2011(e)ko maiatzaren 17(a), asteartea

Kalabaza argidunak

“Alegriako errepide zaharrean jartzen genituen guk halakoak. Kalabaza bat hartu, orduan edozein lekutan zeuden, barrutik hustu, kalabera bat egin labanarekin eta kandela bat sartzen genuen barruan. Gero errepide bazterrean uzten genituen iluntzean. Orduan, tarteka pasatzen zen kotxe bat, edo kamioiak. Argi hori ikusterakoan erdi-sustoa hartzen zuten, argiarengatik, dena ilun baitzegoen. Eta gu barre egiten genuen. Halakoekin pasatzen genuen denbora, orduan ez baitzegoen ezer gehiago”. Halakoxea bota zuen aitak lehengoan, bazkalostean, nik Anuntxi Aranaren “Euskal Mitologiaz. Jentilak eta kristauak” liburuan aurkitutako pasarte baten harira. “Garazin basajaunarena nola egiten zuten idatzi du Duny-Pétré-k: kuia bat hustu, kandela piztua barnean sartu eta gauaz bide bazter batean ezarri, handik pasako den beldurti batez irri egiteko”. Amari entzuna nion ere, Errenteriako Gaztaino auzoan, beraiek ere txikitan antzeko zerbait egiten zutela kalabazekin.

Hizkuntz transmisioaz ari gara askotan, hizkuntzaren katea eteteak dakarren galeraz. Gutxitan mintzatzen gara, ordea, imajinarioaren transmisioaz; belaunaldiz belaunaldi kultura batek eraikitako mundu fantastikoa galtzen uzteak homogeneizazio kaltegarri eta, batez ere, aspergarri batera garamatzan arazoaz. Egun, merkatuak transmititzen du fantastika, modu liluragarrian itxuraz, baina jendarteko kultur sozializazioa ukatuz.

Horren aurrean, agian, lehenengo urratsa galdetzea da, alegia, gure gurasoek, aiton-amonek, zer egiten zuten, zer kontatzen zuten, zer entzuten zuten jakitea. Ez iraganaren nostalgiaz, etorkizunaren irrikaz baizik.

Um Porto de Contos