2009(e)ko urtarrilaren 7(a), asteazkena

Mundua eskenatoki bat da

          “Palestinako bezalako adibideek, orobateko genozidioa jasaten ari den herria (…),bultzatzen naute nire Numancia-ren eszenaratzearen proposamen honen eskaintzera, nik aldarrikatzen dudan “bizkarrezurreko antzerkia” deitzen dudanaren bidetik; kasu honetan, Inperioaren kontrako antzerki bat”. Hau idazten zuen Alfonso Sastrek 2002an, Hiru argitaletxeak kaleratu zuen bere “El nuevo cerco de Numancia” antzezlanerako  sarrera oharrean. Cervantesen antzezlana gogoan idatzi zuen idazle madrildar-hondarribitarrak, baina Vietnameko gerra salatu eta herri vietnamdarraren erresistentzia borroka goraipatzeko. Sastrek antzerki honen antzezteari erresistentzia eta salaketa zentzua eman nahi izan dio, Cervantesen lan hura faxistek Madril erasotzen ari zirenean antzezten zenean bezala. Izan ere antzerkia gogoak pizteko tresnatzat ikusten baitu antzerkigileak. Eta hasierako hitz horiek 2002 urteko ediziorako idatzi bazituen ere, tinta berriarekin idatzita baleude bezala irakurriko ditugu orain, sionismoaren bonbek ehunka palestinar, berriro, erail ondoren.

            Gazako azken sarraskia irudiak ikusita beste Numancia baten aurrean gaudela argi dugu berriro ere. Herri palestinarrak jasaten ari den genozidioa amaigabea dirudi. 2004tik 2007ra, hau da hiru urtetan, armada israeldarrak 5000 milatik gora palestinar hil ditu, horietatik 900 haurrak. Israelek elikagairik gabe zigortzen ditu, argindarrik gabe, ospitaletarako lehen gaiak ere eskura ezin dabiltza, blokeo latza ezarriz. Hala ere, Gazak irauten du, Erromatarren erasoei Numancia zaharrak eusten zien bezala. Eta antzezlan hau ekartzen dugu gogora halako egoeren aurrean inpotentzia sentsazioa baztertu nahian. Izan ere, zer egin dezakegu gure Europa “handi” honetatik herri sarraskitu horri egiten ari zaizkienak geldiarazteko? Nola agertu gure amorrua eta ezinegona? Nola gure elkartasuna eta berotasuna? Manifestuak, elkarretaratzeak,  mobilizazioak ezinbestekoak dira, tamalez hedabideetan ia-ia anekdota hutsen moduan agertu ohi dira, izan ere, eta dakigun moduan, informazioaren zatirik handiena sarraski horien justifikatzaileen eskutan baitaude. Nola saihestu hatzapar hori beraz? Jakin, badakigu irtenbide magikorik ez dagoela, erabateko soluziorik ez dela existitzen; hala ere, hamaika bide izango dira jorratu beharrekoak elkartasuna eta salaketa ahalik eta hedatze handiena eta eraginkorrena izan dezaten.  Alfonso Sastrek, izan diren, dauden eta izango diren beste askoren antzera; antzerkiaren bidea eskaintzen digu, ez arazoaren soluzio bide bezala, jakina, baina bai salaketa eta elkartasuna moduan. Eta hemen etor daiteke gogoeta, alegia,  zer egiten dugu hainbat jende aurrean eskenatokira igotzen garenok geure aldarrikapen grina entzun dadin? Aspaldiko eztabaida da artista eta intelektualen konpromisoa nolako den edo izan beharko lukeen. Garai ezberdinetan indar eta eragin ezberdinak azaldu izan dute eta maiatzaren 68a gogoan asebeteko dira asko (edo trantsizioaren egun “gogoangarriekin” afalosteetan hitzontziak bete). Gaur egun ordea, non daude geure ahotsak? Nahikoa ote da komunikatu bat sinatzea, edo bilkura batean ahotsa jarri beste norbaitek egindako idatziari? Nahikoa ote da, nolabaiteko “ospea” baliatuz, publikoki geure ahotsa entzunarazi mezua oihartzun gehiago izan dezan? Inork ez du esango hori soberan dagoenik, oihartzun gehiago edukitzeko besterik ez bada, egin, egin beharko da. Baina zenbaitetan ez ote ditugun ikusten artista ospetsuak bilkura erraldoietan euren salaketa ahotsa altxatu eta gero, bazkaltzera joan halako sarraskien aurrean epeltasunez edo konplizitatez jokatzen duten gobernu arduradunekin. Jakina, hemen aipatu eztabaidara gatoz, izan ere nor da nork esateko honi edo hari zer egin behar duen, eta egia da hori ere; baina urrats bat hareago jo beharko dugu. Eskenatoki batera igotzen garenok, badugu tresna gozagarria jendearengana heltzeko. Sormenaren bitartez jendearen gogoetara heltzeko tresna da gurea, hausnarketarako tresna da ere antzezlan baten edo ipuin kontaketa baten eskaintza. Eta zer egiten dugu orduan?Zer kontatzen dugu? Zer garrantzia ematen diogu ekintza horri? Zertarako baliatzen dugu?

            Jakina, badator hemen ere aspaldiko eztabaida, alegia, panfletoen arriskua. Eta asko dira horretan erortzen direnak; baina panfletoak eskenatokian (eta agian bizitzan) imajinazioaren kontrako tresnak dira, sormenaren aingurak. Panfletoek zer egin behar den edo ez azaltzen dute, heziketa bide bakarrekoa erakusten dute, gogoeta baztertzen dute. Sortzaileak aldiz, bide guztiak zabalduko ditu eta gogoeta zabala eskaini beharko du. Eta agian horixe izan beharko luke gure lana gertatzen ari diren egoera latzen aurrean, injustizien aurrean, pertsonen eskubideen urraketen aurrean. Sortzailea ez luke izan behar jendartetik aparte bizi den rara avis bat. Eskenatokietan gogoetarako bideak eskaini behar dira, munduaren egoeraz kezka agertu eta beste mundu justuagorako borrokan, proposamenak erakutsi, berdintasunean oinarritutako harremanetan eraikitzen den jendarte baten aldarrikapena hitz eta irudi gogoangarriez bete. Norberak jakingo du zein sorbidea hartuko duen, ez baitago sormenari atakarik jartzerik. Ez dago bide bakarra, estetika bakarra, ikuspegi bakarra. Hala ere ezinbestekoa dugu, lehen lehenik, geure buruari galdetu: nola uztar dezaket nik nire munduaren ikuskera nire lanarekin? Palestinan bezala munduko hainbat lekuetan gertatzen ari direnak (geurean barne), mundu ustel baten aurpegia erakusten digute.

            Eta hasi bezala Sastrerekin amaituko dugu, bere “Dialogo para un teatro vertebral” (Hiru argitaletxea. Hondarribia 2002) idazkitik lapurtua: “Egin dezagun, bada, antzerki ezinezko bat”.

2008(e)ko abenduaren 15(a), astelehena

Mucucuento ipuin jaialdia Venezuela


Ipuinak kontatzeak badu nolabaiteko kalte kolaterala: bidaiatzea. Ipuinak kontatzeari esker, alde batetik bestera mugitzeko aukera izan ohi dugu, eta horren alderik onenak izango dira, seguraski, bidaia horietan ezagutzen ditugun pertsonak eta lekuak. Ohiko emanaldietaz aparte, ipuin jaialdiak dira aukerarik onena ematen dutenak horretarako. Eta, niri behintzat, parada ederra eman diadate azken asteetan urrutiko parajeak ezagutzeko. Urriaren amaieratik azaroaren hasierara Venezuelako Merida herrian antolatu ohi den Mucucuento jaialdirako gonbidapenari ezin uko egin eta sekulako buelta emanda, Bolibariar Errepublikara heldu nintzen. Geure burua ezkertiartzat dugunontzat (batzuentzat behintzat) Venezuelara jaotea ez da bakarrik herrialde bat bisitatzea, gehiago da. Azken hamar urtetan garatzen ari den iraultza bolibariarra ezagutzeko parada ere bada. Mucucuento jaialdiak ere horretarako aukera ematen zuen. Iraultza hau martxan jarri denetik ezker eskuin garatzen ari dira kultur ekintzak. Jakina, badira baliabide anitzekin egiten direnak eta badira, aipatzen ari garen honen antzera, lau sosekin aurrera ateratzen saiatzen direnak (nork esan du prozesu iraultzailea perfektoa denik?). Bere apaltasunean ordea, sekulako grina erakusten zuten antolatzaileek. Askotan egin ohi dira ekitaldi handiak , arrakastatsuak, mediatikoak, ospetsuak, baina arimarik gabekoak. Venezuelako Meridara agertu ginenok ordea, benetako kultur grina ikusi genuen. Baliabide handirik gabe baina ipuin kontaketari merezi duen garrantzia eman nahian, eta batez ere lagunarteko giroa bultzatu. Kolonbiatik, Ekuadorretik, Brasiletik, Mexikotik eta Euskal Herritik heldutako kontalariok, Venezuelako hainbat kontalariekin batera egun gogoangarriak eman genituen, ipuinak kontatuz eta, batez ere batzuen eta besteen berri jakiten. Jaialdiek, izan ere, interesgarriak izaten baitira harreman hauek egiteko eta beste kontalarien lana ezagutzeko, baina baita ere beste herrialdeetan ipuin kontaketaren egoera nola dagoen jakiteko.
Eta, nola, ez, bueltako maletak, liburuez gainezka ekartzeaz gain, hainbat eta hainbat ideiak eta egitasmoak ekartzen zituen, eta egindako lagun berrien oroimena.
Baina horrez gain, badago beste gogoeta bidea. Venezuelako gobernua eta boterea ezkerrekoa dugu egun, iraultza baten prozesoan bete betean sarturik, aurrerapuso eta kontraesanekin, oker bideak eta egin behar galantekin. Venezuelako prozesu iraultzaile bolibiarra maite dugunok badugu zer ikasi bertatik eta era berean hainbat gogoeta egiteko aukera ere. Kulturgintza ezkerraren betiko kezka izan ohi da, nola gauzatzen da hori ordea? Bertan egindako lagun batek hainbat gauzekin kritiko agertzen zen, zioen "Eventitis" batean sartua zegoela prozesoa, alegia, sekulako eventoak egiten zituztela, diru asko gastatuz, baina gero behe mailan, oinarrian arazo handiak zeudela. Eta honek zer pentsa ematen du. Ezkerrak ez ote ditu eskubiaren eredu berak errepikatzen kulturaren antolamenduan? Nola bultza eta indartu daiteke kulturgintza ez bada oinarri sendoak landuz, "ekitaldititisak" alboratuz? Herri baten kultur bizitzak eta garapenak ez dituzte ekitaldi handiek osatuko, baizik behe behetik lana bultzatuz, oinarri sendoak bilatuz; agian ez dira hain "arrakastatusak" izango, ez dira mediatikoak izango, ez dute sekulako oihartzuna izango, baina askoz ere horizontalagoak izango dira. Ekitaldi handiek beheko dinamika horiek indartzeko eta bultzatzeko ez badira, anekdota hutsak dira. Horregatik handia iruditu zitzaidan aipatzen ari garen jaialdia, oihartzun handirik gabe, izpiritu horrekin blaituta zegoelako. Mucucuento jaialdiaren arrakasta litzateke, ipuin kontaketaren nolabaiteko motorra bilakatzea, armiarma sare baten moduan zabaltzen joatea, eskola, auzo, elkarte, herri, ezberdinetan ipuin kontaketaren grina sartuz.
Eta horregatik itzuli nahiko genuke. Mucucuentora. Venezuelara.


2008(e)ko urriaren 12(a), igandea

Los primeros americanos segun Eduardo Galeano

Nork dauka ezer ospatzeko urriaren 12an?

2008(e)ko urriaren 7(a), asteartea

Euskal Kontalarien III Festa


Getxo Kontari 06 eta Bazen Behin...Aramaion 07 ospatu ondoren, euskal kontalariok hirugarrenez lortu dugu gure festa antolatzea: Bazen Behin...Pasaia Donibanen 08. Hiri girotik, mendialdera eta aurten itsas bazterrera jo dugu. Eguraldi ederra lagun eta Pasaia Donibaneren edertasunarekin gozatuz, Euskal Herriko hainbat txokotako hogeita bost kontalari bildu ginen bakoitzak bere ipuinak eskainiz, norberak bere estiloan. Ezin ahaztu Kantabriatik etorritako Alberto Sebastian bertakoak bezala animatu baitzen kontu kontari. Eguerdian hasi zen festa, itsasoa eta mendiaren artean luzatzen den kalean barrena sakabanaturik erakusketa ezberdinak eskaini ziren. Ipuin poteoan, ipuinen orakuloan, ipuin txokoan, ipuinen fabrika, ipuin musikatuak eta txalupan igota Pasaiako badian paseatuz ipuinak olatuen kulunkan, entzun ahal izan ziren kontakizun ederrak.
Bazkari ederra eta goxoa (entsalada epela zorgarria, marmitakoa mundiala eta gazta fina) ere aukera polita izan zen kantari eta kontari aritzeko. Itsas Mendi elkartekoei eskerrak behin eta berriro eman genizkien hain harrera ona egiteagatik, eta halako bazkaria prestatzegatik. Elkarteko txistulariei beste hainbeste, ipuin poteoa txistuaren doinuaz alaitu baitzuten. Eta berdin Albaola untziolako lagunak inongo arazorik gabe beren txokoa eskaini baitziguten ipuinak kontatzeko.
Arratsaldean paseo polita eta ederra egin genuen itsas bazterrean nahiko jende bilduta. Albokaren doinuaz abiatu eta tartean ipuinak kontatuz, ingelesez ere entzun ahal izan zirelarik. Bazkal osteko osteratxo ederra, siestaren faltan. Eta ondoren, txoko ezberdinetan ipuinak entzun ziren. Bisitariek bapatean topatu zituzten kontalariak euren artea erakusten. Ilunabarra heldu zelarik amaiera ere heldu zen. Seguraski batek baino gehiagok amets goxoak izango zituen ipuinak gogoan.
Baina Euskal Kontalarien festa guzti hori baino askoz gehiago da guretzat. Festa honen bitartez euskal kontalariok geure burua ezagutzera eman nahi dugu, euskal arte eszenikoetan lanean ari den kolektibo bat garela aireratu nahi dugu, geure behar eta aportazioekin. Askotan ipuin kontalaritza haurrei zuzendutako jarduna moduan agertu ohi da, edo bestelako helburuak dituen jardun baten "osagarri" gisa. Gutxitan ikusten da ipuin kontaketa jardun artistiko gisa, berezkoa duen kultur jardun izaera, sormen artistikoaren eremuan. Kontalaritza gutxietsita ikusten dugu askotan dituen balore anitzak ezagutu gabe. Guzti horren aurrean kontalariok gure ahotsa ezagutarazi nahi izan dugu, Festa hau bide bat da, gainera ondoen dakiguna ibiliz, alegia, ipuinak kontatuz. Kulturaren beste arlotan bezala, arazoak handiak dira gurean ere: lan baldintzak, programazioetan irizpide eskasak, ezezagutza... Hala ere, negar malkotan hasi baino nahiago dugu festa antolatu, istorio ederrak kontatu, hitzaren magian murgildu, irudimenaz busti kale kantoiak eta arimak.
Eta Pasaia Donibanen egon ez zirenak ez dakite zer galdu zuten. Eta han egon ginenok badakigu logika bat dugun bezala, fantastika bat bagenu, imajinatzeko artea deskubrituko genukeela.
Hala bazan, hala bedi.







