2013(e)ko urriaren 4(a), ostirala

Mutis

Behin, Cervantes sariaren ekitaldiak tarteko, ordurarte saritutakoen idazlanekin ipuin saioak egitea otu zitzaien Alcala de Henares hiri espainarrean egiten den ipuin jaialdian. Niri suertatu zitzaidan Alvaro Mutis idazlearen lanekin zerbait prestatzea. Maqroll el gabiero   narrazioak irakurtzen hasi nintzen, itsasoaren abenturek lilura izan bainaute beti, itsasondoan sortua izanik. Baina lanaz gain idazlearen bizitzaz jakin nahi nuen, lana pertsonarekin lotua izaten baita. Eta ia bere bizitza abenturazaleagoa iruditu zitzaidan bere idazlanak baino. Esso multinazioanalarentzat lanean ari zela, dirua "lapurtzea" kultur egitasmoak bideratzeko sekulakoa iruditu zitzaidan, bere narrazioen pertsonaia bihurtuz. Mexicoko Lecumberri kartzelan hamabost hilabete bete zituen desbideratze horregatik. Dena dela, etekina atera zion espetxeratzeari, Diario de Lecumberri idatzi baitzuen bertan. Hil berri da Mutis, baina bere lan zogarriez gain, pertsonaia bera gelditzen zaigu, niri behintzat.

Aldeak alde, nerabeentzat ipuinak kontatzera joan naizenetan, antzeko sentsazioa bizi izan dut, alegia, kontatutako ipuinez gain, ni neu pertsonaia bihurtzea euren begietan. Izan ere ipuinak kontatzea istorio bat baino gehiago baita, pasadizoak, gertaera eta bizitzako pasarteak ere tartekatzen dira narrazioan, horiek nolabaiteko ipuinak bihurtuz, kontalaria bera pertsonaia bihurtuz. Gazte horien begietan eta imajinarioan, agian niri Mutisekin gertatutakoa ez ote zaien pasatzen gelditzen naiz zalantzan. Zer geldituko da euren oroimenean, kontatukako istorioa ala kontalaria pertsonaia gisa? Ez ote gaitu batzutan irudi horrek gailentzen, harrapatzen? Edo beharbada kontalaritza elkartze horretatik sortuko da, alegia, istorioa eta kontalarien arteko sinbiositik. Maqroll/Mutis bikote fantastikoaren bidetik.

La Grande Oreille

Euskaraz belarri handia intsulto txikia da, haurrena. Belarri motza handiagoa da, eta latzagoa askotan. Belarriak, ezaugarri fisiko gisa, sudurra bezala esaterako, beste bati barre egiteko erabili izan dira. Baina, fisikoaz gain belarria, zentzu baten azalpen gisa ere agertu ohi da gure hizketaldietan. Belarri finekoa izanik, seguraski musikarako doaia izango dugu; txarrekoa bagara aldiz, hobe lagunartean ere ez kantatzea. Belarria zorroztu behar izaten dugu, entzuten ari garena ahalik eta ondoen ulertzeko edo somatzeko. Kontalariok belarriak erne izatea komeni zaigu, istorioak edonon ager baitaiteke.
La Grande Oreille, belarri handiko aldizkaria da. Kontalaritzaz aritzen den aldizkaria. Frantzian argitaratzen da duela hamabost urte, hilean lau aldiz. Frantziako kontalaritzan sona handiko jendea idatzi izan du urte hauetan eta, jakina, halako egitasmoetan gertatu ohi den bezala, jende askoren borodatez eta grinaz egin dute aurrera. Aldizkari txukuna eta zaindua, kontalarien istorioez gain, kontalaritzaren gaineko gogoetak eskaintzen dira, hain beharrezkoak bide berriak arakatzeko. Zoritxarrez kinka larrian dago, beste kultur bide askoren antzera. Laguntza eske dabiltza aurrera egin ahal izateko, beste hainbat kultur egitasmo bezalaxe. Aldizkariaren azken alean diote 1.200 harpidetza beharko lituzketela jarraitzeko. Logikoa den bezala frantsesa jakin ezean zaila izango da harpidetzea, baina elkartasuna ez da ekonomikoa izan behar derrigorrez, ez aldizkari honekin ez bestelako egitasmoekin. Kontalaritzak behar duen laguntzarik handiena ezagutzea da, kulturgintzan eta jendartean interesa piztea, bere lekua izatea.

Kontalaritzak gogoeta publikorako tresnak behar ditu. Kontalariek euren hausnarketak ezagutarazteko bideak behar dituzte. Belarri handiak behar dituzte, belarri finak, belarri zainduak; hitza garbi zabal dadin.