2011(e)ko martxoaren 20(a), igandea

Ipuin poteoa




Aurtengo Ahoz-Aho nazioarteko ipuin jaialdiari hasiera ezin hobea eman genion Ordizian. Antolatzailea den Asvinenena kultur ekintzaileen elkarteko lagunei ez zitzaien ideia hoberik bururatu jaialdiari hasiera emateko tabernaz taberna eta kalerik kale ipuinak kontatzen aritzea baino, alegia, Ipuin Poteoa antolatzea. Ordizira heldutakoan Barrena Kultur Etxea kalabaza koloretsu eta erraldoiekin apaindua ikusi genuen, aurtengo lema aldarrikatuz: Hala Bazan, euskal ipuin askoren amaiera gogora ekarriz "hala bazan ez bazan...". Ideia polita eta zuzenean ipuinen mundura eramaten gaituena. Poteoari hasiera emateko lehenengo tabernan elkartu ginen Dororen gitarrari gehitu zitzaion Txeforen txarangoarekin, kantuan hasiz ipuinei lekua egin aurretik. Hasiera urduritsua izan arren berotzen joan zen arratsaldea eta azkenik ipuinak eta kantuak lotsarik gabe kalabazatik irteten hasi ziren Ordiziako taberna eta kaleetan. Doro Zobaran, Txefo eta Anduriña, Irantzu
Mantxo eta ni neu, tabernen barruan zein atarian hango eta hemengo ipuinak eskaintzen hasi ginen, bakoitzak bere estiloan. Hasieran jendeen harridurak ikusten ziren aurpegietan, baina laster batean ipuinen munduan sartzen ziren, telebistan ematen ari ziren futbolari gaina hartuz. Esperientzia polita errepikatu beharrekoa eta beste hainbat herrietan erepikatzeko itxaropenarekin.
Izan ere, ipuinak poteoan kontatzen aritzea hitzaren espazioa aldarrikatzea da gero eta gehiago telebistako kirol emanaldiekin, altabozetako musikaren diktadurekin deshumanizatzen ari diren hain sozialak diren tabernen espazioa. Tabernak ez baitira edateko lekuak besterik gabe, jendearen elkargunean dira batez ere; bertan hamaika istorio eta bizipen ematen dira. Informazioa trukatzen da,

eztabaidak sortu, maitasuna piztu, jendea ezagutu, liskarrak ere, jakina. Tabernak leku biziak dira, eta poteoan arituta kalearekin ere lotzen dira, poteoa ez baita taberna barruan ematen bakarrik kalerik kale jarraitzen baitu. Eta guzti horretan hizta da nagusi, poteokideek elkar trukatzen dituzten hitzak. Ipuinak espazio horretan sartzea, berriketarako eta elkartze espazioan sartzea da, berez ipuinen leku naturala, non pasadizoak, gertaera harrigarriak, psarteak, gertakizunak lagun artean trukatzen diren tragoak hartu bitartean. Ezin uka gune zaila eta gogorra dela ipuinak kontatzen aritzeko, zarata gehiegi, jendearen interes ezberdinak, normalean hitza ondo aditzeko tarba gehiegi, baina sorpresaz hartutako jende askoren aurpegietan irribarreak iksutea ipuinak entzun bitartean alferrikako apostua ez dela irudutzen zait, are gehiago iksuirik horietako batzuk hurrengo tabernara jarraitzen ikustea.
Esan bezala, amaiera ederra aurtengo Ahoz-Aho jaialdiarentzat, ondo pasatzeaz gain, ipuina bestelako esparru batera heldu arazi dugulako, eta eskerrak bai antolatzaileei, Asvineneako lagunei zein Ordiziako eta Tolosako Udalei honen aldeko apostua egiteagatik.
Hala Bazan ez bazan, sar dadila Kalabazan eta irten dadila...