2010(e)ko martxoaren 29(a), astelehena

Laikotasunaren defentsan

Eman dezagun esaten dudala estralurtarrek jarri gintuztela planeta honetan. Ez hori bakarrik, gainera, orduz geroztik, gu zaintzen dabiltzala eta tarteka bisitalditxo bat egiten digutela. Eman dezagun esaten dudala, gure planeta desagertzen denean, edo desegiten dugunean, beraiek esan bezala biziz gero salbatzera etorriko zaizkigula, beraien bizi lekura eramanez, han bizimodu zoragarria izan dezagun. Baina esan dezadan beste zerbait, alegia, beraietako asko gure artean bizi direla ezkutuan, gutako edozeinen itxura hartuta; eta badirela pertsonak noizean behin euren espazio-untzietara eraman dituztela, eta han nolabaiteko aldaketa genetikoak egin dizkietela.
Jakina, halakorik sinistuko banu, erotzat edo antzeko zerbaitetaz hartuko nindukete. Esango banu, ordea, Jaungoikoa izenez ezagututako goi izaki batek mundua eta bertan dagoen guztia, gu barne, egin zuela eta gutaz kezkaturik bizi dela; esango banu, Jaungoiko horren deia entzun dudala eta berak esandako bidetik abiatuko naizela, gerora zerua izenez ezagututako leku batean zoriontasunean eternitate guztirako bizitzeko; guzti hau esango banu, inork ez ninduke erotzat hartuko. Ez nindukete erotzat hartuko kontatuko banu, Ama Birgina izenarekin ezagututako jainko horren ama agertutako leku batera joan naizela peregrinazioan, eta gaixotasun bat sendatu zaidala hark bedeinkatutako ura edan ondoren. Are gehiago, sinesmen horretaz ezatabaidatuko genukeen, aldeko eta kontrako argudioak jarriz. Ni Jainkoaren existentzia baino, haren inexistentzia frogatu beharko luke nire sinesmenaren irrazionaltasuna defendatuko zuenak.
Zein da ordea bi sinesmenen arteko diferentzia? Zein ero edo arraro izatearen eta pertsona fededuna izatearen ezberdintasuna? Ez ote daude bi sinesmen horiek irrazionaltasunaren muga berdinean? Beharbada dagoen diferentziarik handiena izango da bigarren sinesmena erabat onartua dagoela gure jendartean; bigarrena, berriz, lunatikoen zerbait besterik ez delarik. Izan ere, biak, froga ezineko zerbaitetan oinarritzen diren fedeak ditugu. Fedea frogarik behar ez duen sinesmena den aldetik, norbanakoaren aukeran sartu behar dugu; pentsamenduaren askatasunaren eskubide gisa hartu beharko genuke; hortaz, bakoitzak duen sinesmenaz eta fedeaz eztabaidatzeko orduan ikuspegi honetatik heldu beharko genioke, alegia, pertsonak, pertsona denetik, mundua ulertzeko azaltzen duen gogoetatik.
Zer gertatzen da ordea arlo pertsonal hori gainditzen denean? Zer gertatzen da halako sinesmen irrazional horiek jendartearen antolatze eremura heltzen denean? Aski ongi dakigu, izan ere historiak froga ugari uzten baitizkigu. Pertsona humanoen gainetik dagoen goi mailako inteligentzia froga ezinaren hitzek gure bizitza antolatzeko eta bideratzeko aitzakia erabiltzen denean jendearen askatasuna, debekatuta ez denean, mugatuta gelditzen da. Horixe ikusten dugu gure jendartean Eliza Katolikoak daraman jokaeran, hau da, balore erlijioso batzuetan oinarritutako ikuspegiak guztiei ezarri nahian, inporta gabe balore horiek onartzen diren edo ez. Lotsagarria da oraindik hezkuntza sistematik kanpo ez egotea erlijio ikasgaia; lotsagarria den bezala erlijio katolikoak duen presentzia instituzio publikoetan zein ekitaldi ofizialetan. Guzti honek ez du zerikusirik bakoitzak dituen sinesmenak errespetatzearekin, baizik edozein erlijioaren agerpena arlo pribatuan agertzearekin.
Jakina, errespetu osoz hartu behar dira kristautasunaren eta katolikotasunaren bidetik doazenak, eskubide osoa baitute euren sinesmenak nahi bezala azaltzeko eta defendatzeko. Are gehiago, uste dut euren burua kristautzat hartzen duen jende asko jendarte askeago eta justuago baten alde zintzoki lan egiten ari direla, balore humanista handiak gizarteratuz. Baina, beste gauza bat da egun Erromako Eliza Katolikoak (bere jerarkiaz ari naiz), daraman laikotasunaren kontrako erabateko eraso zuzena. Badirudi hainbat urtetan izandako pribilejioak galtzeko beldur dela. Abortoa, homosexualen ezkontzak, irakaskuntza, dibortzioa..., hainbat gaietan bere balore moralak guztiei ezarri nahian dabil. Onartezina da hori. Eta ez dadila inor nahas, hau ez da sinestunen kontrako zerbait, laikotasunaren aldeko aldarria baizik. Norberak era dezala bere bizitza bere baloreen arabera, bestei kalterik eragiten ez dion bitartean, baina ez dadila saiatu gainontzekoei balore horiek inposatzen.

