2015(e)ko abuztuaren 27(a), osteguna

Saguzaharraren kilimak

         Gizonek emakumeei maskarak lapurtu zietenean boterea hartu zuten. Eta emakume haien alabei sinestarazi zieten horrela izan zela beti, eta haien alaben alabei, eta alaben alabei… Amazonian kontatzen dute hilekoa gizonezkoek zutela lehen, euren hamakatan gelditu behar zirelarik zakil puntatik odola zeriela, emakumeak errekara dibertitzera joaten ziren bitartean,. Gero aldatu egin zen. Boterea gizonezkoak hartu zuteneko kontu zaharrak dira. Emakumeenganako bortizkeriarekiko kezka munduko kultur guztietako ipuinetan agertzen da. Euren emazteak hiltzen eta jaten zituzten gizonena alde guztietan kontatu izan dira. Ipuin latzak, gertaera bortitz eta onartezinak salatzen dituztenak. Gizonen boterea emakumeei kalte egiteko erabili izana salatzen dutenak. Inuiten ipuin batean gizon batek bere emazteak jaten zituen, baina horietako batek ihes egitea lortu zuen. Etxe batean eman zioten babesa. Gizona heltzean, etxekoak emakumearen alde daude. Orduan, ezkutatuta zegoen lekutik irten eta lantza batez emakumeak gizona hiltzen du. Eta fini.

         Saguzahar bat gerlari baten arropa artean sartu eta kilimekin barrez makurrarazi zuen, bere indarra kenduz. Ordutik emakumeek eta haurrek bakarrik zuten barre egiteko baimena. Herriko festetan saguzaharrak behar dugu izan. Eta lantza bat?


2015(e)ko abuztuaren 26(a), asteazkena

Lekuen Lilura

            Badago nonbait leku liluragarri bat. Ur gardeneko errekak harrien artean zirimolaka badoa. Zuhaizpeko murmurio amaigabea. Lasterka. Orduan, atsedena hartzen du, putzu sakonean. Eguzkiaren argia zuhaitzen artean irristatzen da. Zelai txiki bat. Lasaia. Ur putzu gardenean sar zaitezke, sentitu uraren hotza udararen beroan. Ondoren, belar leunean etzan. Eta entzun. Natura entzungo duzu. Bihotzaren taupadak. Haize epelaren laztana. Pentsamenduek naturaren erritmoan ariko dira. Arnas sakona. Errekaldean zerbait sumatzen duzu orduan. Belarrean etzanda presentzia bat nabari duzu.  Harrituta ikusi duzu emakume ederra erreka ondoko harri batean eserita, ile luze gorria urrezko orraziarekin orrazten. Eguzki izpiek argitasunezko agerraldia jarri dute zure begiradaren aurrean. Beregana zoaz jakin minak jota.

            Uda garaia bidaien eta esperientzien garaia omen da. Bada, ordea, ia etxetik irteteko aukerarik ez duena. Badira haurrak karitateko otorduak egiten dituztenak. Badira uda garaia negu gorria izaten dutenak. Non dira hauen leku liluragarriak? Non lasaitasuna eta une gozagarria bizitzeko aukera? Karitatea baino, elkartasuna eskaini behar da. Istorio eder baten eskaintza leku liluragarrietara bidaiatzeko oparia da. Mundua bestela izan daitekeela imajinatu. Eta aldatu.

GARA egunkarian argitaratuta

2015(e)ko abuztuaren 1(a), larunbata

Oporren iruditeria

Urrutiko hondartza ezezaguna, ur urdin gardenaren epela, itsasertzan eguzki gori erraldoia, haize nagiak azala laztantzen. Denbora geldirik.Une hori baino ez dago. Eguzkia apaltzen doa. Itsasoa kixkaltzen. Eta bizitzak beste zentzu bat hartzen du. Mendi puntatik munduaren zabala oinpean. Lurralde zimurra. Gain honetan harri soilek bizitzaren biluztasuna ekartzen dute gogora. Behean zuhaitzen eremu amaigabea. Eguzkia lur azpiko premura doa, esne eztizko ibaiak argitzera. Hodei zantzuek zeruaren urdina zartatzen dute. Haize leun epelak azala kitzikatzen du. Begi ninietan mundua ageri da. Arnasa geldotzen. Gorputza lurrari lotzen. Goiza beroa luzatzen da, esnatzea luzatuz. Alferkeriak hartu du gorputza, haize beroa gorputz biluzian biltzen da. Denbora desagertu da. Amets gozoetan galtzen da gogoa. Esku batek ondokoaren azala laztantzen du, geldo, arin. Moteltasunak hartzen du mundua.
Oporrek gure iruditeria elikatzen dute. Imajinario horretan gabiltza murgilduta, oroimenaren harira. Kontalariak iruditeri horiek elikatzen ditu, irudimena oporretan jarriz, mundua beste begi batzuen bidez irudikatzeko. Errealitateari aurre egiteko. Oporrek bezala, kontakizunek mundua imajina arazten digute. Zertarako bada oporrak, gero ez badira kontatzen?