2008(e)ko uztailaren 8(a), asteartea

Pam-Pam txoria








Pensa Kalahari osoko ehiztaririk onena omen zen. Etxera animalia gizenak eramaten zituen, eta ondo mantentzen zituen senitartekoak.
Hala ere, Pensa ez zegoen pozik. Txori bat omen zegoen, Pam-Pam txoria, harrapatu ezinean zebilena. Txori horren buztaneko lumak ezin egokiagoak ziren bere gezientzat. Gezi bakoitzak txori bat bezain ongi egingo zuen hegan. Baina Pensak ez zuen lortzen Pam-Pam txoria harrapatzea.
Pensa herriko txamanarengana joan zen. Laguntza eskatu zion:- Mesedez, esaidazu nola harrapatu Pam-Pam txoria. Bere lumak behar ditut nire arkuarentzat eta gezientzat. Zein da harrapatzeko modurik onena?Txamanak erantzun zion:- Hoa eta su bat piztu ezak. Zomorro guztiak sutik ihes egiten dutenean, txikiena harrapatu. Tranpa bat egin eta bertan utzi ezak zomorro txikia. Berak erakarriko du Pam-Pam Txoria.
Pensak, ordea, ez zekien txamana eta Pam-Pam txoria lagunak zirela. Pam-Pam txoriak askotan bisitatzen zuen txamana. Kontu kontari aritzen omen ziren. Adi egon- esan zion txamanak Pam-Pam txoria etorri zitzaionean-. Ehiztariari hi harrapatzeko modua esan zioat. Basamortuan su bat ikusten duanean, hoa hegan. Ikusteko irrikan nagok zuetako nork irabazten duen.
Pensaren tranpan zegoen matxinsalto gazte goxoa ezin izan zuen bertan utzi Pam-Pam txoriak. Ziztuan hegan jaitsi eta bere mokoaz harrapatzea erabaki zuen.
Pensak Pam-Pam txoriaren oihua entzun zuen:
-Pam-pam! Pam-Pam! Pam-Pam!
Pensa lasterka abiatu zen tranparantz. Txoria harrapatuta zegoen!
Pam-Pam txoriak askatzeko erregutu zion.
- A, ez! – esan zuen Pensak-. Aspalditik harrapatu nahi haut. Gaur nirea haiz! Hire lumekin nire geziek airean ibiliko dituk hire moduan.
Pam-Pam txoriak oihu egin zuen:



-Hiltzen banauk, luma horiek hondatzen direnean ez duk besterik izango hire gezietan jartzeko, ni hilda egongo bainauk. Utz nazak libre eta hitza ematen diat ilargi zahar guztietan lumak emango dizkiadala.Pensak gogoeta egin zuen. Bai- onartu zuen-, egia da Pam-Pam txoriak dioena. Orain hiltzen badut, ez zaizkio luma gehiago aterako.Pensa ados zegoen tratuarekin. Baina, lehenengo txoriaren buztanetik luma eder batzuk hartu zituen.
Pam-Pam txoria zuzenean joan zen txamana bizi zen lekura eta gertatutakoa kontatu omen zion-Tje-the –barre egin zuen txamanak-. Ikusi diat erronka biok irabazi duzuela. Pensak bere lumak lortu ditu, eta hik hire askatasuna.Pensa etxera itzuli zen eta gezi berriak egin zituen.




Jendeak bere gezi berriak ikusi zituenean esan zuen:
Oooo! Begira horko ehiztari hori! Bere gezietan Pam-Pam txoriaren lumak daramazki. Orain ondo ehizatuko du eta janari hobeagoa ekarriko digu. Ospa dezagun bazkari handi batekin
Gau hartan, txamanak dantzaren buru jarri zen, jendeak ehiztariaren garaipena eta Pam-Pam txoriaren askatasuna ospatzeko antolatu zuena.





Pensa Manungu-k, !xun ehiztari zahar batek, oso gustukoa du ipuin hau kontatzea. Dio mintzatzen zaigula inguruko baliabideak banatzen ikasten duen ehiztari batetaz. Behar duzun baino gehiago hartzen baduzu, naturaren ugaritasuna hondatzen duzu. Baina Pensa Manungu-k dio ere, bere ipuinak barre egiteko direla eta ondo pasatzeko; denek ez omen dute gauza bera entzuten ipuin batean.