2010(e)ko martxoaren 21(a), igandea

Ahoz Aho 2010













Hirugarren urtez Ahoz-Aho, Nazioarteko Ahozkotasunaren Jaialdiak, Beterri eta Goierriko partean hitzaren alderik artistikoena erakutsi zuen. Antzokiak, tabernak, liburutegiak eta, nola ez, Asvinenea elkarteko egoitza hartu zituen, zoko ezberdinetatik etorritako artistek euren lana erakus zitzaten. Gipuzkoako Adunan egoitza duen Asvinenea Sorkuntza Artistiko Elkarteak eta Pais Valenciàko Elx-en kokatzen den La Caratula antzerki taldearen elkarlana sendotu da aurten, 2008 urtean hasitako bidea zabaltzen ari direlarik. Elkarlana hori aurtengo emaitza ezusteko ederra izan du Andoaingo Itzalagunearen parte hartzearekin. Jaialdiari beste bultzada bat ematera etorri dira andoaindar kultur aktibista hauek, laguntza izan ezik, dinamika orokorrean zuzenki parte hartuz, eta horrek erakusten du kultur aktibismoa, desagertu baino, pixkanaka berrindartzen ari dela. Eta, jakina, ezin ahaztu Tolosako Bonbereneako jendeak hiru urtetik hona eskaintzen duen laguntza eta harrera ederra.
Kontalaritzari dagokionez aurtengo edizioan euskal kontalariak presentzia handiagoa izan dutela ikusi dugu, ez bakarrik euren saioak erakusten, baina baita ere, jaialdiaren giroan; beste lekuetatik etorritako kontalariekin harremanak uztartuz, artistikoak zein humanoak. Garrantzitsua da oso halako giroa bultzatzea, izan ere jaialdi honen helburuetako bat izan daitekeelako, alegia, ipuin saioak eskaintzeaz gain, arrunt inportantea dena, euskal kontalari zein kontalaritzarentzat erreferente bat bihurtzea. Ipuin jaialdi baten helburuetako bat horixe izan beharko luke, dinamika berriak bultzatzea, erreferentziak markatzea eta kontalaritzaren mugimenduarentzat topaketa lekua bihurtzea.
.

2010(e)ko otsailaren 18(a), osteguna

Jo sabi un conte

Agian ipuin bat kontatzerakoan dagoen gauzarik zailenetakoa hastea izango da. Hasierak emango digu etorriko denaren giroa. Istorioa bera baino lehenago dago hasiera. Entzulearen aurrean jarri. Hitzik oraindik ez da irten zure ahotik, baina komunikazioa hasi da. Begiradak, gorpuztaren mugimenduak, ibilera, keinuak... Gauza asko gertatzen dira ipuina kontatzen hasi aurretik. Kontalariak egoera horretan pentsatzen ari dena, entzule/ikusleak pentsatzen ari dena. Elkarri nolabaiteko erradiografia egiten. Eta lehenengo hitza kontalariaren ahotik irteten denean... Ene! Une zaila bezain liluragarria.
Lehengoan Gaskuñako ipuinak irakurtzen ari nintzela, hasiera ederra topatu nuen: "Jo sabi un conte", Nik ipuin bat dakit. Bere soiltasunean, derrepente mundu bat zabaltzen du hasiera honek: kuriositatearen mundua. Eta orduan entzuleak jakin nahiko du zein ipuin dakizun zuk. Imajinatu egoera. Kontalaria jende aurrean jartzen da. Mantxo irten da eskenatokira. Parez pare ditu ikusleak. Arnasa sakon hartzen du eta dio: "Nik ipuin bat dakit", eta fantasiaren munduaren atea zabaltzen du une horretan. Agian, kontalariak berak ere jakin nahiko du zein ipuin dakien berak; entzulea bihurtuko da kontalaria. Haurraren pare jarriko da kontalaria, zerbait daki eta esan egin nahi du. Eta aurrean duen jendeak jakin nahiko du hain modu sinplean bezain zuzenean aurkeztu duena.
Ipuin bat kontatzen hastea ez da erraza, ez; hala ere ez da hain konplikatua. Sinpletasunean dago kakoa, hurbiltasunean, dakizun hori kontatzeko grinean. Norbaiti zerbait kontatzeko duzunean ez duzu errebuelta bihurrietan ibili behar; zerbait kontatzeko duzula esatea besterik ez duzu, eta orduan bere belarriak, eta begiak, eta zentzu guztiak zabalduko ditu jakinminez.
Eta nik ipuin bat dakit, oso ipuin ederra; baina hori beste batean izango da.

2010(e)ko otsailaren 3(a), asteazkena

VI trobades de narradores i narradors


Seigarren urtez kontalarien topaketak izan genituen urtarrilaren amaieran. Aurten Valentzia aldera jo genuen, Lliria herrira. Euskal Herritik irten euripean eta Valentziara heldutakoan eguzkia nagusi, nahiz eta berorik ez. Baina eguraldiak ez zigun eragotziko asteburu arrunt interesagarria pasatzea. Cadiz, Mondoñedo, Espluges de Francolí, Hondarribia, El Escorial herriak izan dira aurreko bost edizioak Espainiar estatuan bizi garenon kontalarien topaketa lekuak. Beste edizioekin alderatuta, aurtengoan pausu berriak eman direla iruditzen zait. Heldutasun handiagoarekin heldu dizkiegu gaiei eta eztabaidetan somatzen zen partaideok eztabaida gose ginela. Bi gai nagusi izan dira, bilkuretan zein lagunartean, aurtengo protagonistak; alde batetik profesionalizazioa eta beste aldetik kontalarien elkarteak, biak ere antzeko ildotik abaitu direlarik. Lurralde ezberdinetan sortutako elkarteak eta estatu mailan osatu berri den kontalari profesionalen elkartea izpide izateak gogoeta garrantzitsuetarako parada eman digu. Nire ustetan eboluzio baten erakusle dira, izan ere ofizio hau sendotzen ari denaren seinale, aspalditik zetozen kezkak eta dinamikak gorpuzten ari baitira. Jakina, honek ez du esan nahi bide zabaletik goazenik, eztabaidak eta kontrako iritziak agerian baitaude, baina kolektibo bizia dela adierazten dute horiek. Aurrean bide zaila baina era berean interesgarria ikusten dut nik behintzat. Gure esku dago ahalik eta modu onenean bideratzea guztia.



