2018(e)ko uztailaren 27(a), ostirala

SINKRETISMOA

Gure aitonak kontatzen zuen,  bezperako otoitz ezkilak jo ondoren ezin zela etxetik irten, bestela gaueko jeinuek eramango zintuzten. Hori gertatu omen zitzaion bere herriko, Aranoko, neskatxa bati, eta ez zuten berriro ikusi. Horretan sinesten zuen. Mendaroko taberna batean ipuinak kontatu ondoren, bi gizonekin berriketan hasi eta batek kontatu zidan txikitatik entzun zuela nola, tabernatik gertu zegoen etxe batean, ordurako desagertua, sorgin bat bizi omen zela. Kontatu zidan istorioaren bizpahiru bertsio nekien, eta azken esaera esan aurretik banekien zein izango zen: “Nola liteke gizona eta gorutan?” Eta nola katua eta berbetan?” Ondoan zegoen gizonak baieztatu zuen bertsioa. Euskal Telebistako saioren batean Usurbilgo emakume bat, baserriko sukaldean elkarrizketatu zuten, eta baso bat ur seinalatuta zioen, gauez uzten bazen eta goizean burbuilak agertzen baziren, horrek esan nahi zuen sorginak izan zirela. Edalontziko urean burbuilatxo batzuk ikusten ziren.

Sinkretismoa, bi erlijio bat egitea edo elkar kutsatzea da. Munduko kultura eta herri guztietan bezala euskaldunon artean ere, mendetan garatu diren gure sinismenak eta kultura, ez dira isolatuak egon beste kulturengandik; aitzitik etengabeko harremana eman da, eta harreman horiei esker egin dugu aurrera. Gure orijinaltasuna litzateke, halakorik balego, euskal herri bezala bizirauten jakin izan dugula, gure izatea hamaika kolorez jantziz, izateari utzi gabe. Munduan asko bezala. Horra gure sinkretismoa.

2018(e)ko uztailaren 16(a), astelehena

BOLVORETAS

“Por primeira vez desde que comezara con aquel xogo, o pracer que sentía mentres tiña unha bolboreta na boca prolongouse alén do momento de deixala ir. Mantívose en min tanto tempo como estivo na súa boca.” Tximeleta bat ahoan sartuta haren kilimak sentitu ondoren aske uztea berriro bizitza beraren kilimak sentitzea adieraz dezake. Tximeleta hori gustuko pertsonaren ahora pasatzea hark kilima horiek ere senti dezan, norberaren bizi kilimak elkar banatzea litzateke. Xabier P. Docampo idazle galizarrak hitzen kilimak banatzen eman zuen bizitza. Samurtasunaren hitzak, irudimenaren lurraldetik ekarriak mundua samurragoa egite aldera. Xabierren tximeletak Galizar kulturaren hegaldiak dira, ahoz aho transmititutakoak, literatura aski eder eta oparoarenak. Xabierren ahots kraskatuak, irribarre liluragarriak, etengabeko irakaspenek, istorio harrigarriek eta tartekako “mekaguendios!”-ek, laino, euri, sorgin eta santa compañaren arima zituzten beren baitan. Xabier Galizarra zen, gorputz eta arimaz; idazle, kontalari eta lagun galizarra, eta horregatik unibertsala zen; tximeletak hegan, sasi guztien gainetik, laino guztien azpitik hegan, noranahi heltzen baitira.
Xabier betirako joan zaigula jakiteak krak bat egin digu barnean. Xabierrek hitzen nabigazioan elkartu gaitu euskaldunak eta galizarrak, bi herri txiki, bi hizkuntz baztertu, dagokien lekua eta ezagutza bilatuz. Elkarrenganako ezagutzak eta elkartasunak handi egiten gaitu. Maitaleek ahotik ahora eskaintzen diren tximeletak bezala. Bolvoretas voando dentro de nos.

