2020(e)ko urtarrilaren 16(a), osteguna

UHARTEAK

Ba dago, nonbait, uharte berezia, bitxia, harrigarria. Inork ezagutzen ez duen lekuan, inoiz deskubritu gabea. Ordea, badago liburutegi zahar batean uharteraino heltzeko mapa. Inork ez du gogoan nork egin zuen, ezta nork ekarria den.  Mapa bera, uharte bat da liburutegiko liburuen artean. Apalategi amaiezinetan galduta dago, eta bere existentzia liburuzainen artean pasatako kontu zahar bat dela uste dute askok. Kontatzen dute, honetaz dakitenek, uhartera nola heldu jakiteko, mapa behar dela aurkitu; eta mapa aurkitzeko bidea istorio zahar batean erakusten da. Ze istorio izango da hori? Nork jakingo du? Nork kontatuko du? Inork entzun al du? Horren jakinminez, aspaldi zaharretik kontalari bat ekartzen zuten liburutegira. Kontalaria beti desberdina zen, bertakoa edo urrutiko hiri batetik ekarria. Kondairak hamaika hizkuntzetan kontatzen ziren. Eta kontalariak entzuteko, beti jendez lepo egoten zen liburutegia; inork ez baitzuen galdu nahi uharte galduaren mapa galduaren istorio ezezaguna. 
Kontalaria uhartearen maparen jabea da. Agian ez daki non daukan, edo daukanik ere.
 Beharbada kontalaria uharte horretan dagoen Itsasargiaren biztanlea da. Istorio bat kontatzen duen bakoitzean argia pizten da,  galdua dagoenak nora jo jakin dezan. Uhartea ezezaguna da kontalariaren mintzoa argitzen ez den bitartean. Itsasargia desagertuta, uhartea galduko da betirako; galduko dira bere istorioak, galduko da bere oroimena. Orduan, liburutegi zaharreko apalategi amaiezinetan, mapa bat desegingo da, kontalari bat isilduko da, mintzoa ahaztuko da.

2020(e)ko urtarrilaren 9(a), osteguna

PORTULANOAK

Itsasoa eremu zabala da, oldarkorra, lasaigarria. Itsasoa mundu bat da. Munstro ikaragarrien bizilekua, uharte fantastikoen eta ezinezkoaren gordelekua. Galbidea izango da zerua irakurtzen ez dakienarentzat. Itsas bidaiariak norantz abia dadin ezinbestekoak ditu mapak, derrotak, korronteen ezagutza, lehorraren usaina. Itsasoa eta zerua ezagutzea marinelak duen jakinduriarik handiena da. Eta portulanoak nabigatzailearen altxor preziatuenak ziren.
    Portulanoak Erdi Aroan eta Errenazimenduan erabiltzen ziren itsas mapak ziren. Itsasoen eta portuen kokalekua erakusten zituzten eta portuen hainbat informazio preziatuak. Itsas nabigatzaileentzat ezinbesteko informazioa azaltzen zuten, itsasoa galbidea izan ez zedin. Pergaminoz egin ohi ziren hezetasuna eta urak ondatu ez zitzan. Portulanoek lehorraren existentzia ematen zieten nabigatzaileei.
    Kontaketaren itsas zabaleko nabigazioan abiatzen denak beharko ditu bere portulanoak. Lurralde harrigarrien bilaketan, non portu liluragarriak aurkitzen diren, ezinbestekoa du haren gaineko informazioa. Jakin beharko du non dagoen Preste Joanen erresuma fantastikoa; Maida uharte bidaiaria, Ipar Atlantikoan alde batetik bestera dabilena; Zesarren Hiri ezkutua, Patagonia urrunean. Jakin beharko du non aurkitzen diren itsas munstroen bizileku  aldakorrak; balea uhartea ezagutzen. Kontalariak bere portulanoak beharko ditu kontaketan abiatzerakoan, fantastikaren ozeanoan naufrago izan ez dadin. Entzuleak bidaiaz goza dezan.