2009(e)ko azaroaren 22(a), igandea

Zapatak


Idatzitakoa norbaitek irakurtzea, hara hor gakoa. Durangoko Euskal Liburu Azoka bertan dugula, seguraski, betiko polemika pitoa agertuko da, alegia: "saldu bai, bai
na irakurri..." Eta urteroko denbora galtze horretan hitzazpertuetan sartuko gara. Tira, agian, normala izango da, nahiz eta aurten liburu elektronikoak konpetentzia egingo dion eztabaiden erresuman. Normala diot izan ere, idatzitakoa irakurri ezean hutsaren hurrengoa gertatzen baita, liburua objetu soila bihurtuz, apalategi ikeatarrean lo. Idatzitakoa argitaratutakoan ere, zenbat irakurlerengana helduko gara, ordea? Idazleak nahiko luke berak idatzitakoa ahalik eta jende gehiena heldu; baina, askotan, liburua argitaletxearen biltegian pilatzen dira, erreziklatzeko ordua heltzen zaien arte.
Antzerkiarekin berriz bestela gertatzen da. Antzerki lan bat idazterakoan ez dira irakurleak bilatzen, ikus-entzuleak baizik. Antzerki lanak izango dira, seguraski, irakurle gutxien duen literatur generoa; horren aurrean baina, bestelako generoekin alderatura jende gehiagora heltzen ohi da. Antzerki lanak ez dira bakardadean ezagutzen, taldean baizik. Antzerki ikusleek batera "irakurtzen" dute egilearen lana, eta honek nolabaiteko konplizitatea sortarazten du beraien artean. Amaieran gainera, inpresioak konpartitu daitezke, nahi izanez gero.
Eta aurrekoan Zapatak bakarrizketa bi egunez segidan eskaini zuten. Eta horrek pozten nau, izan ere gelako bakardadean idatzitako lana bizirik ikustea barne poza sortarazten dit. Seguraski, Ainhoa Alberdi antzezteko prest ez balitz agertu, Jurdana Otxoa bibolinarekin ezinbesteko girotzea jarri eta Ainara Gurrutxaga zuzentzeko lanak hartu, zirriborratutako hitzak karpeta batean geratuko lirateke beratzen. Baina Zarautzeko gaztetxean bildutako ikusleen erreakzioak eta komentarioak, eszenaratzea bezalaxe, ikasbide dira. Liburu batean bere sormen lana ematen duen idazleak zaila izaten du jakitea irakurlearengan sortutako erreakzioak. Antzerkian berriz berehala jakin ohi dituzu. Bestalde, eta hasierako hitzetara itzuliz, testu hori paperean emanik jende gutxirengana helduko zen, baina eszenan jarrita, seguraski askoz jende gehiagok ezagutuko du testua (emanaldiak eginez gero, noski, baina hori beste arazo bat da, orain azalduko ez duguna).
Uste dut euskal literaturak antzerkiaren potentziala ez duela barneratu oraindik. Euskararen defentsan eta garapenean dabiltzanak tresna ederra dauka antzerkian. E-book, internet eta halako tresnen erabilera hitzetik hortzera gabiltzan honetan, hain zaharra den antzerkia baztertzea, baliabide garrantzitsua galtzea litzateke.
Ni, oraingoz, pozik nago, nire neuronatik sortutako zerbait norbaiten interesa ekarri duelako. Nahiz eta meritua erdibana konpartitu aktorea eta zuzendariarekin. Baina bizitza gozatzeko konpartitu egin behar da, ezta?

2009(e)ko azaroaren 4(a), asteazkena

Elkarrizketa



“Egunaren eta entzuleen arabera aukeratzen ditut istorioak”
Kontatzen al dizkizue inork ipuinak? Askorentzat haurtzaroko kontuak dira horiek, baina badira hala uste ez dutenak. Jose Mari Karrere ipuin kontalariaren ustez, ipuinak baloreak eta berezko espazioa ditu.
Txikitan ipuin asko kontatu zizkizutela pentsa liteke. Nondik datorkizu ipuinak kontatzeko zaletasuna?

