Emakume gazte bat plazako aulki batean eseri da. Hego
haizearen leuna eta goizeko eguzki epela gozatzen ditu. Egonean. Sentitu du
emakume edadetu bat esertzen ondoan. Bera bezala, akaso, goiz ederraren
sentitzeko. Orduan, emakume eseri berriaren ahots ahula entzun du. “Badakizu
zertarako kontatzen diren istorioak?”. “Barkatu?”, erantzun dio gazteak.
“Istorioak, zertarako kontatzen diren bai al dakizun”, errepikatu dio. “Ba, ez
dakit, une goxo bat pasatzeko edo”. “Bai, hori ere egia da; baina istorioen
benetako balio da, kontatu duenaren oroimena gordetzea. Halaxe zioen gure amak.
Istorioa gogoratzerakoan hari ikusezin batzuek lotzen zaituzte kontatzailearekin.
Bere ahotsa, bere keinuak, bere arnasa eta begiradak gogoratuko dituzu, eta
horrela, beti izango da zurekin. Hori esaten zigun amak”. Emakume gaztea,
nahigabe, harrapatuta dago ezezagunaren hitzetan. Esku hezurtsuak airean mugitzen
ditu, motel eta begirada airean. Halako batean, berarengana jiratu eta
begietara begiratu du. “Badakizu, Kukubiltxoren ipuina? Gure amak kontatzen
zigun txikitan. Eta oroitzen dudan bakoitzean ama etortzen zait gogora. Bere
irribarrea, bere ahotsaren doinua, bere keinuak, eta baita egiten zuen arroz
esnea ere”. Eta barre txikia egin du. Ipuina kontatzen hasi zaio, eta gazteak
sentitu du emakume harenganako hari ikusezin batzuk sortzen hasi direla. Eta jakin
du, ipuina gogoratzekoan, betirako haren oroimena ekarriko diola. Horretarako
balio dute kontatzen diren istorioek. Hari ikusezinak.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina