena dela, errezeta horiekin bezala, ipuinetan ere kontalari bakoitzak bere bertsioa izango du, baina beti ere batean zein bestean, osagarrien gaineko ezagutza ezinbestekoa da, zein noiz eta nola erabili ez da txatxetakoa. Ez baitira berdinak ganba bat, zigala edo karabineroa.

2012(e)ko irailaren 3(a), astelehena

Kontzientziaz


“Gure mugen kontzientzia da, berez, gure errealitatearen kontzientzia. Etsipenaren eta zalantzaren lainoaren erdian, posible da gauzak aurrez aurre hartzea eta bertatik bertara borrokatu: gure mugetatik abiatuz, baina horiek berak borrokatuz.  
         Hau horrela izanik, konbentzituentzat idatzitako literatura “iraultzailea” bezain desertorea izango da, norbere zilborraren goraipamenerako kontsakratutako literatura kontserbadorea”
         Eduardo Galeanok literaturaren gainean aspaldian idatzitako lerroak dira. Aipuak baino ez diren lerro hauek, gogoeta luzeago baten barnean eginikoak dira, idazleak jendartean bere ofizioaz duen jarrera eta irudia aintzat hartuz. Idazle uruguaiarrari gogoeta lapurtuz, alda dezagun idazlea kontalariagatik, izan ere alde handirik ez baitago, batak letrak paperean jartzen baititu eta besteak hitzak airean. Egin dezagun gogoeta kontalariak egungo krisi eta aldrebeskeri egoeran hartzen duen lekuaz. Kontalariak jendeari mintzatzen zaio irudimenaren lurraldetik, istorioak ekartzen dizkio gogora, kondairak eskaintzen dizkio aurrean duenari irudimenaren bidezidorretan abia dadin. Nora eraman nahiko du ikusle/entzulea? Zein gogoetatik abiatuko da parekoa gogoetan jartzeko? Kontzientziak ernetzearen beharra aipatu ohi da maiz, baina ernaturik al du kontalariak bere kontzientzia? Jendeari mintzatzen zaion kontalaria, bizi duen jendartearen zein lekutik zuzentzen zaio? Beste pasarte batean Galeanok aipatzen du idazleak solaskideak behar dituela, ez miresleak. Kontalariak zer behar du? Etsipenaren eta zalantzaren erdian kulunka, nola heltzen dio etorkizunaren itxaropenari?