Ba, ez dakit, ziur aski, horretan lan egin nahi izan dudalako. Batzuetan ez dago logikarik, ezta arrazoi zehatzik ere. Ni, lehenengo, antzerkiarekin hasi nintzen, eta gero ipuinak kontatzen. Ez dut arrazoi zehatz bat izan mundu honetan hasteko; agian, beste zereginik ez nuelako. Egia da asko gustatzen zaidala. Hala suertatu da.

Txikitan, zer motatako ipuinak gustatzen zitzaizkizun gehien? Irakurle ona al zinen?

Zer esan behar dut egia ala gezurra? (kar-kar-kar) Niri txikitan futbolean ibiltzea gustatzen zitzaidan, txabolak egin, auzoko bizimodua... Ez naiz irakurle amorratua izan, inondik ere ez, ezta ikasle on horietakoa ere. Egun ipuinak kontatzen nabilenez, asko irakurri behar dut, ipuinak aukeratzeko, argitaratzen diren gauzak ezagutzeko. Beharbada, inoiz baino praktikoagoa da nire irakurtzeko ohitura.

Zer duzu nahiago ipuinak kontatzea ala entzutea?

Kontalaria ona bada, entzutea nahiago. Bestalde, kontalari gisa giro ona aurkitzen baduzu, disfrutatu egiten duzu ipuinak kontatuz ere. Jendearen arreta lortzeak satisfazio handia ematen du. Biak dira beharrezkoak; ipuinak kontatzen badituzu, entzun ere egin behar dituzu. Entzutea beharrezkoa da ikasteko, biak osagarriak dira.

Noiz eta zer dela eta hasi zinen ipuinak kontatzen? Nola izan zen hasiera hori?

Txapuza bat! (kar-kar-kar) Hasiera gehienak bezala. Kuriositatez hasi nintzen honetan. Koldo Ameztoy aritzen zen orduan ipuin kontalari gisa. Mikel Markez abeslaria ere ezagutzen nuen, eta hau kantatzera joaten zenean, ni berarekin joaten nintzen eta kantuen artean zerbait kontatzen nuen. Horrela, pixkanaka gauzak probatzen dituzu, gustatzen zaizula konturatzen zara, jendea ezagutzen duzu, eta zure burua hobeto prestatu behar duzula ere ohartzen zara. Geroago, helduei ere kontatzen hasi nintzen, ipuinak haurrei bakarrik kontatzen zaizkielako ideia horren alderantzizko bidean. Pixkanaka-pixkanaka, gauza batek bestera eramaten zaitu. Ipuinak kontatzeko bidaiak egiten hasten zara, Espainiara, Portugalera, Kubara, etab. Hori ere gozamen handia da.

Nola egiten duzu ipuinen aukeraketa? Ipuinak idazten al dituzu?

Hau dena gustuaren arabera izaten da. Azken bolada honetan kondaira hiritarretan daukat interesa. Jendearekin hitz egin, kontatzen diren istorioak bildu, kaleko gaien inguruan gogoeta egin eta informazioa biltzea da jorratzen dudan bidea.

Zeintzuk izaten dira zure entzuleak? Eta horien artean, zeintzuk dira entzule onenak?

Entzule onenak entzuten dutenak izaten dira, ezta? Entzulearen eta kontalariaren arteko harremana oso estua da. Kontalariak transmititzen asmatzen duenean entzule onak lortzen ditu. Aldiz, berak nahi duena transmititzea lortzen ez duenean, entzuleak ez dira joko horretan sartzen. Egia da, bestalde, entzuleak prest egon behar duela kontalariaren aurrean, komunikazioa posible izan dadin. Egunaren arabera eta entzuleen arabera aukeratzen ditut istorioak.

Zein hizkuntzatan egiten duzu lan? Zergatik?

Euskaraz gehienetan. Gaztelaniaz ere bai, Euskal Herritik kanpo. Euskal Herrian euskaraz egiten ohi dut, euskarari espazioak ireki behar zaizkiola uste dut. Bestalde, euskaldunok euskaraz lana ongi egin dezakegula frogatu behar dugu.

Kontaketaren lagungarririk erabiltzen al duzu?

Bai, batzuetan bai. Musika, adibidez. Girotu nahi baduzu, musika tresnaren bat erabil dezakezu, edota kandela batzuk. Nolako giroa lortu nahi duzun, halako elementuak erabili behar dituzu. Nolanahi ere, elementu sinpleak erabiltzen ditut beti. Ez da berdina beldurrezko istorio bat gela argi batean edo ia ilunpean, kandelaz argitutako gela batean kontatzea. Girotzeak, beraz, badu bere garrantzia.

Zer pentsatzen duzu egun gazteentzat idazten diren ipuinez?

Beno, ez dakit. Hori zuek esan beharko zenuteke, azken finean, zuentzat idazten dira. Edonola ere, nire ustez, denetik dago, gauza guztietan bezala. Norberak gustukoa duen horri heldu beharko lioke. Egun aukera zabala dago euskaraz irakurtzeko, bai jatorriz euskaraz idatzitakoak, bai itzulpen onak ere.

Ipuinak kontatzeaz gain, zer duzu gustuko? Zeintzuk dira zure zaletasunak?

Nik ezer ez egitea dut gustuko (kar-kar-kar). Lagunekin egotea, idaztea, irakurtzea... Nire lana ere, ia zaletasuna den heinean, zaletasunen zaku horretan dago.

Mikel Rodriguez, Iñigo Perez eta Oihane Gonzalez
Auzoka aldizkarian agertua, Euskararen Donostia

2009(e)ko urriaren 29(a), osteguna

Gaba Beltza

Orain urte batzuk ipuinak kontatzeko gonbidatu ninduten Mutrikun antolatzen hasi ziren "Gaba Beltza" ekitaldietara. Hilen eta arimen ospakizunak aintzakotzat hartuta ekin zioten egitasmoari. Beldurrezko ipuinak kontatzea zen proposamena eta gustura abiatu nintzen. Antolatzaileek kalabaza irribartsuak denda eta tabernetan jartzeko proposamena egin zuten, herritarrek primeran erantzun zutelarik. Hori zela eta, hainbat hritika izan zuten, estatubatuar ohitura bat gurean zabaltzeagatik. Antolatzaileek berriz, behin eta berriro errepikatu zuten ohitura hori gurean ere ematen zela ez hain aspaldi; izan ere herriko zaharrekin hitz eginda, hauek esan zieten garai batean egun hauen bueltan kalabazak baratzetatik lapurtu eta aurpegia egin ondoren kandela bat sartzen ziotela barruan eta gauez kalez kale ibiltzen omen zirela jendea izutzen. Ni ere harrituta gelditu nintzen hori entzutean, ideiarik ez bainuen, nik ere pentsatzen bainuen estatubaturren gauza zela. Harridura handiagoa izan zen, baina, amari halakoa komentatzerakoan, berak ere txikitan ohitura hori ezagutzen eta praktikatzen baitzuen, alegia kalabaza bat hartu, hustu eta aurpegi irribartsu bat egin ondoren kandela bat sartzen omen zioten barnean. Horrek pentsa arazi zidan nola gure ohiturak ahaztu eta baztertzen ditugun kanpotik hartzen ditugularik bestelakoak, modernoak direlakoan gureganatzuz. Azken urtetan zabaltzen ari den Halloween delako ohitura hori kultur uniformizazioaren beste adibide bat baino ez da. Uniformizazio hori gainera erabat mediatizatuta dago hedabideen zein merkatilismoarengatik. Gaba Beltza bezalako ekitaldiak horren kontrako botika ederrak dira, alde batetik ondo pasatzeko aukera ematen digutelako eta, bestetik, aipatu kultur globalizazio horren aurrean, eusteko gunea eskaintzen dutelako. Hustu ditzagun, bada, kalabazak eta irribar argitsuez bete, Gau Beltzean ere.