Ipuin hau Kulimatji Egitasmoaren baitan bildua da, South African San Institute (SASI) erakundearekin elkarlanean egindakoa, !xun herriaren ipuinak jasotzeko asmoarekin.
Guadalajarako XVII ipuin maratoian aurkeztu zituzten Kapilolo Mario Mahongo eta Marlene Sullivan Winberg. Gaztelaniako itzulpenaz Jose Manuel de Prada Semper arduratu zen. Azken honek ipuin hauek argitaratu ditu "La niña que creo las estrellas" liburuan (Edit Lengua de Trapo)

2008(e)ko uztailaren 6(a), igandea

Ubedako X Ipuin Jaialdia



Aspaldian agertu gabe baina aurten ezin hutsik egin, hamar urte baitira Ubedan, olibondoen artean, ipuin jaialdi ederra antolatzen dutela: En Ubeda se cuenta. Hamar urte dira Malion taldeko jendeak, baliabide urriekin bada ere, beren herrian halako kultur ekitaldi garrantzitsua antolatzea bururatu zitzaiela. Eta ondo antolatu gainera. Herriko leku ederrak tartekatuz, haur zein helduentzat kontaldiak bereziz eta kontalarioi egun batzuk primeran pasatzeko auekra emanez. Izan, ere jaildiaren erakargarritasunaren alde garrantzitsuenak dira antolatzaileen lanerako ahalmena eta modu berean kontalarioi harrera bikaina egitearena; horrexegatik agian, hurbiltzeko ahaleginak egiten ditugu hamar urtetan bildutako kontalariok, batzuk ia urtero, beste batzuk ahal izan dugunean. Ubedara hurbiltzea egun batzuk lagunartean pasatzea da eta ipuinak entzuten eta kontatzen, eta ikusten nola ideiak garbi baldin badaude eta lan horrekin zintzoak izanda bidea askoz interesgarriagoa da.

Eta halaxe pasa genituen laupabost egun. Bero, hori bai, kixkaldu beharrean, izerdi patsetan, kontentu hala ere. Eta lehenengo ekitaldian asteazkenarekin, "La beltraneja" tabernaren patioan ipuin kontaketaren egun historikoa gertatu zen, bertan aurkeztu baitzen jende aurrean lehenengo aldiz "Kontalaritzaren mugimendu neo-post-hippya". Domingo Chinchilla valentziarra eta ni neu kontaketa saioa elkarrekin genuela aprobetxatuz ezagutzera eman genuen gero eta atxikimendu gehiago duen mugimendua. Ezaugarrien artean kontaketa beraren hasieran azaldu zen. Askotan ipuin saioak kontalari bat baino gehiagoren artean eman ohi da, gau horretakoa esaterako; orduan erabaki behar izaten da nor hasi; mugimenduaren proposamen berria da hastea une horretan zerbeza botila hustuena duena. Auretik, dena dela, beste ekintza sinbolikoa burutu zen. Apaingarri gisa jarri zuten lore sorta bistatik kendu, mugimenduak ez baitu ostentaziorik egin nahi, baina loreak atzekaldean jarriz, guztiz desagertu gabe, diskrezioaren aipamen bisuala egin nahi izan zen, apaingarriak eta estetiakren garrantzia onartzen da baina diskrezioz, bigarren maila batean, kontalariei zein une artistikoari erabateko garrantzia emanez.
Esan beharra dago ikusleen aldetik erabateko onarpena izan zuela mugimenduaren aurkezpen hau eta ondotik etorri zen ipuin saioa, non "Kontalaritzaren mugimendu neo-post-hippyaren" bestelako aldarrikapen eta ezagugarriak erakutsi ziren, emozioz beteriko uneak erakutsi zituen, hainbestekoak, ze emakume batek zorabiatu ere egin baitzen. Espero dezagun bizitza laburra izan dezala sortu berria den proposamen estetiko-artistiko-ludiko-militantea den hau.
Bestalde, eta jaialdiari dagokionez hitz ederrak baino ezin eskaini antolatzaileei. Hasteko lan gutxi jarri zigutelako eta erakutsi zuten antolatze gaitasunaz gain, oso oso jatorrak direlako, eta azken honek bakarrik datorren urtean iztultzeko grina gelditzen zaigu. Lastima erreta agertzea AMlion taldeko antolatzaileek. Izan ere halako ekitaldiak ez baitute merezi duten arreta, nahiz eta iksuleak primeran erantzun eta herritarren aldetik harrera ezin hobeagoa izan. Baina instituzionalak ez diren kultur ekintzak erreztasunak baino zailtzaunak izan ohi dituzte aurrera egiteko. Antolatzaileek ez zekiten datorren urtean indarrik izango ote zituzten hamaikagarrena antolatzeko, zalantzak zituzten. Dena dela, euskaraz esan ohi den moduan, hamaika ikusteko jaio gara, eta baikorrak izan behar dugu.
Eta honaino jaialdi polit eta eder baten kronika. Ez zaretela ezertaz enteratu? Bueno, orduan badakizue, Andaluziako Ubedan datorren urtean zuzeneko informazioa jaso dezakezue.

