2010(e)ko maiatzaren 19(a), asteazkena

Axa mixa zilarra

"Ixtorio, misterio, pats!
Berrehun zorri eta berrehun partz;
buruan dituenak, eginen du hatz!"

Ipuinak kontatzea zer den ulertzerakoan, beste eragin garrantzitsuen artean, oinarrizkoa egin zitzaidan Gianni Rodari pedagogo eta idazle italiarraren Gramatikaren Fantasia liburua. Liburu horrekin ikasi nuen istorioak asmatzea batez ere jolastea zela; hizkuntzarekin jolastea, irudimenarekin, entzulearekin eta, batez ere, norbere buruarekin. Hizkuntza jolasa da, eta jolasa den unetik askea eta demokratikoa, alegia, guztien esku egon behar duena eta guztiengatik erabilgarria. Istorioen asmatzea eta kontatzea bezala. Jolas horretan partaide bagara imajinatzeko artea deskubrituko dugu; eta jolasa hori ezinbestez besteekin partekatu beharko dugu.
Jolas gisa argitaratu zuen J.M. Olaizolak Txilikuk, Axa Mixa Zilarra liburua. Amorrazioaren ondorioa da liburua. Libururaren sarreran azaltzen digu, nola iloba bati bere haur denborako jolasketarako aukeraketa egiteko, kunplitzeko, erabiltzen zuten formula kantatzen hasi eta ahaztua zuela ohartu omen zela:
"Zeharo ahaztu zitzaidan nola zen zozketa egiteko erabiltzen genuen kanta zahar hura!
Amorrua eman zidan. Lehenengo kontuak ahazten hasi zitzaizkidan!
Hori ezin zitekeen parte onekoa izan!
Horrela jarraitzen banuen denbora gutxi barru ahaztuko nituen ipuin zaharrak, igarkizunak, aho-korapiloak eta jolaserako erabiltzen genituen kantu, kontu eta gainerako istilu guztiak!
Zerbait egin behar nuen!"
Eta halaxe osatu zuen liburu eder eta jostagarri hori. Liburua ezagutzea eta gozatzea da egin dezakegun aholkurik onena. Baina ez da jolasketa soila. Uste dut gogoeta interesgarria eta arrunt baliagarria eskaintzen digula Txilikuk. Askotan ikusi izan ohi dut kontalaririk gehiegi kezkatzen hizkuntza formal eta zuzenarekin. Jakina, eskertzekoa da baina, bestalde, ipuinekin jolasteko alde hori bigarren mailan gelditu ohi da. Aipatu liburu hau berrirakurtzen jolasa horrek zenbateko garrantzia duenaren ideia ber-sendotu egin zait. Eta honekin batera prestaketaren garrantzia. Uste izan ohi dugu mintzatze soilarekin nahikoa zaigula zerbait kontatzeko jende aurrean. Beste esparru askotan bezala, hizkuntzan ere etengabeko prestaketa behar dugu, eta gogoeta. Ezagutu hizkuntzaren tradizioak, berrikuntzak, erregistroak, euskalkiak... Lanerako erabiltzen dugun tresna gero eta gehiago ezagutuz, sormen aukerak gero eta zabalagoak izango ditugu. Eta, era berean, gogoeta egin beharko dugu unean uneko erabili ohi dugun hizkeraren gainean. Orain dela gutxi lagun batek esaten zidan bera handitzerakoan kontalaria izan nahiko zuela, izugarri maite baitu ipuinak kontatzea. Ez diezaiogun eredu kaxkarrik eman. Azal ditzagun ipuin kontaketaren bide jolasgarriak. Ipuin kontaketa jolas serio dela ager dezagun; irriaren irrikitan jar ditzagun.