2014(e)ko martxoaren 21(a), ostirala

Aspergarria

         Ordiziako emanaldia hasi aurretik ikastolan Itziarrekin ipuinak nola kontatu ikasten aritu den gaztetxoetako batek galdetzen dit ea beren saioa egin ondoren joan ote daitekeen. Itziarrek zirikatua arrazoia ematen du: ipuinak aspergarriak dira. Ene! Saioa hasi aurretik publikoa gogorra. Laster, Ahoz Ahoz kontalaritza jaialdiaren barnean antolatutako saioan parte hartuko dugu Yoshihira Hioki kontalari japoniarrak eta biok. Aurretik Itziarren ikasleek euren saiotxoa egingo dute. Hasi da Yoshi. Euskara ikasten ari denez, bere burua euskaraz ausartu da aurkezten, eta publikoa harrituta. Ihes egin nahi zuen mutikoa lehenengo ilaran dago Yoshiren jardunarekin harrapatuta. Ipuina hasi du Yoshik; gaztetxo eta helduak harrapatu du bere kontaketak, istorioak zein kontatzeko moduak. Mutikoak ez dirudi alde egiteko gogorik duenik, ipuinean barneratuta baitago. Yoshi eta biok kontaketan tartekatzen gara. Saio polita izan da. Neska mutikoak eta helduak irribarretsu amaitu dute Ahoz Aho jaialdiaren barne Ordizian pasa den saioarekin.

         Baina zergatik zuen mutikoak ideia hori ipuin kontaketen gainean? Umeen zerbait zelako? Ipuinak bere mundutik urruti daudelako? Zer ote da berarentzat aspergarria ez den zerbait? Zer eskaini izan diote? Bere iritzi berekoak dira urte bereko gaztetxo gehienak. Baina ipuinak ote dira arazoa? Beharbada, istorioak kontatzen gabiltzanok, pentsatu beharko genuke euren munduan barneratzen ote garen gure kontakizunen bitartez, edo, aldiz, gurera ekarri nahi ditugun, mundurik onena delakoan. Elkarrekin bidaiatu beharrean, gure itsasontzian sartzen behartzen ditugu. Eta hori, bidaiatzeko, aspergarria da, oso.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2014(e)ko otsailaren 19(a), asteazkena

Istorio Biziak

         Landareen modukoak dira hitzak. Oxigenoa, argitasuna, ura eta lurra behar dute bizirauteko. Landareak, ondo zainduz gero, edertasuna ekarriko digu bueltan, eta fotosintesia eginez airea biziberritu. Landareek lez, hitzek arnasaren oxigenoa behar dute, buruaren argitasuna, ahoaren hezetasuna eta lurraren atxikimendua. Ondo zainduz gero edertasuna ekarriko digute bueltan, eta inguratzen gaituen giroaren biziberritzea. Hitzek istorioak osatzen dituzte eta istorioek berezko bizitza hartuko dute kontalariaren ahotik zein gorputzetik, eta entzulearenganako bidaian hazi eta zabaldu egingo dira, loreen esporen moduan, bizitza ernalduz. Lorezainaren gisakoa izango da kontalaria. Lorategi ederra dauka zaintzeko, landare ezberdinak, hangoak eta hemengoak, handiak eta txikiak, sendoak eta delikatuak, harroak eta umilak. Guztien artean “Gutizien Lorategia” osatuko dute.
         Bilbo lorategi ederra bihurtu dute otsaileko neguan Alabazan taldeko lagunek. Istorio Biziak kontalaritza egunekin hiriaren bazterrak ernaltzen dabiltza. Hitzaren esporek, loreen antza, irudimenaren lurraldetarako bidezidorretan barrena eramaten dabiltza bilbotarrak eta gerturatzen den oro. Istorioekin, ipuinekin, bertsoekin loratzen dabiltza, egunerokotasunari irudimenaren ongarria ematen, estutasuna oxigenatzen, itzalak argitzen. Istorioak kontatzerakoan, eusten gaituen porlanezko lurra zartatzen da, belar sendoei bidea eginez.

         Kontalaritza badirudi gero eta presentzia handiagoa hartzen ari dela gure kultur egitarauetan. Istorio Biziak ekimena bide hori indartzen lagungarri izango da. Hala bazan, hala bedi.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2014(e)ko otsailaren 7(a), ostirala

Ezertarako ez

         Maiz, kezka bati nola heldu ez dakizula zabiltza, eta, maiz, bidezidor aldrebesetan sartuta zaude; esaterako, zer demontretarako balio du ipuinak kontatzen ibiltzeak? Kontsumoaren jendarte honetan, zer ondasun ekoizten du kontalaritzak? Ekonomiari zer eskaintzen dio? Kontalariak nola azal ditzake bere ofizioaren onurak jendarteari? Halako hamaika galderetan, eta galdaretan, galduko zara noizean behin; izan ere, badirudi halako ofizioak eta jardunak jendartearentzat onura zenbagarrietan neurtu behar direla, edo eragingo dituen baloretan. Bere horretan baliorik ote duen zalantzan jarri ohi da, izan ere, zertarako balio du ezertarako balio ez duenak? Eta amarauna honetatik ezin askatu zabiltzanean, tarteka ezusteko laguntza heltzen zaizu.
         Carlesek liburu txiki baina sendo bat oparitu dit, manifestu gisa aurkeztuta Nuccio Ordine egilearengatik. Manifestua honela izendatu du: La utilidad de lo inútil. Eta zenbait gauza argitzen hasi zaizkit. Ordineren azalpenak eta proposamenak ideien marasma horretara argi pixkat bat bederen ekartzen laguntzen dit. Gogoetan nondik nora bideratu eta, batez ere, bizi dugun jendartean utilitarismoaren ideologiatik at gogoeta egitearen beharra. Bidea eman dit ulertzeko zergatik hainbat eta hainbat ipuin eta kontaketa saio baloreak dituzten ardatz, alde horretatik bakarrik garrantzia emanez, zeren, berez, badirudi ipuin kontaketek ez dutela ezertarako balio. Ez diote produktibitatearen ezer eskaintzen jendarteari. Kontalariak entzuleari bere proposamen sortzailea eskainiko dio, edertasunaren bidetik, hobeto edo okerrago. Eta proposamen artistiko horretan bere gogoetak edo burutazioak eskainiko ditu zuzen edo zeharka. Eta horrek zer balioa du?

Ondorioztatu denez jendartearentzat horrek ez duela baliorik ba orduan kontalaritza “Zerbait” bihurtu behar da “gauza” bat, eta orduan bai balore bat eman diezaiokegula. Baloretan oinarritutako ipuinak esaterako Zertarako galderaren aurrean erantzuna argi dago, haurrak balore baikorretan hezteko, adibidez. Orain bai, orain zentzua du ipuin kontaketa saioa antolatzea eta dirua inbertitzea horretan. Ezertarako ez dena zerbaiterako bihurtzen da. Pentsamendua, proposamen artistikoak balore ekonomiko-moraletan baloratzeak, pertsonaren utilitarismo hutsera eramaten gaitu, ezertarako balio ez dituzten aktibitate humanoak gutxietsiz: gau izartsua begiratzea, itsas bazterrean berriketan aritzea… Edo ipuin bat entzutea.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2014(e)ko urtarrilaren 24(a), ostirala

Sorginak

         Sorginak ez dira existitzen- dio neska txikiak. zergatik ez?-galdetu diot. Nire aitak esan dit. Hortik aurrera ez dago eztabaidatzerik; jakina, nola aitaren hitza zalantzan jarri. Dena dela, segur aski, aitak ez dio esan Olentzero ez dela existitzen, nola kenduko dio ilusio hori? Are gehiago aitak gozatu egingo du, normala denez, haurra gezur txiki horretan bizi arazten; izan ere kalean Olentzero ikusitakoan, eta zer esanik opariak jasotakoan, jartzen zaion aurpegi dirdiratsuak merezi baitu. Zergatik ordea, Olentzero bai eta sorginak ez? Edo mamuak, edo galtzagorriak, edo intxixuak…
         Ulergarria da gurasoen aldetik haurrak sineskeriarik gabeko bizitza eman nahi izatea, errealitatean txertatuak nahi izatea, alferrikako beldurrak ez sortaraztea. Askotan ordea nahasten dira sineskeriak irudimenaren munduarekin, fantastikarekin, imaginarioekin, sinbologiekin. Borondate onarekin segur aski, ordea, mundu fantastiko horien ukatzea irudikatzearen bideari trabak jartzea da. Haurrak bezala, helduok ere egunerokotasunaren errealitatea bizi dugu, logikarena, zehaztasunarena; baina era berean, mundu ilogikoak, ametsezkoak eta ulergaitzak txertatuak daude gure baitan. Ametsen lurraldetan barneratzen garenean, gure izatearen parte badira, logikatik kanpo badaude ere. Pertsona humanoak hainbat pertsonaia mitologiko eta fantastiko sortu baditu ez da izan errealitateari ihes egiteko, errealitatea bera, bizitza bera ulertzeko baizik.

         Kontalarion zeregina agian existentzia horien berri ematea da, sorginak, intxixuak, basajaunak, etsai zaharrak, lamiak… desager ez daitezen. Haurrak eta helduok logikatik bezala fantastikatik ere ikas dezagun.

2014(e)ko urtarrilaren 7(a), asteartea

Terapiak

            Medikuntzan erabili ohi den terapia terminoa gaixotasun baten tratamendua da. Beraz, gaixorik egonez gero terapia bat jarriko dizu medikuak, kimioterapia, esaterako. Terapia aurretik, jakina, gaixotasuna diagnostikatu behar da. Gaixotasuna osasunaren kaltetzea da, larria edo arina. Badago beste esanahi bat gaixotasuna grina kaltegarri gisa  edo moraltasunean edo izpiritualtasunean aldaketa bezala definitzen duena. Ikus dezagun bigarren hau, izan ere, interpretazioetarako bide ezberdinak zabaltzen baititu. Izpiritua, zer demontre da? Nola kaltetzen da? Non kokatzen da? Nola sendatuko da? Gaixotasunaren definizio honek denetarako interpretazioak zabaltzen dituenez, ustezko terapiak zabaltzen dira, gero eta eztakizerterapia gehiago sortuz. Horietako bat, ipuinterapia.

            Hainbat gaxotasunei aurre egiteko ipuinak tresna terapeutiko gisa erabiltzea gauza bat da,  antzerkitik ekarritako rol jokoak erabiltzen diren gisa; baina, zer gertatzen da ordea, halako ustezko terapia kontalaritzarekin nahasten denean? Eta okerrago oraindik, terapia hori aplikatzerakoan medikuntza prestaketa sakonik, askotan inongoa, ez duen jendeak erabiltzen duenean, ez ote gaude, gutxienik, fraude baten aurrean? Halako terapiak aurkezterakoan sasi hizkera zientifikoarekin aurkezten dira, jende guztiok omen ditugun afektibitate edo bizitzari aurre egiteko eskasiak erremediatzeko bide miragarri gisa. Kontalaritzaren funtsa hori al da? Ipuinterapia kontalaritza al da? Sendabidea? Gauza bat da sormen artistiko baten aurrean, sortzaile edo jasotzaile gisa, senti dezakegun barne ongizatea, eta beste bat arrunt ezberdina terapia bezala azaltzea, alegia, gure gaixotasunentzat sendabidea. Kontalariok sortzaileak gara, ez terapeutak. Pertsonak sendatzeko tresna medikuntza da. Jardun artistikoa, berriz, kontalaritza. Bakoitzak,bere aldetik, bizitzaz gozatzeko bideak.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2013(e)ko abenduaren 24(a), asteartea

Burmuina

Txiste baten hasiera dirudi. Behin bertsolari bat, kantari bat eta kontalari bat burmuinaren ahalmenen ikerlari batekin ari ginen hizketan. Bertsotan aritutakoan burmuinaren zein alde eta nola jartzen diren martxan, bertsolariarekin egin zuten burmuinaren ikerketaren harira hasi ginen. Ikerketa interesgarria, eta jakina, kuriositatea piztu zitzaigun, gutako bakoitzaren jardun sortzailean burmuinaren funtzionamendua nolakoa izango ote zen jakinminez. Oroitzearen eta ideien lotzea ziren gai interesgarrienak. Berdin erabiltzen dugu oroimena? Bertsolariak eta kontalariak, inprobisatzearen eraginez edo, zaila genuen, esaterako, kantak buruz ikastea, aldiz oroimeneko kutxako osagarriak erabiltzen, konbinazio ezinezkoak egiten arazorik ez geneukan. Kantariak berriz orain dela hogei urte ikasitako kanta goitik behera errepikatzeko gai zen. Ikerlariak horren arrazoia azaltzen zigun. Kortis frontala, burmuinaren plastizitatea, eskuin aldea eta ezkerraren arteko elkar lana, sinapsiak, proteinak..., ahorik ahora zebiltzan. Zaletua bertsolariak botako duen bertsoaren zain dagoen bezala, han geunden gu, gure burmuinen bitxikeriak entzuten, zientzia eta kultura bide paraleloak ez direnaren seinale, bidaide baizik.
Behin baino gehiagotan galdetzen didate nola egiten dudan hainbeste ipuin buruan gordetzeko, gogoratzeko. Egia esan, erantzun ohi dut, ez ditut gogoratzen, kanta bat edo errezo bat gogoratzen den moduan. Ipuinak buruko auskalo zein lekutan daude eta kontatzen hasita irteten joaten dira, baina ez beti berdin, beti gehitzen edo kentzen diozu zerbait, kontaketa aurrera doan bezala esaten ari zarenarekin beste ideia edo irudia etortzen delako burura eta ondoren mingainera. Zergatik gertatzen den hori horrela? Burmuinaren lurralde fantastikoan hainbat istorio gertatzen ari direlako segur aski. Eta kontalaria harrapatzen dute. 

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2013(e)ko abenduaren 10(a), asteartea

Jaun Zuria

Azoka lehen eguna da. Ordu bete barru hasiera ekitaldi ofiziala izango da ekitaldi aretoan. Eskoziar gaiteroarekin egon behar dut elkarrekin egin beharreko saiotxoa lotzeko. Kirioak dantzan.  Euskal Herrian egiten den kultur ekitaldi handi eta garrantzitsuenean parte hartzea ez da makala. Ardura gehiegi igoal? Agintariak, kultur jendea, kazetariak, bisitariak... Guztien aurrean Jaun Zuriaren kondaira kontatu eta kantatu behar. Ondo asmatuko ote dut? Doinuarekin okertuko ote naiz? Interesatzen zaizkidan liburu batzuk ea topatzen ditudan, eta bide batez urduritasunari izkin egin. Ezin dut kanta burutik kendu: "Jaun Zuriano, jaun zuriano, lotan zagoza itzarri..."
Hasi da betetzen aretoa. Izerdi hotza bizkarrezurretik behera. Aurkezlearekin mintzatzen lasaitzeko aprobetxatzen dut. Kontatu behar dudanarekin pentsatzen dut. Sekulako istorio harrigarria da, heroi klasiokoena, mitikoa, arturianoa. Denetik dauka. Agintariak hasi dira eurenak botatzen. Gaitero eta gitarrista eskoziarrak hasi dira euren saioarekin. Eskenatokirantz noa. Gaita doinuarekin heltzen diot kontaketari: "Tragedia gertatu da Eskoziako erresuman..."
Behin baino gehiagotan eskatzen digute hontaz edo hartaz kontatzea. Egin ohi dizkiguten proposamenak, batzutan, ezusteko bideetan jartzen gaituzte. Jaun Zuriaren kondaira kontatzeko eskatu zidatenean deskubrimendu liluragarriekin topatu nintzen; istorioa ezagututa ere. Kondaira mitikoa da, jainkoak, heroi ausarta eta salbatzailea, probak gainditu beharrekoa, elementu magikoa (ezpata)... Saioa prestatu bitartean mundu magiko harrigarrian sartu nintzen, euskal mitoen barrena bidaiatzen, jatorri ezberdinetako osagarri mitikoen nahasketan. Bat batean, Jaun Zuriaren kondairak herriek sortzen dituzten istorioen lilurarekin harrapatzen zaitu.
Saioa amaitu da. "Hasi  da eta denen aurrean, gora daroia ezpatia"