2008(e)ko uztailaren 4(a), ostirala

XVII Guadalajarako Ipuin Maratoia




Ekainero bezala ipuin zaleok Guadalajaran (Espainia) dugu zita. Izan ere bertan ospatzen baita Europako ipuin jaialdirik garrantzitsuenetako bat. Liburutegiak antolatuta izugarrizko jaialdi herrikoia bihurtzea lortu dute, betiere hitza nagusi. Aurten hamazazpigarren edizioa izan dute eta Afrikara dedikatu nahi izan diote. Humanitatearentzat bezala, kontalaritzarentzat Afrika guztiaren hasiera omen da. eta ipuinak kontatzea eta entzutea maite duenak bazuen bigarren aitzakia Gaztela-La Manchako hirira agertzeko.


Eta ez ginen damutu. Aurten inoiz baino beltzago izan zen Guadalajara, edo behintzat iluna, edo beltzarana. Eta guretzat beltza heriotzaren edo desgraziaren kolorea bada, beste kultura batzuetan, Afrikakoak hain zuzen, beltza bizitzaren kolorea da eta txuria, berriz, herioarena. Hezur zuritan gelditu ez da gauza gozagarria; lur beltzak aldiz uzta ezin hobeak. Eta istorio ederrak entzun bagenituen ere alde guztietatik, niretzat behintzat liluragarriena Kapilolo Mario Mahongok saioa izan zen. Kapilolo Hego Afrikan dagoen !Xun herrikoa da, San hizkuntzetako batean mintzatzen delarik, guretzat boskimano bezala ezagunagoak. Kulimatji egitasmoa ezagutarazi ziguten Kapilolok berak eta Marlene Sullivan Winberg-ek, Jose Manuel de Prada ikertzaile eta biltzailearen eskutik. Kulimatji !xun hizkuntzan "gure istorio zaharrak kontatu" esan nahi omen du, eta egitasmoa horren xede nagusiena herri horren kontu zaharrak biltzea da. Ederra da Guadalajaran banatu zituzten fotokopietan, ipuinekin batera Kapilolok idazten duena. "Lur gaineko inongo herrik ezin du bere istoriorik gabe bizi. Zure istorioa kontatzeak egiten zaitu pertsona humanoa, zure humanitatea zure kontakizunetik sortzen baita, zure iraganetik. Izaki humanoa izatea bizitza espirituala eta fisikoa izatea da. Ezin dugu uzti bi errealitate horiek bakoitzak bere aldetik joaten. Ez. Elkarrekin ibili behar dute, eskutik, halaxe izan baikinen sortuak".


Paper horietan hainbat ipuin oparitu zizkiguten eta zorionekoak zuek leku honetan euskarara ematen saiatuko bainaiz. Ipuin ederrak eta liluragarriak, mundua leku zoragarria dela erakusten digutenak, batzuk izorratu nahian badabiltza ere. Baina han, urrutian, hemen bezala, Euskal Herrian, hitzak erakusten digu mundu hobeago bat imajina daitekela.


Eta Guadalajarako Maratoiako antolatzaileei esker ona baino ezin dizkiegu eman ipuin zaleok urtero jaialdi eder horren oparia egiten digutelako. Datorren urtean hemezortzi urte beteko dituzte, adin nagusikoak bihurtuko. Oparia guk egin beharko diegu, merezi dute eta.