2015(e)ko ekainaren 17(a), asteazkena

Ipuinen laztana

Norbait ipuin bat entzuten ari da. Bere ondoan laupabost lagun berdin ari dira. Euren aurrean beste bat istorio liluragarria kontatzen. Agian, ipuinak maitasun istorio ederra darama bere baitan; edo bidaia zoragarria. Agian, neska ausarta bizi da ipuinean eta munduaren beste aldera abiatu da eguzkia esnatzeko asmoz. Edo mutiko malenkoliatsua mundua begiratzen du lehiotik, abentura zoragarriak imajinatuz. Entzuten ari diren lagunek euren ipuin propioa osatzen dute beren baitan. Euren burua ikusten dute gutun ederrak idazten munduaren bestaldean gelditu den maiteari. Imajinatzen dituzte lurralde harrigarriak eta elkartze ahanztezinak. Lagun kontalaria aurrean dute ipuina ahotsean, keinuetan, mugimenduetan biziaraziz. Oporto botila kopa txikietan egiten du bere bidea. Eta, beharbada, esku bat beste esku bat laztantzen ia oharkabeak. Eta laztan leun horietan ipuina batetik bestera igarotzen da, lehen bi entzule zirenak bat bihurtuz. Lagun kontalaria istorioan murgilduta dabil igerian, zetazko irribarreen itsasoan, aurpegi dirdiratsuen argitan. Eta orduan, dena da posible.
Uda partea bidaien aroa izan ohi da, lagun berrien ezagutzea, istorio harrigarriak bizitzekoa. Guztiak geure oroimenean leku bat hartuko dutenak, geure bizitza osoan lagun. Eta nonbait, norbaitekin, norbaiten ipuina entzunez gero, bidaia liluragarria izango dugu. Eta esku baten laztan leuna.

GARA egunkarian argitaratutakoa

2015(e)ko ekainaren 2(a), asteartea

24/7

Kontu zaharretan denboraren erabilerak badu ametsen denborarekin zerikusirik. Ez dugu aurkituko ez batean ez bestean, errealitatean bizi dugun denborarekin bateratasunik. Ipuinetan zein ametsetan denborak bere agerpen propioa dauka, denbora fantastikoa dela esan dezakegu, elastikoa, ez logikoa. Baina era berean erreala da bere horretan, benetakoa bezala biziko dugu. Ipuineko protagonistak urtetako bidaia egingo du momentu batean, eta abiatutakoan bezain gazte itzuliko da, denbora bere baitatik pasa izan ez balitz bezala. Ametsetako gertaeretan orduetako edo egunetako iraupena, bost minututakoa izango da esnatzearen denboran, baina benetakoa bezala bizi izan dugu amestu bitartean. Eta kasu batean zein bestean denbora hori gure kontroletik at emango da, eta aldi berean gurea izango da, gure imajinazioarena.
Jonathan Crary irakasle eta idazle estatubatuarrak gogoeta interesagarria egiten du gure existentziaren denboraren kolonizazio merkantilistaren gainean.  24/7 formula aipatzen du( 24 ordu, 7 egun) denboraren edozein tarte merkatu balore gisa hartzearen sinonimo bezala. Aldiz, hortik kanpo uzten du ametsa. "Ametsaren alderik liluragarriena da, berarengatik ezin dela inolako moneta balorerik atera". Ametsak eta ipuinak esango nuke nik. Jende humanook badugu saltzerik ez dagoen zerbait, gure imajinazioaren denbora. Erloju fantastikoaren orratzek errealitatea aldatzeko balio erantsia dute.

GARA egunkarian argitarautakoa