2010(e)ko irailaren 27(a), astelehena

Kontalarien V Festa Bermeo

Kontalarien Festaren biharamuna


Eguraldia mehatxuan zebilen arren ederto pasa zen Bermeon bosgarren Euskal kontalarien Festa. Larunbatean euria, sirimiria eta haizea bazebilen ere, Klaustroaren aterpean eman genituen ipuinak. Aurten ipuinak helduentzat ere badirela aldarrikatu nahi izan genuen, eta primerako erantzuna izan genuen. Lehenengo olatua ederki hartu genuen. Euskal Herritik kanpoko gonbidatua ere izan genuen. Alberto Sebastian
kantabriarrak istorio bat eskaini zigun, nonbait Pasaia Donibaneko festan primeran pasa eta berriro bisitatu nahi izan gintuen. Datorren urtetan ez litzateke ideia txarra kontalari gonbidatuaren figura jartzea, kanpoko kontalari lagunak euren istorioak eskaini diezaguten, eta konpainia batez ere.
Igandean eguzkia ageri zen tarteka, hodei ilunak dena dela mehatxuka ibili ziren goiz osoan, baina ez ziren ausartu festa ederra zapuzten. Bermeoko txistulari eta irrintzilariekin hasi genuen eguna eta handik aurrera txoko ezberdinetan euskal kontalariok geure ipuinak barreiatu genituen. Ipuinen kontsultorioan eta Ipuinen orakuluan norbanakoentzat ziren ipuinak oparitzen ziren. Eta igandea izanik ezin txikiteoa utzi, txakolina errege; beraz ipuin poteoa ere izan zen, txistulariak alaiturik. Eta amaitzeko bazkari polita parte hartutakoen artean. Bermeotarrek egindako harrera eskertzea baino ez zaigu
geratzen, ipuinak ez baitira ezer entzun nahi duenik ez bada. Izan ere Festaren helburuetako bat ipuin kontalaritzaren mundua aireatzea baita, eta hainbat proposamen ezberdin daudela, kontalari bakoitzeko bat. Kaleetan, herri baten txoko ezberdinetan kontuak topatzea gure kaleei galtzen ari diren bizitza apur bat ematea baino ez
da. Kaleak, plazak, kantoiak imajinatu egin behar diraere, imajinarioaren sortzaile eta
suspertzaile izan behar dute. Eta herritarrak ipuin horren parte bihurtu.
Sorginen ipuinetan bezala, sasi guztien gainetik , eta laino guztien azpitik, aurtengo festa antolatu izan genuen. Izan ere, goraipatu ohi da ipuinen garrantzia kulturaren lurralde zabalean; gero ordea, trabak eta zailtasunak ez dira gutxi. Baliabide gutxi, hedabide askoren "ahaztura", ezezagutza. Baina bosgarren aldiz ospatutako ipuinaren festa hau, aldi oro, erakutsi du ipuingintza bizirik dirauela, proposamen interesgarriekin, jendearen arreta izaten dutenak. Agian, trabarik handiena, ipuin kontalaritzaren gainean dagoen ezezagutza izango da, batez ere helduen arloan. Pausoka, pauso txikiak, erakusten ari gara ipuin kontaketak bere lekua duela Euskal Herriko kultur bizitzan. Datorren urtean Araba aldera joko dugu, seigarren urtez euskaldun guztiak gonbidatuz, une batez sikiera, ipuinekin asteburu bat pasatzera.













2010(e)ko irailaren 16(a), osteguna

Laura gogoan


Jakizue, erle maiteok, ezer ez dela gehiago,
bil ezazue argizaria
bidea ilun ez dadin
beldurtu ez gaitezen bidean aurrera
argia behar baitugu.

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula,
ilargiaren distira ez baita nahikoa guretzat,
bila itzazue mendirik ederrenetako
lorerik usaintsuenak
liluragarrienak
zelai zabaletan hazten diren lili
koloretsuenak
argi alaia eta lurrintsua behar baitugu

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula,
ez itzazue ahaztu baina
kale zokoetan
porlanaren zirrikituetan
leku ilunetan
hazten diren lore umilak
nahi dugun argizaria
horien antza behar du ere
argia harroa izan ez dadin

Jakizue, erle maiteok, argizaria behar dugula
zuen laguntza ezinbestekoa zaigu
bihotza ilun ez dadin
elkar ikus gaitezen
zuek ere etxekoak zarete
horregatik zuengana etorri gara
laguntza eske
argitasuna izan dezagun.

