Udaberria hastearekin
batera Nazioarteko Kontalaritzaren Eguna ospatu da. Zuhaitzak loratzearekin
batera, hitza loratzearen aldarrikapena. Nazioarteko egun guztiekin gertatzen den
moduan, munduko zoko guztietan ahozko narrazioari gorazarre egin ohi zaio
Martxoaren 20an. Hedabideak horren gainean aritzeko gonbidatuko dituzte
kontalariak, bere ofizioa zertan den galdetuz. Suezian 1991 urtean hasitako
ospakizuna, udaberriaren loraldiari hitzaren loraldia festa bihurtu asmoz, zoko
urrutienera heldu da. Eta kontalariok zein kontaketa zaletuak pozik gaude gure
artea ere Nazioarteko Egunen zerrendan agertzeagatik. Mundu guztian zabaldu da
berria. Mundu guztian? Ez. Badago Europako txokotxo batean oraindik eusten
diotena: Euskal Herria!
Kezkatzekoa da euskal hedabideetan kontagintzarekiko
arreta eskasa. Martxoan bi kontaketa jaialdi egiten dira, bata Bilbon, bestea
Tolosa/Ordizian; bietan euskal kontalari ugari agertzen dira kanpotik
etorritakoekin batera. Proposamen ezberdinak, espazio anitzak, haur eta
helduentzako saioak, nazioarteko beste jaialdietan parte hartutako kontalari
ezagunak, arte eszenikoen parte den arte honen erakusketa interesgarriak.
Aldiz, interes berezia behar da edo ospatzen diren hirietan bizi, jakiteko
beraien existentziaz. Kontaketa saioak askotan kultur agendetan ere ez dute
izaten lekua. Munduko Nazioarteko Ahozko Narrazioaren eguna ospatu berri da eta
udaberria ez bezala, gurean negu gorrian jarraitzen duela hartzen diot antza.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina