2009(e)ko urriaren 29(a), osteguna

Gaba Beltza

Orain urte batzuk ipuinak kontatzeko gonbidatu ninduten Mutrikun antolatzen hasi ziren "Gaba Beltza" ekitaldietara. Hilen eta arimen ospakizunak aintzakotzat hartuta ekin zioten egitasmoari. Beldurrezko ipuinak kontatzea zen proposamena eta gustura abiatu nintzen. Antolatzaileek kalabaza irribartsuak denda eta tabernetan jartzeko proposamena egin zuten, herritarrek primeran erantzun zutelarik. Hori zela eta, hainbat hritika izan zuten, estatubatuar ohitura bat gurean zabaltzeagatik. Antolatzaileek berriz, behin eta berriro errepikatu zuten ohitura hori gurean ere ematen zela ez hain aspaldi; izan ere herriko zaharrekin hitz eginda, hauek esan zieten garai batean egun hauen bueltan kalabazak baratzetatik lapurtu eta aurpegia egin ondoren kandela bat sartzen ziotela barruan eta gauez kalez kale ibiltzen omen zirela jendea izutzen. Ni ere harrituta gelditu nintzen hori entzutean, ideiarik ez bainuen, nik ere pentsatzen bainuen estatubaturren gauza zela. Harridura handiagoa izan zen, baina, amari halakoa komentatzerakoan, berak ere txikitan ohitura hori ezagutzen eta praktikatzen baitzuen, alegia kalabaza bat hartu, hustu eta aurpegi irribartsu bat egin ondoren kandela bat sartzen omen zioten barnean. Horrek pentsa arazi zidan nola gure ohiturak ahaztu eta baztertzen ditugun kanpotik hartzen ditugularik bestelakoak, modernoak direlakoan gureganatzuz. Azken urtetan zabaltzen ari den Halloween delako ohitura hori kultur uniformizazioaren beste adibide bat baino ez da. Uniformizazio hori gainera erabat mediatizatuta dago hedabideen zein merkatilismoarengatik. Gaba Beltza bezalako ekitaldiak horren kontrako botika ederrak dira, alde batetik ondo pasatzeko aukera ematen digutelako eta, bestetik, aipatu kultur globalizazio horren aurrean, eusteko gunea eskaintzen dutelako. Hustu ditzagun, bada, kalabazak eta irribar argitsuez bete, Gau Beltzean ere.

2009(e)ko urriaren 27(a), asteartea

Kontatzea eta komunikatzea

Kontalaritza ahozkotasuna da; edo, behintzat, ahozkotasunaren esparru bat. Bien definizioa zaila bezain korapilatsua da, baina, agian horregatik, interesgarria da gogoetarako eskaintzen duen bidea.
Aurrekoan Markinan egon nintzen Boni O'Fogo kontalari kamerundarraren saioa entzuten eta ikusten. Etxetik eta bere kulturatik jasotako tradizio baten jarraitzailea da Boni, kontaketarako abilidadean sumatzen zaiolarik jende aurreko saioetan bezala, zerbeza baten bueltan ere. Aipatu saioa Senegaleri dedikatutako ekitaldien barnean eman zen. Bera kamerundarra izanik ederki argitu zuen zergatik Senegaleko istorioak kontatu behar zituen. Kamerundarra izanagatik batez ere afrikarra zela aipatu zuen, eta hortik aurrera Afrikaren aldeko aldarria izan zen bere saioa. Ahatik, horrek ez zuen ipuin kontaketaren bidea ezabatu indartu baizik. Amaitutakoan, aipatu nion erdi txantxetan, bazirudiela Afrikaren aldeko hitzaldia zirudiela, ipuinekin apaindua, ipuin saio bat baino, baina oso gogokoa izan nuela. Ados etorri ginen biak, ipuin kontaketa ez dela bakarrik ipuin batzuen besterik gabeko agerpena, jendearekin komunikazio jarduna baizik, eta horren barruan ipuinaz gain bestelako bideak jorratzen direla. Digresioak, ipuinak datozen kulturaren azalpenak, kontalariari une horretan etortzen zaizkion komentarioak eta, kasu hoentan, Afrikaren inguruko gorabeherak. Eta inor ez zen dezepzionatuta irten. Izan ere, ipuinak kontatzea komunikatzea da eta horrek emango dio indarra. Kontatzea ez luke bakarrik izan behar, ipuin bat beste baten atzetik botatzea, ikasbidea ere bada, gogoetarako bidea.
Bonik ederki frogatu zigun ipuinak, berekin dakarrela mundu bat. Ipuinek mundu hori ulertzen eta ezagutzen lagunduko digute. Horretarako, ordea, ezinbestekoa da ipuinak kontatzen dituenak, munduan jazotzen diren gertaera harrigarriekin jakinmina izatea, horien gainean gogoeta eginaz. Bestela, lagun batek esan ohi duen moduan, gorringorik gabeko arraultza izango dugu.

2009(e)ko irailaren 28(a), astelehena

Euskal Kontalariak Etxalarren




Laugarren urtez Euskal Herriko kontalariok geure festa ospatu dugu. Ipuinak bezala gure festa hau ibiltaria da eta aurreko hiru urtetan Getxon, Aramaion eta Pasaia Donibanen egon ondoren, aurten Nafaarroa aldera jo dugu. Etxalar herri ederrean irailaren 27an, hogei bat kontalari elkartu ginen herriko txokoetan kontu kontari aritzeko. Ipuin poteoa, orakuloa eta ipuin kontsultorio ia ia klasikoak bihurtzen ari diren proposamenekin batera, bestelako txokoetara ere gerturatu zirenek aukera izan zuten eguerdi polita igarotzeaz gain, euskal kontalaritzaren estilo ezberdinak ezagutzeko. Aurreko edizioekin alderatuta, aurtengo festan eguerdian baino ez ziren izan ipuinak, arratsaldea kontalarien arteko bilkura egiteko aprobetxatu nahi genuen eta. Bilkura horretan egunaren balorazioa egiteaz gaina, datorren urterako proposamenak aztertu ziren. Era berean Euskal Herriko Kontalarien elkarteari bultzada ematea ikusi zen, tresna baliagarria ikusten baita kontalaritzaren gaineko gogoetak eta ekintzak bideratzeko.
Esan bezala festa ederra izan zen, aurrerantzean ere egiteko modukoa. hurrengoan ahalik eta kontalari gehien biltzen saiatuko gara, eta, jakina, beste herri bat modu fantastikoan ezagutzeko aukera emanez.
Azkenik eskerrak ere eman beharra dago bai
udalari zein Altxata herriko kultur elkarteari, beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango baitzen halakorik antolatzea.
Eta hala bazan, hala bedi.









2009(e)ko irailaren 23(a), asteazkena

Kontalarien IV Festa Etxalarren

Bazen Behin… Etxalarren
Euskal Herriko kontalarien IV Jaia
Datorren igandean, irailak 27, Euskal Herriko
Kontalariek ipuinaren laugarren festa antolatu dute
Etxalarren. Euskal Herri osotik etorritako kontalariak
Nafarroako herri xarmanteko karrikan euren ipuinak
eskainiko dituzte txoko ezberdinetan. Era guztietako
ipuinak, estilo ezberdinak, denetariko proposamen
narratiboak ikus ahal izango dira
Euskal Herrian egiten den
Ipuin jaialdi bakarrean. Festa euskal kontalariek antolatua
da Etxalarko udalaren laguntzaz, ipuin kontalaritza
ezagutarazteko asmoarekin batera, jardun artistiko honen
protagonistak ere, kontalariak alegia, kolektibo moduan
agertzeko ere. Helburu nagusi honez gain, hitzaren eta
irudimenaren festa izatea bilatzen da, Etxalarrera
hurbiltzen direnak egun goxo eta entretenigarria pasa
araziz. Era berean Euskal Herriko txokoak beste era batera
ezagutzeko parada ematen du, eta Etx
alarrek eskaintzen
dituen baliabideak, bai herri egituragatik zien historiagatik,
ezin egokiago bihurtzen ditu ipuinaren herria bihurtzeko,
egun batez besterik ez bada.
Euskal Herriko Kontalarien Festak orain lau urte hasi
zuen bere ibilbidea Getxon (Bizkaia). Bigarren edizioa
Aramaion (Araba) ospatu zen, ondoren Pasaia Donibanen
(Gipuzkoa), eta bere asmo ibiltariari jarraituz aurten
Etxalarren (Nafarroa) antolatu da. Ipuinak ezagutzearekin
batera euskal lurralde ezberdinak ezagutzea da helburu,
ipuinak ez baitira leku bakarrean finkatzen ezker eta eskuin
mugitzen baitira.
Euskal Herriko Kontalariak festa honekin ipuin
kontalaritza ezagutzera eman nahi dugu bere alde
ezberdinetan. Bestalde ipuin kontalariak kulturaren eta arte
eszenikoen beste alde bat bezala bisualizatu nahi ditugu,
askotan ia-ia ezkutuan eta ez ezagutzan mugitzen baikara.
Ipuin kontalaritzan txoko askotara heltzen ari da baina
maiz behar ez bezalako balditzetan, horrek dakarren
kaltearekin geure lana ezagutzera ematerakoan. Egun
honetan ere lan baldintza egokiagoak aldarrikatu nahi
ditugu, ipuin kontalarien izaera sortzailea eta artistikoa
erreibindikatuz. Ipuinak kontatzea denboran galtzen den
jardun bat da, baina honek ez du esan nahi jardun estatiko
denik, aitzitik, dinamismo izugarria erakusten du, hamaika
estilo ezberdinak jorratzen direla eta proposamen artistiko
anitzak eskainiz. Horixe erakutsi nahi da egun honetan,
beti ere hitza eta irudimena protagonistak izanik.
Egitaraua
10'3011'
30: Kontalarien etorrera eta kafea
11’30: Alkatearen agurra eta Festaren aurkezpena, frontoian.
12’0014'
00: Hainbat ipuin ekitaldi herrian:
· Elizako arkupean
· Eskola Zaharreko arkupean
· Kultur Etxeko arkupean
· Iñarretako Gurutzean
· eta gehiago...
14’30: Bazkaria
17'00: Kontalariak elkarteko bilera

2009(e)ko ekainaren 23(a), asteartea

EZTENA. Antzerki egunak

EZTENA izena duten teatro egunak antolatu ditu Mikelazulo kultur elkarteak Errenteria/Oreretan. Helburua egun batzuetan zehar antzergileen arteko elkargune bat osatzea da, lanak erakusteko, ekintza komunak egiteko, lagunarteko giroan egoteko, kezkak, ideiak eta teknikak elkar aldatzeko... Antzerkiak, eta sormenak oro har, oraindik behar dituelako komunikaziorako eta elkar topatzeko guneak... teatroaren magia ilun-argiak zipriztindurik!

EZTENA teatro egunak

Mikelazulo kultur elkartea

Errenteria/Orereta

Ekainak 25

19:00 Hitzaldia: Alfonso Sastre “Un teatro nacional vasco”.

21:00 Antzezlana: “Zapatak”. Testua: Joxe Mari Carrere. Aktorea: Ainhoa Alberdi. Musika: Jurdana Otxoa. Zuzendaritza: Ainara Gurrutxaga.

Ekainak 26

20:00 Testuaren aurkezpena: “Munduko jakintsurik tontoena”. Egilea: Oier Guillan, Inaxito Albisurekin elkarlanean. BATBADA proiektuaren barruan argitaratuko da.

22:30 Piezak, esperimentazio gunea.

Ekainak 27

12:00 “Pertsonaiak kalean”. Herriko erdigunean. Parte hartzaileak: Gilkitxaro, Lakrikun, Labea…

14:00 Bazkaria, topagunea eta solasaldia: “Egungo antzerkilarien bizipenak”. (Txintxarri elkartean. Izena eman daiteke osteguna baino lehen 943 517002 telefonoan).

18:00 “Greban gaude” Lakrikun taldearen eskutik.

20:30 “Pepino ustelak (hozkailuan)” J.B. Pedradas-en eskutik.

Ekainak 28

19:00 Hitzaldia: Borja Ruiz. “Aktorea XX. Mendean: teknika estestikaren bila” eta “Kabiako esperientzia”.

Ondoren Iosu Florentinok Joseba Sarrionandiaren poemetan oinarritutako “Zaramalogia” pieza laburra eskainiko

EZTENA parte hartzaileak

Antolakuntzatik gure esker ona adierazi nahi diegu parte hartzaile guztiei, elkargune hau antolatzeko azaldu duten borondateagatik eta interes biziagatik, eta batez ere urte osoan zehar sormenaren arloan egiten duten lanagatik.

ALFONSO SASTRE (Madril 1926) Idazlea. Anzterki egilea da batez ere, baina saiakera, nobela eta poesia ere bere sormen lanaren aldeak dira. Ezinbesteko erreferentzia da anzterkiaz aritzerakoan. Frankismo garaian bere lanak zentsuratuak izan ziren etengabe. Hamaika sari jaso izan ditu, horien artean Espainiako Literatur Sari Nazionala eta Antzerki Sari Nazionala. Idazten jarraitzen du Hondarribiako bere etxetik, konpromiso politikoa baztertu gabe.

www.sastre-forest.com

ZAPATAK antzezlana:

JOXEMARI CARRERE. Ipuin kontalaria eta aktorea. Hamasei urterekin anzterkian hasia. Hainbat anzterki talde profesionaletan lan egindakoa. 1992'tik ipuin kontaketan ari da. Herrialde ezberdinetan erakutsi ditu bere lanak: Portugal Esainia, Kuba, Venezuela, Paraguay. Kazetaritza kolaborarioak ere egiten ditu.

AINHOA ALBERDI. Psikologian lizentziatua da, eta psikoterapeuta teknika bioenergetiko eta gestaltikoetan. Bi seme-alabaren ama da. Antzerkiari lotuta egin du bizitza osoa, eta hainbat talde eta proiektutan hartu du parte. Zuzendari lanetan ere aritu da Gernikaren heriotza, Txikago kluba (kale antzerkia), Marmarrak (bakarrizketa)… eta beste hainbat obratan. Zarauzko Alproja taldeko kide da 1995. urtetik (azkenaldian “Eta Karmele?” antzezlanean ikusi ahal izan dugu), baita Kalerki (Nazioarteko Kale Antzerki Topaketak) jaialdiaren antolatzaile ere. Antzerki ikastaroak eta espresio tailerrak ematen dizkie haur, gazte zein helduei.

JURDANA OTXOA biolin joleak ere hainbat taldetan jo izan du, eta baita antzerkian ere “k(h)arrika” bezalako lanetan.

AINARA GURRUTXAGA Deja Bu panpin laborategiko sortzaileetako bat da, Labeako kidea, eta antzerki talde askorekin lan egindakoa.

http://www.theglub.com/dejabu

BATBADA proiektua. Mikelazulo kultur elkarteak sortua da, testu eta idatzien laborategi modura. Ale bakarreko liburuen edizioak egiten ditu, urte osoan zehar Mikelazulon irakurgai daudenak, eta copyleft lizentzia batekin sareratzen testuak. 20 minutu inguruko pieza baten bidez aurkeztu ohi dira testuak. Kasu honetan, “Munduko jakintsurik tontoena” Oier Guillanek idatzia da, Inaxito Albisurekin elkarlanean. Testuaren irratirako bertsioa egin da hainbat aktorerekin (Inazio Tolosa, Javi Barandiaran, Ainara Gurrutxaga, Urko Redondo, Amaia Corral, Miren Alkala eta Ander Fernandez).

http://www.batbada.blogspot.com

PIEZAK ekimenak hiru urte bete ditu aurten. Hilabete bakoitzeko azken ostiraletan sortze prozesuan diren piezak edo bestelako lan txikiak aurkezten dira Mikelazulon, ezein arte diziplinakoak. Publikoarekin solasaldia egin ohi da beti horren ostean.

http://www.mikelazulo.blogspot.com/

GILKITXARO. 1993. urtean aurkeztu zuen talde bizkaitarrak bere lehenengo antzezlana, Beste munduko titulupena. Infernuko atarian eta Aquí no pasa nada lanekin jarraitu zuten, beti ere euskaraz lan egitearen konpromisoa hartuta. 2003an Elevator ikuskizuna muntatu zuten. Honolulu, leku bat eta Mirande kabareta dira euren azken sorkuntzak.

http://www.gilkitxaro.com

TXERRIKI. Usurbilgo antzerki taldea da, herritarrekin eta antzerkia maite duen ororekin sorkuntzan burubelarri dihardute. Hiru urte besterik ez dituen arren, jada Usurbilgo kale antzerki jaialdiaren antolatzaileak dira, eta jaialdian zein herriko jaietan aurkezten diren antzezlanen sortzaile. Oasia, Soofing, Ekoibilgailua lanak sortu dituzte, besteak beste.

http://www.txerriki.com/blog

LABEA. Duela hiru urte sortutako antzerki ikerketarako gunea da. Pasaian kokatua, tailer eta sorkuntza kolektiboak egiteko gunea da. Antzerkilariak elkarren artean hartu emanetan jartzeko espacio librea. Bixotzerrenak eta K(h)arrika kaleko antzezlanak izan dira laborategi honetako emaitzetako bi.

http://www.labeasutan.blogspot.com

LAKRIKUN. 1994. urtean Azpeitian sortutako talde amateurra. Urte asko daramazki antzezlanak taularatzen, adin ezberdineko jendeak parte hartzen ohi du, kasu askoretan taldekideek idatzitako testuekin.

http://www.uztarria.com/azpeitia/taldeak/Lakrikum

J.B. PEDRADAS. Javi Barandiaran aktoreak sortutako ekimena. Barandiaranek izatez talde askorekin lan egindakoa da (Trapo Zaharra, Ados, Theatre du Rivage, Gorria eta Eskubiko pareta ikuskizunak…). Ekimen honen bidez berak antzezlanak taularatzen ditu, azkena “Pepinos podridos (en el frigo)”. Oreretako teatro egunetan euskarazko bertsioa aurkeztuko du.

“Porke lo ke no te hace reír es lo ke te puede matar.

Porke la risa me salva la vida,

ke a veces puede parecer poca cosa para salvar, pero es todo lo ke tengo

y el día ke deje de reírme adiós.

Porke reír y llorar es lo más humano ke puede hacer un ser humano

porke cuando se ríe o se llora se hace sólo eso y nada más.”

GAITZERDI-KABIA. 2006ko urrian sortu zen Kabia- Antzerki ikerkuntzarako gunea-, askatsunez ikertzeko itzalaren bila. Aktorearen entrenamendua, trebakuntza eta sorkuntzan dihardute ordutik. Gaitzerdi konpainiaren baitako laborategi honek Heiner Müllerren Paisaje con argonautas lana estreinatu berri du Bilboko La Fundicion aretoan, Borja Ruizen zuzendaritzapean.

http://kabia-teatro.blogspot.com

2009(e)ko ekainaren 4(a), osteguna

Guadalajarako Ipuin Maratoiak 18 urte




Beste urte batez heldu zaigu Guadalajarako (Espainia) Ipuin Maratoia . Aurten adinez nagusi bihurtzen da, hamazortzi urte betetzen baititu. Ipuin kontaketa zale zein profesionalek ekidi ezineko hitzordua dugu. Izan ere, bertan biltzen baita ipuinkontaketaren mundua. Ipuin jaialdi hau Europan dagoen garrantzitsuenetakoa dugu eta ipuin kontaketaren barnean izan duen eta duen eragina neurtezina da. Guadalajarako Liburutegi Publikoko Haur eta Gazte literatura mintegiak antolatzen du eta hasieratik sekulako arrakasta izan zuen, Guadalajara hirian urtean egiten den ospakizunik handiena bihurtuz. Aste buru horretan hiria ipuinaren babesleku eta festa bihurtzen da, herritarrak bezala bisitariak ere ipuinak entzun eta kontatzeko aukera aprobetxatuz.
Uste dut ipuin kontaketaren profesionalok inoiz ez diogula behar beste eskertu Maratoiak gure ibilbide profesionalean eskaini digun erakusleihoa. Baina baita, pertsonalki lagun berriak eta itzelak egiteko aukera. Uste dut ipuin kontaketan dabilen edonor ezagutu beharreko jaialdia dela. Eta baita ere asteburu ederra pasa nahi duenak.
Gu bertan egongo gara, zerbezen artean ipuinak kontatuz eta entzunez.