2010(e)ko irailaren 15(a), asteazkena

Kontalarien V Festa Bermion


Hemen da berriro Euskal Herriko Kontalarien Festa. Boskarrenez bilduko gara hainbat euskal kontalari euskal kontalaritza zertan den erakusteko. Eta horretarako bururatzen zaigun modurik onena geure lana nondik nora den eskaintzea da. Urtero herri ezberdina aukeratzen dugu hitzaren festa ospatzeko. aurten berriro Bizkaia aldera itzuli garelarik, Bermeora. Irailaren azken asteburuan, 25-26, kostaldeko herriaren zokoak ipuinez jantziko ditugu. Larunbatean arratsaldeko 8etan Klaustroan izango da helduentzako saioa; aurten helduentzako kontakizunari indarra eman nahi izan baitiogu, ipuinak entzutea haurren gauza bakarrik ez dela erakusteko. Bertan laupabost kontalarik, proposamen ezberdinen erakusketa egingo dute.
Igandean eguerdiko 11etan Udaleko Balkoitik emango zaio hasiera festari. Eta hortik aurrera txoko ezberdinetan topatuko du bertaratzen denak era guztietako ipuinik, arratsaldeko 3rak arte.
Kontalariekin batera hortxe izango dira ere Bermioko txistulariak, trikitilariak, irrintzilariak, dantzariak eta beste hainbeste herritar, herri osoaren festa izatea nahi baitugu. Asteburu ederra izango delarik zalantzarik ez. Proposamen liluragarria benetan, mundu guztiari luzatzen dioguna. Aukera ezin hobea Euskal Herrian ipuin kontalaritza nola dagoen eta zein eskaintzak egiten dituen. Gurean ipuinak zien ahozkotasunak izan duten, eta duten, garrantzia goraipatzeko ere bada festa hau, izan ere ipuinak, leiendak, istorioak, gure kulturaren parte handia izan baitira, euskal imajinario propio bat sortuz, munduko edozein kulturaren antza. Egun Euskal kontalaritza mugimendua Europan ematen den mugimenduaren partea da eta ikusi besterik ez dago hainbat euskal kontalarik gure mugetatik kanpo egiten dituzten saioak. Bermeoko festa urrats bat da mugimendu horren indartzean.
Bermeo euskal ipuinaren festa bihurtuko da, aurretik Getxo, Aramaio, Pasaia Donibane eta Etxalar izan ziren moduan. Aukera eder hau nork galdu?


2010(e)ko irailaren 1(a), asteazkena

Greba egiteko arrazoiak

Ez gara luzatuko hemen krisi ekonomikoaren nondik norakoak azaltzen, argi daudela
uste baitut. Horren aurrean nolako erantzuna eta jarrera behar den askoz ere interesgarriagoa iruditzen zait azaltzea. Izan ere, halako egoeren aurrean inpotentzia izan ohi da nagusi, batez ere gaurko egunetan. Kapitalismoak halako eraso bortitz eta bihozgabearen aurrean egia da zaila dela erantzun eraginkor eta bateratua ematea; baina, zer egin bestela? Norberak bere lepoa nola edo hala zaindu? Ekaitza noizbait baretuko ote denaren itxaropenaz biziraun? Amorrua taberna zuloan aldarrikatu, urdailean zuloa ez sortzearren? Hamaika arrazoi topa dezakegu mundua hankaz gora jartzeko eta era berean etxean telebista aurrean gelditzeko; gauza da hutsean pasa behar ote dugun ezarri diguten krisi deabruzko hau.
Krisi egoerei aurre egiteko langile mugimenduaren mobilizazioak izan ohi dira erantzunaren seinale. Dena dela, ezin dugu ahaztu krisiek ez dutela bakarrik langileen egoeran eragiten, jendarte osoan baizik, beraz erantzuna jendarte osoarena beharko luke izan. Eta jendarte horren parte izanik arte eszenikoetan gabiltzanok zer esan izango dugu. Krisiak sektore produktibo eta finantzieroetan eragiten omen du, beraz arlo horren inguruan eman ohi dira erantzunak; zer gertatzen da ordea sormen artistikoaren eremuan? Kultur langileak non sartuko ote ditugu krisi honetan? Edo mundutik aparte dagoen jende "etereoa" al da? Jakina ezetz, are gehiago, krisi honek izugarriko triskantza egiten ari da arte eszenikoetan, antzerkigintzan batez ere. Baina badirudi isilean eramaten den eritasuna dela. Aktoreen artean berez bizi den prekarietatea, izugarrizko larritasunean sartu da. Lanik ez, diru sarrerak urriak edo inongoak, eta, gainera, babes sozial hutsarekin. Hori gutxi balitz, urtetan lortu ahal izan diren lan baldintzen hobekuntza kaskartzen ari dira, bai soldata aldetik zein bestelako baldintzetan. Ipuin kontalaritzan ere berdintsu. Ematen ari den egoera ikusita esan dezakegu antzerkigintza Euskal Herrian inoiz bizi duen krisirik larrienetakoan dagoela. Konpainiak desagertzen, programazioak hustutzen, ikusentzunetan lanik ez... Etorkizuna ilun ageri da.
Krisiaren eraginez arte eszenikoek bizi duten egoera honen aurrean ezin isilik egon. Bizirautearen kontua da, ez bakarrik horretan diharduten pertsonena bakarrik, baian baita ere kultura berarentzat. Halako unea, dena dela, ezin hobea dela, orain arte eman den kulturgintzaren eredua zalantzan jartzeko. Merkantilismo hutsunean antolatu den kultur egitura beste bide batzuetatik eramatea ezinbestekoa zaigu. Sortzaileen babesa derrigorrezkoa da hain goraipatua den kultura erakuslehio hutsa izan ez dadin. Eta horretako bertan gabiltzanok, krisia jasaten dugunok mugitzea baino ez zaigu gelditzen. Gure ahotsa altxatu, gure arrazoiak ezagutarazi, gure egoera erakutsi, guk ere krisiaren ondorioak jasaten ditugun langileak garela aldarrikatu. Makina bat arrazoi greba egiteko.