2018(e)ko ekainaren 28(a), osteguna

Motxilak

Udak bidaien gutizia pizten du; lurralde berrien ezagutzea; abenturen desira; maitasun ezinezkoen itxaropena. Udak motxila abandonatuak berreskuratuko ditu, hautsetatik berreskuratu, abentura nahiak berreskuratzen diren bezala. Motxila nola bete arte bat da. Zer eraman, zer utzi, arintasuna bilatuz, bidaia zamatsua izan ez dadin, esperientzia bizkarrean baino, gogoan bizi dadin. Motxila ez da osagarri soila hastear den esperientzian. Bizitzaren pusken gordelekua bilakatzen da, denboralditxo batez. Arropa, irakurgaiak, bidaia kaiera, agian, argazki makina,... Zenbat gauza ez ote ditugun eramango bidaia motxilan. Motxila gure mundu txikia izango da. Eta itzulitakoan, oroimenak eta bizipenak ekarriko ditugu motxila berrituan. Eta denborak aurrera joan ahala, abenturaren oroimena, kondaira baten antza hartuko; eta motxila zaharra armairu zokoan deskubritutakoan, orduko bizipenak ipuin bihurtuko dira: “Aspaldi batean, urruneko lurralde batean…”

Badira, ordea, motxila txikiak, umilak, haurren tamainakoak. Ustez abentura handiak bizitzeko baliagarriak ez direnak, baina bere barnean hamaika mundu eta esperientzia daramatenak. Abentura humanoetan barneratzeko motxila txikiak. Bidaia luzerako zein ipuin gordetzen dira motxilatxo horietan? Ipuinak lagungarri izango dira errepidearen luzeran, eta, beharbada, abentura bihurtuko dute berez tamalgarria den bidaia. Bederatzi ate zeharkatzeko lagungarriak izango diren ipuinak. Zenbat ipuin daramate motxilako haurrek kartzelarako bidean?

GARA egunkarian argotaratutako zutabea.

2018(e)ko ekainaren 4(a), astelehena

Edabe magikoa


Ipuinak entzutea gustukoa duen helduak gero eta zailago izango du zaletasuna asetzeko. Kontalariek ere zaila izango du helduei bere ikuskaria erakusteko; izan ere, helduentzako kontaketa ikuskariak, anekdota bihurtzen ari dira. Auskalo zein ideia estralurtarragatik, jarraitzen da pentsatzen ipuinak haurren kontuak direla, eta, gainera, gero eta haur txikiagoena. Zergatia asmatzeko  kultur programazioen burutzeak eta zergatiak aztertu beharko lirateke. Zorionez, galoen herrixkaren antzera, badira lekuak eutsi egiten diotenak helduentzat ipuin kontaketa saioak programatzeari. Logroñon, esaterako badira 25 urte, Zarándula taldearen eskutik, La Luna tabernan kontaketa saioak antolatzen dabiltzanak, zailtasunak zailtasun. Zoritxarrez, hala ere, badira amore ematen duten espazioak. Larunbatean kontaketa programazioa bertan behera utzi zen Bartzelonako Harlem ostatuan. Orain dela 21 urte hasi zen Contes i Cuentos taldea hango eta hemengo kontalariak programatzen, berez jazz musika programatzen duen lekuan. Martha Escudero kontalariak eman zion amaiera hainbeste urtetan kalitatezko saioak antolatu izan duen programazioari; bera izan delarik, hain zuzen,horren guztiaren arima eta buru. Los retablos de Román Calvo ikuskariak eman zion amaiera lekuaren ibilbide kontatuari. Ikuskari ederra, Martharen ahotik Mexikoko zaporez jantzia, irribarre fina ateratzen duen horietako. Amaiera ederra, baina tristea, beste leku bat galdu baitu helduentzako kontalaritzak. Edabe magikoa hartu beharko dugu.

2018(e)ko maiatzaren 19(a), larunbata

ZIENTZIA


Argindarrak 300.000 kilometro egiten ditu segundo batean, ez dago unibertsoan abiadura handiagoan mugitzen den ezer. Sinapsiak konektatzen dituen elektrizitateari esker gure pentsamendua bizirik dirau, motel sentitzen dugunean ere, instant bat baino ez da. Ipuin batzuetan zaldi harrigarria hartzen du heroiak, pentsamendua baino biziago korritzen duena, alegia, argindarra baino bizkorrago. Eta burmuina, atsedenik ez duen organoa, etengabeko elektrizitate festa da. Eta festa horretan sortzen dira ipuinak. Burmuina puzzle liluragarria da, altxor kutxa miragarria, ganbara zoragarria. Letrak, irudiak, usainak, oroimenak, desioak, gorrotoak, maitasunak, nekeak, pozak, tristurak…, barreiatuak noiz elkartzeko zain. Ipuina kontatzen hasi aurretik burmuineko sinapsiak hasi dira elkar trukatzen informazioa elektrizitatearen bitartez, hasi dira burmuinaren puzzlearen zatiak handik eta hemendik ekartzen. Aktibitate frenetikoan daude. Ipuina, lehenengo hitza sortu aurretik hasi da. Elektrizitatearen abiaduran kontalariaren burmuinak lehenengo hitza bilatzen du, kanpoko soinuak, usainak, ingurua jaso bitartean. Irudiak handik eta hemendik hasi dira biltzen, oroimenak, sentsazioak. Proteinak, hormonak, bakteriak dantza eroan daude, akelarre festan. Eta hasi da ipuina. Hitzen doinuak uhin luzapen ezberdinetan abiatuko dira entzulearen belarrira, kontalariaren keinuak argiak eramango ditu begietara. Eta entzulearen burmuineko sinapsien festa hasiko da. Elektrizitatea da.  Kontalaritza zientzia da.