Eta egitaraua ezagutu nahi duenak hemen du bidea:

http://maratondeloscuentos.org/spip/IMG/pdf/programa_2009-2.pdf


2009(e)ko maiatzaren 30(a), larunbata

Munduko onena?


Nik ez dakit, egunotan idatzita irakurri dudanez, Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, nire antzerki ezagutza askoz ere murritzagoa baita. Hala ere gehitxo iruditzen zait, izan ere mundua oso zabala da eta gustuak are zabalagoak. Gainera halako baieztapenak edo sailkatzeak ez dut uste egokiegiak direnik, nolabaiteko lehiaketa merke batean sartzea da eta. Bestalde, iruditzen zait askotan egilearekiko hurbiltasunak ekartzen duela halako ustea. Baina, orain dela urte pare bat edo, “¿Dónde estás, Ulalume, dónde estás?” antzezlana taula gainean ikustean antzerki testu zoragarria sartu zitzaidan larruazalean barrena. Maisu lana. Izan ere Sastrek antzerkiaren hariak josten benetako artista dugu. Erritmoak, pertsonaien izaerak, hizkuntzaren erabilera eta irudimena, guzti horiek Alfonsoren edozein lanetan maisuki ikusiko ditugu agertzen.

Ez dakit Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, baina “Un drama titulado No” irakurtzean pertsona humanoen barne gatazkak agerian ikusiko ditugu, pertsonaia humano baten ahotik. Bere laburrean, Sastrek neurona guztiak dantzan jarriko dizkigu, gogoetarako bidea emanez. Asmatzen duen pertsonaiaren desesperazioa erakusten digu, egileak bere buruaz beste egin dezan erabaki duelako; orduan errebelatu egiten da pertsonaia, egilearen erabaki horri aurre eginaz. Eta pertsonaia pertsona bihurtzen da, bizitzaren patua bere esku hartu nahi duena.

Ez dakit Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, baina bere antzerki lanak ikusteko aukera eskasak ernegatzen nau. Ernegatzen nau paperean ezagututako pertsonaiak ezin bizirik ikusi eskenatoki batean. Ernegatzen nau, hain maisuki erabiltzen duen gaztelera ezin entzun pertsonaia humanoen ahoetatik. Ernegatzen nau kultura ahotik ahora darabilen jende askok “entzunez” bakarrik ezagutzea Alfonso Sastre.

Ez dakit Alfonso Sastre bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena ote den, baina badakit eskubide osoa duela munduko bazter guztietan bere ideiak eta desirak aireratzeko. Eta orain, berriro, bere ahotsa isilarazi nahi dutenean bere idatzietara jotzen dut: “Yo, Señora Camelia, o señorita Camelia, querida amiga mía de esta tarde de muerte, pertenezco a la Anti-España y estoy desde antes de nacer y seguiré mañana, después de haberme muerto, en el contubernio judeo-masónico-rojo-separatista, que fue derrotado, ay de mí, que fuimos derrotados, en la guerra civil…española.” (Alfonso Sastre se suicida. Edit Hiru). Eta ernegatu eta amorratu beharko genuke demokrazia deitzen duten hau, diktaduran bezala, Sastreren ahotsa isilarazi nahia, “contubernioan” jarraitzeagatik. Munduko antzerkigilerik onena dela? Berak zer dio? “ No, señora. Del montón no. Yo soy uno de los trescientos mil mejores escritores de teatro que hay en el mundo”. Esaten genuena, Alfonso Sastre, bizirik dagoen munduko antzerkigilerik onena. Eta bere izena ozenki aldarrikatuko dugu.

HIKA aldizkarian argitaratua (2009, maiatza)