Bitxia da hizkuntza. Zenbakiak kontatu egiten dira, baina baita ipuinak
ere. Ipuin saio batean zenbat istorio kontatu ditugun kontatu dezakegu. Kontatu
dezakegu zer kontatu dugun, eta baita ere saioan zenbat jende egon den kontatu.
Horrela kontalaria, zientzietako eta letretako pertsona bihurtuko da.
Zenbakietan eta letretan murgildurik ibiliko da. Ipuin batean matematika
eragiketak edo jokoak egon daitezke ezkutatuak, eta era berean, sistema
dezimala azaltzeko istorio bat konta dezake. Zeroaren garrantzia esaterako.
Zenbakiak garrantzi handia dute ipuin sinbologian. 3 haur edo 7 izango dira
familia batean, ez 2, 4 edo 5. Hamalau, 14, ipuinetako pertsonaia izango
da, indartsua, emakume baten eta hartz baten semea. 7 dira ipotxak Edurnezuri
ipuinean, Grimm anaien bilduman; baina 13 erraldoietan bihurtuko dira
Kataluniako La Tarongeta ipuinean, Joan Amades jasotako bertsioan.
Eta 2 kontaketa jaialdi abituko dira egunotan Euskal
Herrian. 11 kontaketa eta istorio barreiatuko dira han eta hemen. Bilbon Istorio
Biziak jaialdiak, Zurbaranbarri eta Castaños auzoak berbetan blai izango
ditu. Bertako zein kanpoko kontalariek euren kontaketak eskainiko dituzte;
zenbat jende hainbat kontu. Tolosan eta Ordizian berriz, Ahoz Aho
jaialdiak konta ezineko hitz zaparradekin bustiko ditu bertaratzen den jende
kontagaitza. Matematika txikia osatzen dute, ordea,ipuin kontaketa jaialdiek,
helduei zuzendutako saioak bezalaxe. Kontaketan arituta zerotik hurbilago gaude
hamaikatik baino.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina