2013(e)ko ekainaren 18(a), asteartea

Bisitaldi kontatuak




Historiaren istorioak aipatu ohi dira gizakiaren eboluzio soziala ezagutzeko modu alaiago gisa. Azken aldian ere gero eta gehiago entzuten da ahozko historia jasotzearen garrantzia, alegia, historiadoreek liburuetan jasotakoaz gain, une historikoak zuzenean bizitakoen testigantzak; esaterako, Gernikako bonbardaketa bertatik bizi izandakoen ahozko historia.
Historia ezagutzeko modu bat izan ohi dira bisitaldi gidatuak. Halako hirira joan eta, taldean, gida baten laguntzaz bertako leku historikoetatik paseatu bitartean, horien gaineko azalpenak jaso. Halakoak helburu akademikoa baino aisialdirako proposamena izaten da, bisitarien aldetik behintzat. Batzuek bizi diren herria edo hiriaren historiaren ezagutzea bilatuko dute, beste batzuek, ordea, bisitatzen ari diren lekua ezagutzeko jakinmina izango dute.  Halako bisitaldien ohiko arazoa izaten da azalpenak gaizki ulertutako eredu akademizista jarraitzen dutela, alegia, datuen zerrendatzea eta narrazio hotz zein funtzionala. Gainera gidariak, agian azalpenen gainean prestatuak egongo dira (ez beti), baina ez hainbeste ahozko transmisioan prestatuak, oinarrizkoa izan beharko lukeena halako ekintza batean.
Bestelako eredua eskaintzen digute ordea, Logroñoko La Compañia del Saco taldearen lagunek. Errioxako hiriburuan gidatzen duten Visitas Narradas a los espacios del vino deitutako ekitaldian, azalpen historikoak istorioen, pasadizoen eta kontuekin tartekatzen dituzte, kantuekin, erromantzeekin eta txotxongiloekin batera. Bisitaldia ez da bakarrik izango datu historikoen zerendatzea, unean uneko girotzea ere izango da, ahozkotasunaren indarrak bisitariak harrapaten dituelarik. Bisitaldia amaitutakoan, partaideek ez dituzte datu historikoak besterik jasoko, aitzitik historia ezagutuko dute une gozagarria igaroz. Bertaratutakoek historiaren ederra deskubrituko dute, belarriak gozatuz.  Izan ere kontakizunek gure baitara eramango gaituzte, gure barne historiara.


2013(e)ko ekainaren 5(a), asteazkena

kontuz kontari!

Lagun batek galdetzen dit nolatan ipuin jaialdiko kontaketak herriko antzokian eskaini. Logikoa da bere kezka, zalantza baitauka ez ote den espazioa handiegia izango jende gutxi joaten bada. Ulertzen dut bere galdera, izan ere ez da ohikoa antzokietan ipuin ikuskariak eskaintzen, ohikoa ez den bezala helduentzako kontaketa saioak antolatzea. Azaltzen diot antzoki batean laurehun pertsonen aurrean egona naizela kontatzen; eta antzezlan batekin, berriz, hamabost pertsonen aurrean bostehunentzako lekua zuen antzokian. Badirudi ipuinak kontatzeko antzokiko eszenatokia gehitxo dela, ipuinaren intimitatea edo hausten duela. Orain aztertuko ez ditugun arrazoiengatik, ipuin kontaketa ikuskariak beste espazio batzuekin identifikatzen dira, ikuskariak eskaintzeko pentsatu gabeak. Kontua da, ipuin kontaketa arte eszenikoa dela onartzen badugu, zergatik, antzokietan aritzeko, hainbeste arazo.
         Errenterian deitua den KONTUZ KONTARI! Ipuin kontaketa jaialdian, antzokia hartu da ipuin ikuskariak eskaintzeko lekua. Antzokian eskainiz ikuskariak, bai kontalariak zein publikoa ahalik eta baldintza egokienean egoteko bermatzen da. Eta gezurra badirudi ere, antzokian eskainiz jardun artistiko honen gaineko ikuspegia balorizatu egiten da, bere horretan hartuz garrantzia. Ikuslea sarrera ordaindu eta besaulkian eseriko da ikuskaria noiz hasi zain. Argiak itzali dira. Espektakulua hastera doa. Ordubetez edo, horretarako bakarrik egongo da. Amaitutakoan, gustukoa izango du edo ez ikusitakoa, baina hori beste kontu bat da.

Ipuin kontaketak antzokiak ditu irabazteko. Errenteriako ipuin jaialdian horretan saiatuko gara.

2013(e)ko maiatzaren 14(a), asteartea

Gezurra? Egia?


         Nerabeekin kontatzen aritutakoan arrunt maite izaten dut, amaitu aurretik, Tarot kartak atera eta boluntario bat eskatzea. Bolondresa mahairen alde batean jartzen da, ni bestean, eta gelako gainontzeko guztiak mahairen bueltan. Bere burua eskaini duen gaztea urduri samar sumatzen zaio, bizitzaren kezken aurrean jarri baita erantzun bila. Ikaskideak kuxkuxero agertzen dira, baina barneko kezka berdintsuak akuilatuak ere. Kartak agertu bezala, aurrean dudanari azaldutako kezkaren gainean mintzatzen natzaio. Isiltasuna da nagusi eta boluntarioaren aurpegia eta keinu sotilak gogoeten isla dira. Amaitutakoan, mahaitik altxa eta gaztea pentsakor alde egin ohi du, azken galdera egin ondoren: “Baina hau, egia ala gezurra da?”.
         Ipuinak kontatzea bizitzaren kezken aurrean jartzea da, horiek ikusleari transmitituz, berak ere bere gogoetak egin ditzan. Gezurra/egia binomioa abtsolutoaren aurrean jartzen gaitu, zuria ala beltz, esker edo eskuin. Pertsona humanook abtsolutotik kanpo gaudenez, kezken ontzia garenez, dikotomia horren aurrean erabaki beharra bizitza beraren lilura oztopatuko du; bizitzaren magikotasuna aldendu. Eta ipuinek magikotasuna dute ardatz, gogoeta, egia/gezurra bikotea bazterrean utzita, zalantzaren bidezidorren edertasuna.
         Tarot kartak aurrean dituen gazteari, bizitzan aldaketak datozkiola eta horretan pertsona bat edo beste lagungarri izango duela esateko, ez da, jakina, karta horien mintzoa interpretatzeko ahalmen berezia behar, gazte izaeraren bizitzaren aurreko erronka ezagutu baizik. Maite dugu, ordea, istorio baten liluraz entzutea. Kontalariak, gezurtero kuadrila. Ala ez?

2013(e)ko apirilaren 17(a), asteazkena

Zergatik euskaraz


         “XX. .mendeak aromaniarrentzat ekarri zituen (…), batez ere Bulgarian eta Grezian, opresioa, jazarpena eta heriotza: lekuz aldatu zituzten eta ofizialki izen berriak ezarri zizkieten, debekatu zieten publikoki euren hizkuntzan mintzatzea, ezta beren existentziaz ere, euren herri asko sarraskituak izan ziren eta ehunka irakasle, apaiz eta intelektual atxilotuak izan ziren, zigor zelaietan sartuz edo uharte urrutietara eramanaz”. Karl- Markus Gaussek kontatzen digu “Europeos en extinción” liburuan (Poliedro, Julia Lionetti SL edit, Bartzelona 2002). Aromaniarrak, batez ere, Mazedonian bizi dira. Gaur egun, Mazedonian bakarrik onartzen diete nazio izaera. Europako nazio txiki asko bezala, euren kezkarik handiena existentziaren aldarrikapena da.
         Hamaika alditan erantzun behar izaten dugu hizkuntza txiki eta gutxietsitakoak garen hiztunok, existitu nahi izate horren gainean. Zertarako aitzinean iltzatutako hizkuntza txikia erabili, egungo jendarte modernoan benetan “praktikoak” diren hizkuntzen ordez?
Zergatik beraz, ipuinak euskaraz kontatu? Aipatutako existitzearen beharraz baino, kontaketaz arrazoi pare bat emango dut. Mendetan baztertua izan den hizkuntza bere komunikazio baliabideak garatzea litzateke garrantzitsuenetako bat. Euskaraz kontatzeak hizkuntzaren gaineko gogoeta ekarriko du. Bizi dugu jendartean ahozko baliabide komunikatiboetara euskara egokitzeko, ipuin kontaketa tresna liluragarria izateaz gain, eraginkorra ere izan daiteke. Euskaraz kontatzeak geure hizkuntza etorkizunerako bidea egiten lagun dezake.
Bigarren arrazoia ere badago. Gogoa ematen didalako.

2013(e)ko martxoaren 19(a), asteartea

Manifestua


         Ahozko Narrazioak egiteko duen ospakizunik handiena bere garaikidetasunaren aldarria da. Narrazioen sortze eta transmititzea gizakiak bere izatearen kontzientzia hartzen duenetik egin duen jardun intelektual eta, beraz, kulturala, bada ere, egungo garaietan bere izaera artistikoa du ardatz. Beste hainbat sormen adierazpen gisa -literatura, margogintza, antzerkia, dantza…-; berezko espazioa aldarrikatu behar du arte garaikidea den aldetik.
         Tradizioa ez da estutzen duen gerrikoa, garapenerako ikasbidea baizik. Kontalaritza garaikidea hitza esanaren artea izanik ere, bestelako baliabide artistikoak izango ditu bere eskura, ikuskari eszenikoa eskainiz, kontatzearen idealizazio erromantikotik aldenduta, egungo jendarteari jardun artistiko garaikide gisa aurkeztuz.
         Kontalari garaikidea sortzailea da. Bere funtzioa ez da, besterik gabe, kultur tradizio baten jarraitzailea, edo altxor baten zaindaria izatea. Kontalari garaikideak ipuin kontaketa jardun artistiko gisa ulertzen du, zeinetan, kontakizunaren bitartez, bere gogoeta, etiko zein estetikoa, eskaintzen dion publikoari. Eskaintza hori sormen lana da, sormen artistikoa; eta bere horretan hartuko du garrantzia, ez bestelako helburuen lortzeko bide bezala. Ipuin kontaketa garaikideak bere lekua aldarrikatu behar du arte eszenikoen barruan, horrela bakarrik ager baitaiteke bere garrantziarekin, garapenerako urrats egitea ahalbidetuz.
         Martxoaren 20ean ospatzen den Nazioarteko Ahozko Narrazioaren egunean, kontalaritzak aurtengo lemari jarraituz, Fortuna eta Patua, bere izatearen gaineko gogoeta aukera bikaina dauka.

2013(e)ko martxoaren 5(a), asteartea

Kontalaritza eta arkitektura


         Kontatzen den ipuina airean sortzen doa, espazioan. Ezer ez zegoen lekuan soinuek, mugimenduek, keinuek, begiradek hartzen dute lekua, beraien arteko interakzioan narrazioa osatuz. Kontalaria modu egokian uztartzen dituen sortzailea izango da, osagarri bakoitzak behar duen lekuan kokatuz, dagokion funtzioa bete araziz. Kontalaria kontakizunaren arkitektoa bihurtuko da, eraikin horretan barneratzen dena kontalariaren erakutsitako espazioetan lekua hartuz.
Kontaketak baina, bestelako arkitekturak behar ditu ere. Narrazioak osatzen duen eraikina bere edertasunean gozatzeko, ezinbestekoa izango du espazio egokian agertzea. Kontaketa ekintza bakoitzak bere lekua izan beharko du; espazio guztiak ez baitira berdinak, kontaketa guztiak berdinak ez diren bezala. Narrazioaren barne egitura bezain garrantzitsua bihurtuko da espazioaren arkitektura. Espazio fisiko egokien beharra kontalaritzatik kanpoko beste sortzaileekin elkarlanerako beta ematen du.
Beste kontuen artean, hauekin ere aritu ginen Avilan antolatzen den Cuentacuarenta Ahozko narrazio zikloan. Gaztelako hiri horretako Arkitektoen Elkargoa laguntzaile izanik ezinbestez atera da gaia. Bere egoitzan ipuin saioak burutzeaz gain, arkitektura eta ahozko narrazioa hizpide hartuz mahai ingurua antolatu da, arkitektoak eta kontalariak euren burutazioak trukatzeko asmoz. Sormenaren bi arlo, itxuraz zerikusi handirik gabekoak, baina elkarren osagarri izan daitezkeenak; izan ere, pertsonen heziketan eta garapenean eraikin materialak zein inmaterialak bizitzaren kalitatearen erakusgarri bihurtzen baitira
         
         .


.

2013(e)ko otsailaren 6(a), asteazkena

Desagerpenak


         Bernardo Atxagak aipatzen zuen, Obabakoak eta Soinujolearen semea bere liburuak desagertzear dagoen mundu baten islak zirela. Desagerpen horrek gauza asko eramaten ditu berarekin, hitzak esaterako, mundua izendatzeko hitzak. Mundua aldatzen den heinean, hura izendatzeko moduak ere aldatuko dira, berritu. Hasieran arrotz egingo hitzak, aitzina zaharreko nostalgiak jota, onartu ezinezkoak.
         Maiz egin izan dut gogoeta kontalarien izaeraz, existentziaz. Zergatik kontatzen ditugu ipuinak han eta hemen? Zergatik zeharkatzen ditugu errepide bihurriak ipuinak gogoan? Zer funtzio soziala betetzen du ipuin kontalaritzak egungo jendartean? Ez ote dugu aitzinako kontalaritzaren nostalgia poetikoa, askotan epikoa ere bai? Iruditzen zait ipuinak kontatzeak berezko garrantzia beharrean, beste zerbaiti lotuta egon behar duela bere izatearen arrazoia izan dezan. Kontalaritza, aitzineko mundu baten biztanle balitz bezala, desagertzera kondenatua dagoela dirudi. Ipuin kontaketen zaletuak non eta noiz dauka aukera bere gutizia asetzeko? Krisia aipatzen da, baina are arazo larriagoa da. Kontalaritza, kulturako arlo asko bezala, badirudi preszindiblea dela. Zertarako sosak gastatu ipuinak entzuteko? Zertan aberastuko gaitu?
         Kontalaritzak bere funtzio sozialaren gainean gogoeta egin beharra du. Ez da nahikoa aldarrikatzea aurrekontu zabalagoak kulturarentzat. Hanka motz gelditzen da kontatzeko baldintza egokiak eskatzea, bere funtzioa zalantzan badago. Sutondoak, sua beharrean, bitrozeramika dauka, nola, orduan, ipuinak kontatu suaren goxotasuna desagertu bada?