Kontalaritza jaialdira heldu eta
lehenengo gaua Bogotako auzo bateko etxetxo batean eman genuen. “Arratsaldean
elkartze bat egingo dugu gerrak desplazatutako indigena batzuekin, beraiekin
egon berriketan, musika entzuten, nahi duzu etorri?”, esan zidan Hannak, jaialdiaren
antolatzaileak. Nekatuta nengoen bidaiarekin, baina ezin aukera pasatzen utzi,
pentsatuz ordu pare bateko gauza izango zela. “Ez, ez; etortzen bazara gaua
emateko da”. Noiz izango dut halako aukera?-pentsatu nuen; eta nekeak ahaztuta
abiatu ginen, zerekin topatuko nintzen irrikitan. Aldapa gora, eta gora, igo.
Eta gorago, han geneukan hitzordua. Kuadrila ederra elkartu ginen gela
bakarreko etxetxo soil hartan. Mendi aldekoak ziren indigenak, eta gerrak
bultzatu zituen hiriburura. Ez nekien nola pasako nituen orduak han, ezezagunen
artean, egoera berri eta bitxi hartan. Berriketa, indigenak dantza, pasadizoak,
chicha, zerbezak, nire bizitzan hartu dudan arrain zopa bitxiena… Goizean irten
ginen. Autobusa hartu eta hirira jaitsi. Dantzen pauso batzuk eta pasarteak
neramatzan soinean. Hurrengo egunean jaialdiari hasiera eman genion.
Kontatzen aritzeak ate ezezagunak
zeharkatzeko aukera paregabeak eskaintzen ditu. Imajinario arrunt ezberdinetan
murgiltzeko oparia. Kontatzea mundua begiratzea da, ikusitako jaso eta
fantastikaren hitzekin kontatu. Kolonbian, ordea, negarra ari du. Bake
akordioei ezezkoa eman diete. Nola kontatu hori amaigabeko aldaparen amaieran
beren bizilekutik urrun bizirauten dutenei.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina