2012(e)ko maiatzaren 30(a), asteazkena

Hitzen perratokitik


         Udaletxeko plaza honetatik behera, hegoalderantz tipi-tapa joan eta joan, joan eta joan, joaten bazarete, beti gorantz, Zamalbide eta Bentak pasata, Listorreta eta Barrengoloiatik gora, Susperregi ondotik, ba, Idoiara helduko zarete. Jakina tipi-tapa beharrean, brum-brum abiatu nahi izanez gero berdin helduko zarete Idoiara. Norberak aukeran.
         Hortik aurrera, derrigorrez, oin bat bestearen aurretik jarraitu beharko duzue. Eta segituan, Malbazarreko lepora ailegatuko zarete. Han, goiz helduz gero, egun ederrean, udazkenean, edo berdin udaberrian, hegoaldera begira jarrita, han behean Ainarbeko basoa sumatuko duzue, ez ikusi, sekulako lanbro itsasoak ezkutatu eta gordeko baitu; bitxi preziatua kotoi bigun eta txurian gordetzen den bezala.
         Oraindik, ordea, ez gara heldu. Eskuinerantz hartuko duzu, eta azken aldapa malkartsua (eta madarikatua, zergatik ez) gainditu ostean, Urdaburu mendian zaude. Mugetako mendia; mendi apala eta harroa era berean. Eta Espronceda poeta erromantiko espainiarraren (bere buruaz beste tiro batez egin zuena, erromantiko totalaren arima erakutsiz)Pirataren Kanta poema ospetsuaren antzera (“Asia a un lado, al otro Europa…”), Urumealdeko lurrak eta Oiartzunaldekoak zabalduko zaizkizu, eder eta sendo. Iparrera begiratuz berriz, poema horretan bezala (“y allá a su frente Estambul”), Orereta eremu porlaneztatua izango duzu. Katalejo indartsua bazeneuka (Google earth modukoa) kasko zaharrerantz zuzenduko zenuke. Kasko zaharrean taberna batean sartuko zinateke. Eguerdi partean, edo, agian, ilunabarrean. Bertan egonez gero ikusiko zenuke sartzen, eta entzungo ere, agur luzearekin: “Aaaaaio!”, azken o hori ederki markatuz.
         “Basoerdi bat, normala, arrunta. Zer egingo diogu ba, hau ere behar da, pozteko pixka bat, badakizu”. Hitzak motel, arrastaka bezala, erremerre, ahul antzera botako ditu. Imajinatzen duzu patrikan paper puxka bat, edo bi, izango dituela. Bertan poema bat eta olerki bat. Poema erdaraz. Olerkia euskaraz. Poemak porlana, asfaltoa, fabrika, langileria eta kalea hitzak izango ditu, segur aski. Olerkian, beharbada, mendia, natura, euskara, aberria agertuko dira. Bi mundu ezberdin balira bezala, bi hizkuntzetan, bi paperetan; patrika bakarrean ordea.
         “Bueno, joan beharko dugu, badakizu irratian badago zer eginik. Hori ezin da utzi!”
         Sta Klara kalearen amaieran bazen perratokia. Orain dela urte asko (edo ez hainbeste, badakizue, denboraren erlatibitatea…), burniak perrak bihurtzen entzuten zen, dinbilin-danbala. Behiak airean zapatak berritzen. Desagertu zen hura, ez ordea soinuaren hotsa, airean oraindik zabaltzen. Basoerdiaren ostean, hitzen perratokian, dinbilin-danbala, patrikatik papera atera eta, beharbada, nork jakin, Agustinek irakurriko zuen Urdaburu gainetik ikusitako munduaren eta bizitzaren lilura.

Agustin Sarasolaren omenez egindako ZNN jardunaldietan, Espaloietan Hitza ekitaldian irakurritako testua.