2019(e)ko abenduaren 10(a), asteartea

GENEROA

Kulturaren Euskal Behatokiak aurkeztu berri ditu antzerkian, literaturan, musikan eta dantzan genero berdintasunaren trataeraz enkargatutako txostenak. Arlo bakoitzeko eragile aktiboek, sorkuntza eta industria aztertu dituzte beharrezko diagnostikoa eginez. Eta datuak esanguratsuak dira. Alde batetik, ikus dezakegu kulturaren arlo hauetan lanean diharduten emakumeen egoera, sormen bideetan zein kristalezko sabaiekin topatzean. Itzalpean gelditzen diren arazoak, dela amatasunaren gaia, dela sorkuntzan aurrera egiteko zailtasunak, aurrean jartzen dizkigute. Horiek guztiak, argira ekartzeak, berdintasunaren gainean euskal kultur sormenean ditugun hutsek eta jokabideek, gutxienez gogoetara bultzatu behar gintuzke gizonezko sortzaileak eta artistak. Gure sormenetan aldarrikatzen ditugun diskurtsoak eta ideiak, praktikara eta egunerokotasunera aplikatzea ezinbestekoa da. Bestela, nolabaiteko tele-predikadoreak izateko arriskua izango dugu; alegia, diskurtso sutsuak, baina gero praktika ustela. Txosten hauek begiak zabaltzeaz gain, bestelako gogoeta eta bideak zabaltzen dizkigute. Eta eztabaidarako arnasa. Hausnarketa, eztabaida eta kontradikzioak sormen prozesuan jartzen ez badira, sistemaren imajinario heteropatriarkala errepikatzeko arriskua dago. 
    Ikerketan kontalaritza ez sartzea faltan izan dut, hain feminizatuta dagoen sormen arloa, hain zuzen. Baina nago ez dela hainbeste Behatokiaren errua, euskal kontalaritzak bere jarduna ezagutarazteko duen ahuldadeagatik baizik. Hau ikertu beharko genuke.

2019(e)ko urriaren 28(a), astelehena

LA VERITAT OCULTA

Errealitateak baditu hamaika begi. Hamaika belarri. Hamaika aho. Errealitatea fantasia da; izan ere, zentzumenetatik jasotzen duguna, gure burmuinaren barnetik bidaia egin ondoren gauzatzen den zerbait baita. Kontatzen duenak errealitatearen behatzailea da, errealitatetik elikatzen da, errealitatea du lagun; ondoren, errealitate hori, norberaren barnean baino ez dela existitzen azaltzeko. Kontalariak, kontatzen duenean, egia baino ez du esango, ez da gezurrik biziko bere hitzetan. Kontalariak errealitatearen  gaineko gogoeta partekatua eskainiko dio entzuleari, partekatze fantastikoa, kontatutako eta entzundako istorioa elkarbanatua izan dadin ere; baina, batez ere, errealitate adostua bizi dezagun. Ordea, errealitatea egiarekin identifikatu ohi da. Zer da egia baina? Egiak ba ote du itzalik? Ba ote da ezkutatzen zaigun egiarik? Kontalariaren lana izango da, agian, ezkutuko egia horiei argia ematea.
    Argitasun hori izan nuen, orain dela urte asko, eskutara eta irudimenera heldu zitzaidan Cròniques de la veritat oculta liburua. Eta idazle handi baten deskubrimendua: Pere Calders. Militar faxisten estatu kolpeak piztutako gerraren ostean exiliatua egon zen urtetan, Mexikon idatzitako ipuinen bilduma dugu liburua, egilearen garrantzitsuenetakoa. Errealitateari beste ertzetatik begiratuta mundu fantastiko hurbila eskaintzen digu. Ezkututako egiari argia ematen dio, bizitzaren angelu anitzak erakutsiz. Calders, Catalunya maitatzeko beste arrazoi bat, gehiago. Egiari argia emateko grina.

2019(e)ko urriaren 11(a), ostirala

MISKITO APOA

    Zoa Mezak kontatzen du, lehen, Miskitoen lurraldean, han urrutian, Nikaraguako Caribe kostan, apoak borobilak eta begi txikikoak zirela. Apoak putreei entzun zien hodeietan festa zutela.  Berak ere joan nahi zuela esan zien eta mesedez eramateko. Putreei grazia egin zien proposamenak, eta zakuto batean sartuta, apoa zeruan gora eraman zuten. Festa handia zen eta, halako batean, apoa bere zakutotxotik irtenda, danborra jotzen hasi zen.  Putreen erregeak ez zuen ulertzen nola heldu zen apoa goi hartara, baina danborra ondo jotzen zuenez, utzi zion festan egoten. Amaitu zenean txori guztiak alde egin zuten, apoa zakuto barruan geldituz. Putreen erregeak, dena txukuntzen ari zela, zakutxoa ikusi zuen eta ostikada batez hodeietatik behera bidali zuen. Han joan zen apoa ziztuan lurrerantz, hain azkar lehenago abiatu ziren putreak ere harrapatu egin zituela. Apo jauna laguntzarik behar?- galdetu zioten. Ez, ez, nik horreeeela egiten duuut hegaaaannn!- erantzun zien berak, besoak eta hankak airean mugitzen zituela. Azkenean lurra jo zuen, plausta! Miskitoek kontatzen dute apoak horrelakoak direla orain, tripa aldean zapalak eta begi handikoak, hartu zuten danbatekoaren ondorioz.
    Zoa Mezak, irribarre egiten du ipuina kontatu bitartean eta amaitu ondoren. Kontalaria da Zoa, txotxongilolaria, aktorea, idazlea, baina batez ere kultur ekintzailea da, han urrutian, Nikaraguan. Eta zorionekoak aurrekoan Oreretako Mikelazulo elkartean bildu ginenak, ekarri zituen ipuinak entzuteagatik.

