2013(e)ko azaroaren 27(a), asteazkena

Bertsoa vs ipuina

Behin, Hendaiako Ikastolaren eskutik, bertsoak eta ipuinak aurrez aurre jartzeko aukera ederra izan genuen, Amets Arzalluz bertsotan eta ni kontaketan. Prozedura sinplea zen, batak besteari erantzun behar genion bakoitzak bere eremutik. Arrunt interesgarria, baina era berean zaila. Ipuin bat kontatzen hasi nintzen, ondoren ipuinari bertsotan erantzun behar Ametsek, eta segidan nik beste ipuin bat hari erantzuten. Eta joan etorri honetan egin genuen saioa. Tarteka izerdi hotzak errekorritzen zidan bizkarra, bertsoa entzun bitartean zein ipuin kontatuko ote nuen erabakitzen eta buruko ganbara hankaz gora jartzen. Pentsatzen nuen bertsolariak errazago izango zuela,  bestelako inprobisaketak aritzen baitira; ordea, Ametsek komentatu zidan berarentzat ere konplikatua zela ipuina entzun bitartean zeri heldu bertsoa osatzeko ondoren. Beraz, biontzat ariketa ederra bihurtu zen lehia, ahozkotasuna puri purian landuz.
Bertsoa eta kontaketa ahozkotasunaren ikur nagusiak izango dira seguraski, bata erriman eta bestea prosan garatuz, baina beti ere mundu berdinaren azalpen artistiko aspaldikoak. Ahozkotasuna mendetan eta mendetan jendarte baten adierazbide bakarra izan dugu, eta ahoz aho hainbat jakinduri transmititzen joan dira, are gehiago euskaldunon artean, gure hizkuntzan alfabetizatzea ukatu izan zaiguna. Bertsogintza zein kontalaritza jakinduria horiek transmititzeko tresna izateaz gain sormen artistikorako tresna garrantzitsuak izan dira. Gaur egun, ahozkotasunaren bi azalpen artistiko hauek garaikidetasunera heldu dira eta bide horretatik ekiten diote, alegia, ez dute garai bateko funtzioa betetzen bere osotasunean, beste edozein sormen artistikoaren bidetik abiatzen baitira. Biak elkarren aurrean jartzea, ahozkotasunaren indarraren isla litzateke.

2013(e)ko azaroaren 12(a), asteartea

Programatzen

Ezaguna da programatzaile batzuen esana halako edo honako ikuskaria euren programazioan ez sartzeko: "nire publikoarentzat ez da egokia". Bati edo besti entzunik, garai batean konbentzituta nengoen leienda urbanoa edo izango zela; programatzaile bati entzun nion arte. Publikoaren iritziaren bereganatze hori bitxia da, are gehiago publikoa, guztia, homogeneitate estetiko batean sartuz, jakina delako publiko horri galdetu gabe. Gainera infatilizatu ere egiten da "izaki" kultural hori, ez baitzaio onartzen berez aukeratzeko izan dezakeen autonomia, beste batek, programatzailea alegia, askoz ere jantziagoa gai hauetan, zer ikusi edo ez ikusi erabakitzen duela. Halakoetan pentsatu izan non lor daitekeen publiko bat eta zenbat balioko duen, horrela erantzun ahal izateko, "lasai, nik nire publikoa ekarri dut". Onartu beharra dago baina, ez dela erraza kultur programazio txukun bat asmatzea.
Bestelako programazioak badaude ordea, zaletasunez egiten direnak, esaterako kultur taldeek egiten dituztenak, hauek ere gehien gehienetan diru publikoaren laguntzaz. Jakina, horretan aritzen direnei, ezin eskatu beste profesionalei eskatu behar zaien ardura, gustoz eta ordu asko sartuta debalde aritzen baitira. Hala ere, jakin beharko genituzke zein irizpideak dituzten halako edo honako kultur ekitaldia antolatzeko orduan, nola izan bestela kultur eragile kultur irizpideak eta, batez ere, kultur ekitaldien zale izan gabe. Eta askotan hauek ez daude hain garbi, izan ere klixe standar batzuk baino ez baitira erabiltzen.
Eta ipuin kontalaritza nola ageri da kultur programazioen anabasa honetan? Zein irizpide erabiltzen dira kontaketa saioak antolatzeko orduan? Programatzaileek ba ote dakite zer den kontalaritza? Joaten ote dira kontalariak ikustera? Programatzaileen publikoarentzat egokiak ote dira kontalariak? Egokiak ote programatzaileak kontalarientzat?