Profesionalak


Tarteka agertu ohi den eztabaida da, baina beti airean dagoena, profesionaltasunarena kontalaritzan. Nor ote profesional? Zer da profesionala izatea? Irtenbiderik gabeko bidea dirudi askotan, norberaren definizioa gailentzen delarik normalean. Hala ere, ez da makala auzia. Izan ere, bi aldetatik uler daiteke profesionala izatea. Alde batetik, kontalaritza ofizio gisa duenarena; eta bestetik, lana ondo egina izatearena. Askotan elkarren kontra daudela dirudien arren, batak ez du bestea kentzen. Baina arazoa ez da amaierarik gabeko eztabaida hau, bestelakoa baizik.
Zer gertatzen zaio, ordea, ipuin kontaketa ofizio gisa daukanari? Ofizioa diot bizibidea hori denean. Aipa genezake alde administratiboa, alegia, zergak eta horren inguruan ematen den auzia. Administrazio publikoa kultur mailan ia ugazaba bakarra den aldetik, zer-nolako baliabideak jartzen ditu kultur sortzaileen lana ahalik eta prekarietate txikienean egon dadin? Ikusi dugu, kultur aurrekontuak murriztu eta ordainketak atzeratu, esaterako. Hori guztia, labur esanda.
Bestalde, zer-nolako irudia dago zabalduta jendartean kontalarien gainean? Gutxi gorabehera ia denbora-pasa gisa egiten den jarduna eta batez ere, haurrak dibertitzeko baliagarria dena; eta jakina, horretan sos handirik ez du merezi gastatzea. Gainera hori ez da lana, afizioa baizik. Baina guztiok gure lana ahalik eta ondoen egin dezagun eskatzen digute, Jainkoak emandako ahalmena balitz bezala.
Profesionaltasuna, aipatu bi aldeetatik, guri eskatzea normala da. Baina gure aldetik ere «profesionaltasuna» eskatu beharko genieke gure ofizioaz ari direnei ere.

GARA egunkarian argitaratutako zutabea

2012(e)ko maiatzaren 15(a), asteartea

Oroimeneko Portuak


        Txikitatik maite izan dut Sanjuaneko plazan, edo Bonantza pasealekuan jarrita, merkanteak eta baporeak pasatzen begiratzea. Itsasoak lurraren barnera egiten duen kanal estu horretatik pasatzerakoan gertu gertu ikusten dituzu. Kanporantz doazela, bokanatik kanpo, pentsatzen duzu nora ote doazen, zein urrutiko lurraldeetara, zer nolako itsas bidaia izango dute itsasertzean galtzen direlarik. Eta sartzen direlarik, nongo notiziak ekarriko ote dituzte? Ternuatik garai batean etortzen ziren bouak, hilabeteak munduaren bestaldeko itsas izoztuetan eman eta gero, bakailaoez gain, kontakizun harrigarriak ekartzen zituzten. Ternuako itsas lanbrotsu eta izoztuan galdutako txalupan jasotako marinelarena esaterako.
         Kontalarioi egiten diguten ohiko galdera izaten da, ea nola demontre gogora dezakegu hainbeste ipuin. Nik, oroitzen ez ditudala erantzuten dut, buruan daudela, txokoren batean, eta behar denean irteten direla. Orduan, ipuinak bere bidaia egiten du eta hitzak dira ipuin hori daramaten baporea. Bestetan kontrako bidea egiten dute. Istorio bat beste baten ahotik entzun eta memoriaren itsas bide horretatik sartzen joaten da nire oroimenean lehorreratu arte.
         Ipuinak oroimeneko portuan imajinatzen ditut nik, noiz itsasoratzeko zain. Pasaiako portuan bezala, bokanatik aurrera itsas zabalera abiatzen direnean, badakizu zein den bere zama, badakizu zein beste portura doazen, ez dakizu, ordea, bidaian izango dituzten gora beherak. Kontalariaren lana izango da, lehorretik begira dagoenari itsasoan barrena doan ontzian igotzen gonbidatzea. Norberak bere oroimeneko portua izan dezan.