2019(e)ko irailaren 6(a), ostirala

ENDEVINALLES

Tinc 4 ales per a volar i mil colors per a ensenyar. Zer ote da? Ez da zaila. Asmatuko zenuten dagoeneko. Igarkizunek badute zerbait berehalako arreta erakartzeko. Gure burmuinean argitxo bat piztuko balute bezala. Kuriositatearen argitxoa. Ea hau asmatzen duzuen. Té molts braços per a dansar y descansa en el fons de la mar. Apur bat zailagoa baina ez sobera. Buru jolasa izateaz gain, igarkizunak hizkuntz jolasak dira. Eta elkarren arteko jolasa, asmakizunekin benetan gozatzeko elkarri kontatzea baino ez baitago. Haurrek izugarri maite duten jolasa da, baina baita helduak ere. Beste bat?  Ea ba. Viu lliure o engabiat, però sempre ens agrada el seu cant. Erraza ezta? Ez? Pentsatu apur bat gehiago. Ipuinak kontatzen duenak beti izango ditu igarkizunaren bat bere patrikan. Kontalaria jostalaria da; entzulea gonbidatuko du hizkuntzarekin, istorioekin, irudimenarekin jolas aberasgarrian aritu daitezen. Bestela ezer ez da.
    Kontalaritzak jolas lagun handia galdu du. Llorenç Gimenez Valentziarrak bere herrialdeko kontalaritzaren berpiztzaile nagusienetakoa izan da. Beti Valentziako katalanez aritzen zen, baita bere herrialdetik kanpo ere, hizkuntzekin irudimena piztea zuen gogoko. Kontalari aparta, ipuinak ere  idazten zituen haurrentzat. Eta igarkizunak. Les endevinalles de Llorenç liburuxka ederra utzi zigun, bera ez dagoela ere, berarekin jolasten jarrai dezagun. Tximeletak, olagarroak eta txoriak eskaintzen dizkigu jolaserako. Lagun handia joan zaigu. I ara qui ens explicarà més endevinalles?




2019(e)ko abuztuaren 26(a), astelehena

TURISMOA

Herri txiki eta apartatu batean bidaia oroimenak biltzen zituen emakume zahar bat bizi omen zen, bizitza osoan bere herritik irten ez zena. Munduan barrena ibilitako lagun edo ezagunek ekarritako bidaia opariak ziren haiek  maleta zahar batean gordetzen zituen. Oparia onartzeko, ordea, baldintza bakarra jartzen zien lagunei, haren istorioa kontatzea. Berdin zitzaion eskaintzaren balioa, edertasuna edo tamaina, bere baitan istorio bat ez bazuen,  ez zuen inongo baliorik berarentzat; beraz ez zuen gordetzerik merezi. Istorioa entzun ondoren, kontu handiz hartu eta maleta zaharrean gordetzen zuen eskaintza, mundutik barrena ekarritako beste oroimenekin. Eta maleta ixten zuen, lagun edo ezagunen bidaiaren gaineko kontuez beste inongo interesik jarri gabe. Zertarako behar zuen maleta zahar hori ordea?, kezkarekin alde egiten zuten eskaintzaileek. Neguko gau luze eta hotzetan, herriko biztanle eskasak, euren bizitzan herritik oso gutxi aldendu zirenak, emakumearen etxeko sutondoan biltzen ziren eta, orduan, maleta zaharra ateratzen zuen. Bertan pilatuak zituen gauzak banan bana ateratzen zituen eta bakoitzaren istorioa kontatzen zien herriko lagunei. Eta orduan, herri txikia mundu zabala bihurtzen zen, istorio harrigarriez osatua. Eta herri txiki hartako biztanle txikiak, bidaiari handiak bihurtzen ziren.

Mundua ezagutzeko irrikan, turistak bihurtzen garen garaia hauetan, geure buruari galdetu beharko diogu, etxera bueltatzean, ba ote dugun istorio bat kontatzeko. Maleta zahar batean gordetzea merezi duena.

GARA egunkarian argitaratua.