2018(e)ko apirilaren 22(a), igandea

ENTRETENIMENDUA

“Uler dezagun entretenimendu hitza. Ez du inondik inora azaltzen barrea, poza, txantxa! (...) Entretenimendua aipatzean ulertu behar dugu antzerkigintzaren itxurazko baliabideak baliatzen dituena (errepresentazioa, dekoratuak, aktoreak, zuzen egiten diren erreplikak…) ikusleen iritziak sendotzeko, iritzi dominanteak direnak, hain zuzen. Halaxe da, etengabe gogoratu behar dugu iritzi dominantearen berezko zera dela mundu guztiaren izpiritua dominatzea.” Halaxe erantzuten zion 2012an, horren gainean galdetzerakoan, Alain Badiouk, filosofo eta antzerkigileak, Nicolas Troug kazetariari, Avignoneko Antzerki Jaialdian antolatutako jende aurreko elkarrizketa batean. Izan ere, aspaldi honetan, kultura aipatzerakoan, erruz entzuten den hitza dugu entretenimendua. Denbora pasako jardunak balira bezala azaltzen dizkigute arte eszenikoak; administrazio publikotik kultur egitarauak iragartzerakoan, batez ere. Denbora pasatzeko proposamen arinak, bizitzaren arazoen aurrean nolabaiteko tregua apur bat eskainiko digutenak. Entretenituko gaituztenak; baina Badiouk ohartarazten gaituen moduan, iritzi dominantearen estalpean ariko direnak. Ez pentsa arazi, ez gogoeta arazi, ez oldar arazi, denbora pasatzen utzi, besterik gabe. Ipuinak kontatzea ere entretenimendu huts gisa azaltzen da gehienetan, denbora pasa polita. Askotan kontalariak berak horrela azaldu ohi du, eta, orduan, iritzi dominanteak gure kontakizuna dominatzen duenean, gure gogoa eta bizitza bera ere dominatu ditu.

2018(e)ko otsailaren 23(a), ostirala

Kontaketan

Bitxia da hizkuntza. Zenbakiak kontatu egiten dira, baina baita ipuinak ere. Ipuin saio batean zenbat istorio kontatu ditugun kontatu dezakegu. Kontatu dezakegu zer kontatu dugun, eta baita ere saioan zenbat jende egon den kontatu. Horrela kontalaria, zientzietako eta letretako pertsona bihurtuko da. Zenbakietan eta letretan murgildurik ibiliko da. Ipuin batean matematika eragiketak edo jokoak egon daitezke ezkutatuak, eta era berean, sistema dezimala azaltzeko istorio bat konta dezake. Zeroaren garrantzia esaterako. Zenbakiak garrantzi handia dute ipuin sinbologian. 3 haur edo 7 izango dira familia batean, ez 2, 4 edo 5. Hamalau, 14, ipuinetako pertsonaia izango da, indartsua, emakume baten eta hartz baten semea. 7 dira ipotxak Edurnezuri ipuinean, Grimm anaien bilduman; baina 13 erraldoietan bihurtuko dira Kataluniako La Tarongeta ipuinean, Joan Amades jasotako bertsioan.

            Eta 2 kontaketa jaialdi abituko dira egunotan Euskal Herrian. 11 kontaketa eta istorio barreiatuko dira han eta hemen. Bilbon Istorio Biziak jaialdiak, Zurbaranbarri eta Castaños auzoak berbetan blai izango ditu. Bertako zein kanpoko kontalariek euren kontaketak eskainiko dituzte; zenbat jende hainbat kontu. Tolosan eta Ordizian berriz, Ahoz Aho jaialdiak konta ezineko hitz zaparradekin bustiko ditu bertaratzen den jende kontagaitza. Matematika txikia osatzen dute, ordea,ipuin kontaketa jaialdiek, helduei zuzendutako saioak bezalaxe. Kontaketan arituta zerotik hurbilago gaude hamaikatik baino.